Olerkiak
Zigor Etxaniz
HAZPEGI
Ustekabean, neska,
zu agertzean
ez zait azaldu
ote zait ahitu
atzoko mina
ene barnean.
Bat-batean, neska,
ez dut gogoko ametsik
hazpegi jakinak urturik
zeure ezezkoaren atzean
paperezko irri geldia
galdutako argazki artean
oroitu ezinik hasia.
Ez dut nahi, orain,
ahaztu oroitzak berritu
alferrik galdutako egunen
txingar hitsak argitu,
itxaropenak ez baitu
etsipen besterik ekartzen
neregan, neska,
dolurik baino erditzen.
Ez ote nengoen, ordea,
hobeki,
diot batzuetan dudati
ene egunak zeudela
zutaz beterik osoki?
Zeure aurrean, motela,
berbarik gabe nintzela ?
GELDI
Gera hadi geldi, bai,
iraganaren kartzelan,
beldurti,
ez hadi mugi,
babo hori,
eguneroko bidean itsuturik,
ez dagoela biharra idatzirik
ez al dakik ?
Ez hadi mugi, ez,
gera hadi geldi
ta geratuko haiz atzean
atzoko ametsa lurrindurik
negar zotinen artean
egun berria ikusi ezinik
Atzera begiratu zertako
ahitu badira kontu zaharrak
betiko?
Ez iezaiok beldur izan geroari
geldo hori,
guztion onerako bada
orduan, zer hadi?
PITXIA
Eros iezadazu, kari,
pitxi eder hori
ta maiteko zaitut betiko
edo, behintzat, asko-asko.
Noiz arte ez dakit, ai,
baina orain baino gehiago,
hori bai.
Opari iezadazu, kari,
ñirñir eder hori
ta izango dira zuretzako
ene xerak urrezko.
Nola jakin nauzula maite
arituko naiz pentsatzen, larri,
ez baditut, besteak beste,
kajoi bat edo agian bi
hemen urre hori, han zilar garbi
eraztun da lepokoz bete.
Gogora ezazu, gizon,
benetan banauzu maite
alergia garestia dudala
zilarrak egiten didala
(urreak ez, ze zorion)
izugarrizko kalte,
azkura baitzait hasten
ta inguruan granoak sortzen.
Ez ote duzu nahi izango
horrelako nekea neretzako
ezta, kariño?
Orduan zeren zain zabiltza,
zurkaitz halakoa?
etzazu gehiago pentsa
ta aukera ezazu urrezkoa
presa dut eta…
ZIN DAGIT
Zergatik, neska,
ez dakit,
ene errua ez dela baina
zin dagit.
Zure begien barnean
izpi argien azpiko
hondoa beltza ikustean
errua ez dela neurea
zin dagit, maitea.
Jada ez badut ikusten
musu berdinen erdian
atzoko irria agertzen,
neska,
zergatik ez dakit,
baina errua zeurea ez dela
zin dagit.
Aspalditxo ez dagoelarik
geure artean zer esanik,
bakoitzaren lanean hustuak
isilune errudun mutuak
zergatik, andrea,
ez dakit,
baina errua ez dela geurea
zin dagit.
EGIA
Etzak egunkari bakarra leitu,
leitu itzak denak,
edo bota itzak, bestela,
zaborrera guztiak.
Etzak kate bakarra ikusi,
ikus itzak denak,
begiak josita,
belarriak itxita,
ta asmatuko dituk, garbiak,
diren gezur guztiak.
Etzak irrati bakarra aditu,
aditu itzak denak,
ezkerretik hasita,
bukaeraraino helduta,
ta entzungo dituk, agian,
egunen batean,
zikinak garbitzen etsita,
egiak gezurren atzean,
batean falta direnak, bestean.
Etzak aho bakarra aditu,
etzak iritzi bakarra onartu,
onartu itzak denak,
eta gero denak zapuztu
eta ahaztu,
ta hirea hondarretan eratu.
Gezurra baituk aditzen duanaren erdia
ta akaso izango duk egia,
aldrebes jarria,
gainontzekoaren erdia.
BUKATU
¿Qué puedo hacer si no puedo hacer nada
para acabar con algo que no acaba?
Los Planetas
Zer egin
desegin ez dadin
amaitzean?
Zer egin
bukatu ez dadin
apurtzean?
Hitzak ilunduz
berriro,
ukitu ahal gaitezen.
Gogapenak zikinduz
berriro,
zimurtu ez daitezen.
Arrastaka daramaguna,
nola bukatu
erabat
bukatzen ari dena?
Nola, segika dabilkiguna
joatean
akabatuko gaituena.
Zer esan
esatekorik ez denean?
nola egin orduan
aitzakiak bazaizkit agortzen
gezurra argitzeko
ta hiltzeko
berbetan bazaitut mintzen?
Desio geldoan zehar
ikusten ditugula
gogaiturik
zulo beltzaren mugak
aurrean dauzkagula
aurkitu ezinik
egiaren hitzak.
Barrua mozorrotuz
biharrarekin
gaurkoa itsutuz
azalarekin
eta ahaztuz.
Ez zaitudalako nahi galdu
hil zaiguna bukatzen
behar didazu
neska, lagundu
herdoildu dena ahazten.
LUZATU
Estira tu corazón hasta alcanzarme
Los Fresones Rebeldes
Luza ezazu
neregana bihotza
eta moldatu
maite banauzu
zeurea neurera
andrea
eta ez bestera.
Zinez diotsut
maitea
osoki nauzula zeurea
baina ez zuk nahi bezala
ordea.
Barkatu
ez banaiz aldatzen
buztinaren antzera
ta esazu
zergatik etorri zinen
bestela
bakar ta libre zinela
nirera.
JAINKOARENA
Quarken artean saltoka
kolore anitzen azoka
ziurgabetasunaren nerabe
Schrödingeren katua hilik
ala bizirik dagoenik
ez dakiela ere,
zuen Jainkoa txikiegia da.
Beso kiribilen magaletan
aurkitu ezinik gabiltzala
zulo beltzen ipurdietan
ezkutatu omen zaigula
kuasar zaharren urruneran
taupada setatsuen ikerle
izarren arteko alferrikako
gabeziaren egile
zazpigarren eguneko siestan
Piren bukaeraren bila
ametsetan dabilela
zuen Jainkoa txikiegia da.
Hasierako hiru minutu haietan
kiskali egin bazen zopan
zenbaki lehenen korapiloa
askatzeko ez badu gakoa
minus biren erroari izatza
ebaki ezinik ere, antza
hainbeste otoitzaren truke
seinale bakanaren eske
ene kontu korrontearen maila
altxatzeko ez bada abila
zuen Jainkoa txikiegia da.
IZAN
Izan naiz, naiz, izango naiz
Izan naizelako nintzena
izango naiz naizena,
izango banintz, ai, naizena.
Izan naizelako naiz
izan naizena naiz
izan banintz, ai, naizena.
Nintzena, naizena, izango naizena.
Nintzena nintzela naiz, naizena
nintzena naizela naiz, izango naizena
izango banintz, ai, nintzena
nintzena izango naizela naiz, naizena
izan banintz, ai, izango naizena.
ARROPETAN
Zuk nahi dituzun galtzetan
neska
ez naiz sartuko
nire joerak ez baitira nireak
ni baizik.
Gustuko dituzun alkandorak
ez ditut jantziko
nire gustuak baino
ez naizelako.
Atsegin dituzun filmak
ez ditut ikusiko
ez naizelako inoiz
zu izango
ta maite dituzun musikak
ez ditut entzungo.
Zer izango litzateke bestela
gurea
biok bagina izango
berbera.
Esaidazu arren
naizen bezala ez banaiz
orduan, neska
nor naizen.
