Baldea bete angula
Iñigo Fernandez
Hemen azaltzen diren leku eta izenak egiaz-koak badira ere, kontatutako istorioa eta tajututako pertsonaiak alegiazkoak dira. Egilearen asmamen hutsak ia oso-osorik.
Egileak
Idazle asko dabil ibaian. Hala ere, gutxi dira angulak harrapatzeagatik bainoago kresalaren gazi-geza dastatzeagatik joaten direnak.
F. Larrea
Ibai ondora joan ohi ziren biak paseatzera. Ibaian mareak bezala, gora eta behera jarduten zuten ibaiertzeko bidean; ibiltzeagatik bainoago berriketan egiteagatik, egia esateko. Kontu sakonak ibiltzen zituzten maiz, eta beren etengabeko jarioan lurreko eta zeruko kontuak uztartzera ere iristen ziren sarritan. Hala gertatu zi-tzaien inondik ere teologikoa zen gorabehera batean ados jartzen ez ziren egun hartan. Eztabaidaren muina honakoa zuten: solaskide baten ustez, hutsegite bakar batek ezin dezake kristaua deabruetara kondenatu; bestearen iritziz, ordea, infernua dastatzeko, nahikoa izan daiteke bekatu soil bat.
Argiak ziren oso elkarrizketa-lagunak, eta jakin bazekiten Liburu Sainduetaraino joan beharrik ez dagoela, kontu teologikoei buruz jarduteko. Argudioek inor konbentzitzen ez dutela eta, parabola antzekoak kontatzen zizkioten elkarri; beti ere ironiaz, erlijio kontuei ere aldarte onarekin egin behar baitzaie aurre. Batek, bere aburuaren zergatia azaltzeko, istorio bat asmatu zuen; besteak anguletara joan zenekoa kontatu zuen gero, bere ustearen alde egiteko. Azken honen istorioak ez dirudi bat-batean asmatutakoa, ezta hurrik eman ere; angularen inguruko gorabeherak aitzakiatzat hartuta, artegintzari buruzko gogoeta txiki bat ere egiten baita bertan. Horrela hasi zuen bere jarduna: “Lotsa ere ematen dit tamalez protagonista ni izan ninduen gertakari hura gogora ekartzea. Haren gainean jardun beharrean, hobe nuke denborari bere lana egiten utziko banio; hartaka, lehenago geratuko bailitzateke ahazturarenean zorigaiztoko jazoera hura. Baina, agian, nire oker hura nolabait ezabatzen saiatzeagatik kontatuko dut suertatu zitzaidana. Eta esan dezadan bidenabar: nire errua ezin ezaba badaiteke ere, bekatua barkatua izan zaidalakoan nago. Hala ere, ondo jakin nuen nik, bai, zer zen infernua”. Ibaira begiratu zuen. “Joan al zara behin ere infernura?” Lagunari galdera erantzuteko betarik eman gabe jarraitu zuen. Dela ipuinak bat-batekoan asmatzen oso trebea zelako, dela benetan gertatutakoa azaltzera zihoalako, gogotsu kontatu zuen istorioa.
Ate joka zen norbait, denak mende berriaren etorrera ospatzen ari ginen unean bertan; oraindik ez zuen azken kanpaiak jo eta ahoa bete mahats geunden. Senitarteko guztiak ateari begira zur eta lur gelditu baziren ere, nik banekien zein izango zen: Iker. Hau da elementua, hau! Hamabiak-ordubatak bitartean elkar ikustekotan gelditu ginen, egia zen, arrazoi zuen, baina oraindik amonari ere ez nion musurik eman-eta! Mareak ez zuela inor itxaroten eta berehalakoan joan behar genuela esan zidan, angula ordurako itsasoa atzean utzi eta Oria ibaian barrena izango zela eta presta nedila segituan. “Nikiak jantzi, eta ez jertseak”. Korrika eta presaka abiatu ginen ibaiaren bestaldera, han baikeneukan zain Xilberio txalupa.
Txapela eta txaleko goxo bat eman zizkidan arrantzale-ziren azpitik jantz nitzan, eta poltsikoan neramatzan eskularruak gordetzeko agindu zidan gero. “Angulak harrapatzeko eskuak biluzik behar dira.” Esandakoa azpimarratzeko asmoz, baldea eman zidan, erabat esku-hutsik ibiliko ez nintzela ohar nendin bide batez. Gerora baieztatu ahal izango nuen bahea gobernatzeko behar zirela eskuak biluzik. Hotzak ez nintzela hilko esaten zidan barrez, egin beharrekoak azkar egiten zituen bitartean; gasoila bota, baheak —angulak harrapatzeko erraketa erraldoi moduko horiek— beren lekuetan ondo prestatuta utzi, txikoteak askatu eta han joan ginen ibaian behera, plaza inguruan Urtezahar gaua ospatzera atera zirenen oihuak entzuten hasi ziren une berean.
Branka altxata, buruharro zihoan gure Xilberio, motorrari sua ateratzeko prest. “Honek orain baporea ere eramango luke arrastaka! Bizirik dagoela ematen du!”, esan nion marruka Ikerri; orduan bota zidan anguletan ibiltzeko bete behar diren Hamar Aginduetako bat: nahiz eta motorraren soinua ozena izan, ez da ozen hitz egin behar. Bi lagun doaz txalupan eta aski da batek dioena hurkoak entzutearekin. Ez nintzaion Kapitainari haren zergatia galdetzera ausartu. Barkamena eskatu nion; izan ere, neu nintzen txalupa hartako txotxoa eta erabakia nuen txalupa-mutil zuhur moduan jokatuko nuela gau hartan.
Ibaiari lanbroa zerion, hotz handia egiten zuen eta iluntasun hartan, ibaiaren erdialdean, hezetasuna zen nagusi. Hura guztia berria zen niretzat eta liluratzen hasia ere banintzen jadanik. Txaluparen urdinak apar zuria ateratzen zion kresal beltzari. Baina ez nion hori esan marinelari, bestela ikasle xaloegia naizela eta han ibiltzeko balio ez dudala esango lidake-eta ziurrenik. Hobe nuen behaketa sasipoetikoak niretzat gorde, arreta gure eginkizunean jarri eta Kapitainaren esanak betetzea, oztopo gertatu gabe.
Kofradia parean motorra geratu eta bahea nola erabiltzen den azaltzen hasi zitzaidan. Teoria eta praktika, denak batera erakutsi zizkidan, azkar eta ondo. Bahearekin sartu-atera bat egin eta nire txanda zela esan zidan. Teoria erraza zen behinik behin: marea goraka zihoan eta angulak ere ibaian gora zihoazen urarekin batera; guk, orduan, baheak uretan sartuta, beherantz egin behar genuen angulak bahearen sarean gera zitezen. Praktika bakarrik falta zitzaidan, beraz. Ondo sartu nuen bahea. Gero, azalpen argigarri batzuk eman ostean, bahea ateratzeko agindu zidanean, hura ezustekoa! Lauzpabost angula bazeuden sarean, nire bahean! Asaldatu egin zen Iker. “Banekien! Banekien! –errepikatzen zuen– Zurekin etorri eta sorta ederra harrapatuko genuela banekien! Behin etorriko eta asmatu!” Angularik galdu gabe, bahea kontu handiarekin kaxara nola hustu adierazi zidanean, ibaian behera hartu genuen. Gure Xilberiok gogoz zauritzen zuen Oriaren bizkar leuna, itsasadarrean angulak zain zituela jakingo balu bezala.
Autopista azpitik pasa bezain laster sumatu genituen besteak. Bi txalupa zebiltzan; Gastañakoa bata, Altxerrikoa bestea. Egia esateko, Ikerrek ikusi zituen, nik ez bainuen deus ere antzeman. Izan ere, han ez zegoen inongo argirik, ezta beste motorrenak ere. “Berandu gatoz. Beno, ea dena ondo egiten duzun, hemen ez dago atzera-bueltarik eta”. Beste bi txalupak zeuden ingurura iritsitakoan, lastertasuna geldotu, baheak uretan sartu eta han abiatu ginen ezin ikusi diren zizare preziatuen bila. Berrogei bat metro egin ondoren, martxa geratu, argia piztu, eta baheak hustutzeari lotu gintzaizkion. Bazegoen zer husturik, alajaina! Ni pozez zoratzen nengoen, oraindik bahea guztiz hustu gabe nuela, Kapitainak argia itzali zuenean. Keinu haren bitartez jakin nuen bigarren manamendua: ibaian argi pixka bat nahikoa eta gehiegi da.
Argirik gabe genbiltzan han txalupa guztiak. Egia da argi gutxirekin sartzen dela angula, zaila dela egunez angulak harrapatzea eta ilargi beteko zeru ateriak direla txarrenak anguletarako; baina batik-bat bi arrazoi nagusi zirela medio genbiltzan argirik gabe, antza: inork lehorretik ibaian mugimendurik suma ez zezan, eta beste txalupetakoek gure mugimenduak ikus ez zitzaten. Nahitaezkoak diren argi berdea eta gorria berak ere itzalita generamatzan. Niri gehiegizkoa iruditzen zi-tzaidan arren, ez nuen ezer esan. Haatik, berehala egiaztatu ahal izan nuen modura, gorabehera hura ez zen, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula.
Ikerrek gorantz zihoan txalupari so egiten zion. Beno, txalupari ez, Altxerritarren ontzi hura ez omen zen-eta txalupa, ala baizik. “Leku berean eman dute buelta; hor ondo harrapatzen ari diren seinale”, esan zidan. Hara joan ginen gu ere, denak emanda. Gu goraka gindoazela, baheak sartuta beheraka zetozen Altxerrikoekin gurutzatu ginenean, nik diosala egin nien, baina haiek ez ninduten begiratu ere egin. Nire Kapitaina ere aurrera begira zihoan, ibaian bera eta ni bakarrik izango bagina bezala. Elkar ikusiko ez balute bezala jokatzen dute anguletan, baina ongi asko begiratzen diote, bai, elkarri. Ulertua nuen, bada, aginduetako beste bat: ibaian beste arrantzaleekiko itsu eta angularekiko jo eta su.
Besteek bahea sartu zuteneko lekutik baino atzeragotik hasi ginen gu. Zentzuzkoa da: angula marearekin batera ibaian gora bazihoan, guk ere gero eta goragotik egin beharko genituen saialdiak. Isilik gindoazen, ni erabat gustura; artega, berriz, marinela, besteak gu baino gehiago harrapatzen ariko zirelakoan. Baheak altxa bezain laster baieztatu genuen buelta ezin hobea egin genuela. Sarean geratutako hosto eta zikinkerien artean, zilarrezkoak ziruditen angulek.
Argia itzali eta han gindoazen berriz ere beste buelta bat egitera. Besteak gorago joanak ziren arren, gure azken emaitzak aintzat hartuta, saio berria leku ia beretik hasi nahi izan zuen Ikerrek. Branka behera begira jarri, baheak uretan sartu eta beherantz hasi ginenean, hara non atera zitzaigun aurrean Gastañakoen txalupa! “Putakume zerria! Kabroia! Hurrena ikusiko dek!” egiten zuen marru nire Kapitainak bere amorru guztiarekin. Alu haiek argiak eta motorra itzalita, han txokoan ezkutatu ziren, besteok beraiek gora joan zirelakoan gora egin genezan. “Kabroia!” oihu egin nuen nik ere. Guk itzuli berria leku berean errepikatu behar genuela ikusi zutenean, gure aurretik atera ziren eta, jakina, angulak aurrekoaren baheetan geratzen ari badira alferrik zabiltza haren atzetik. Horrelakoetan, gainera, denbora ere alferrik joaten zaizu, mareak bere man-tsotasunean ez baitu atsedenik hartzen.
Ordurako aginduak elkarlotzen hasia nintzen neure kautan. Ez da ozen hitz egin behar, inork entzun ez gaitzan; argiak itzalita eraman behar dira, inork suma ez gaitzan; ez da inor agurtu behar. Haietatik eta egin ziguten iruzur hartatik eratorri nuen, lehorrean bezala, ibaian bizirik dirauen manamendu pragmatikoa: bakoitzak berea, Jaungoikoaren legea. Oriotarrei ijitoak esaten diete, eta horrek ez nau batere harritzen, ibaian ikusitakoak ikusi ondoren. Hala ere, gerora egiaztatu ahal izan nuenez, beste ibaietan ere kontu berbera gertatzen da. Horretaz gain, ezin ahaz nezakeen hura Urtezahar gaua izanik, herriko angulero amorratuenak zirela, fanatikoenak, han zebiltzanak.
Buelta bertan behera utzi eta gorago joatea erabaki zuen Kapitainak. Une hura ez zen, ez, haserretu eta urrezkoa izan zitekeen denbora galtzeko garaia. Gastañatarren zakurkeria ahaztu eta lanerako prest agertzen zen nire Kapitaina. Altxerrikoak gorago eta Gastañakoak beherago, nahikoa urrutiraturik zeudenez, oraingoan motorraren soinuaren gainetik hitz egin zidan: “Hemen dabiltza, hemen! Ez al dituzu igartzen?”. Hasieran ez nion ulertu. Gero ohartu nintzen, nik ura eta ura baizik ikusten ez nuen lekuan, angulen mugimenduak igarri uste zituela berak. Iluntasun hartan, angulen dirdira ikusten nuen nik marinelaren begietan. Zubi azpitik pasatzen ari ginenean, tabernen ingurutik zetozen musika oihartzunek parranda-giroaren berri ekar-tzen zuten ibaira, baina Kapitainak ez zuen ezer aditzen; berak angulen dantza sumatzen zuen hankazpian. Xilberiok ere ez zien jaramonik egiten lehorreko kontuei; jo eta jo egiten zuen gora. Xilberio eta Iker bat bera eta bakarra zirela iruditzen zitzaidan, bata bestearentzat eginda zeudela. Nik ordurako banekien ez nuela gau hura sekula ahaztuko; ez nekien, ordea, zergatik.
Baheak sartu eta txintik atera gabe joan ginen beherantz, angulei beldurtzeko arrazoirik eman nahi izan gabe bezala. Itzuli ona izan zen hura, eta egingo nuke altxa-aldi hartan nik, Ikerren aldean, angula asko atera nituela. Esan ere egin nion, zirikatzeko xedearekin, jakina. Bere erantzunak beste manamendu bat irakatsi zidan, ordea: kanpokoei hitzik ez, baina etxekoei konturik eskatu ere ez.
Hamar Aginduetatik bost banekizkien jada. Kiroltasun handiarekin onartzen nituen Kapitainaren lezioak. Ez zen amorratzeko modukoa; baina, egia esan behar badut, zertxobait aspertzen hasia nintzen jadanik. Arren, eskatu nion, azal ziezazkidala, behingoz eta betirako, manamendu guztiak; Agindu guztiak jakingo banitu, ez nukeela gehiago hutsik egingo. Berak, oinez egiten ikasteko, lehendabizi estropezu egin behar dela iharde-tsi zidan erdi barrez, beti bezala.
Oraingoan goran zebilen Altxerritarren alari hurbildu gintzaizkion. “Begiratu baheak noraino sartuta dauzkaten.” Haiek beheraka, gu gorantz, elkarrekin gurutzatu ginenean, bahearen azken metro erdia soilik zeramaten uretatik kanpo, iluntasunean nekez ikusi ahal izan nuenez. Ikerri ere hala iruditu zitzaion. “Sartu ezazu bahea orain arte baino gehiago. Angula gehiago dabil behean.” Egia esateko, ez naiz gogoratzen “angula gehiago dabil behean” edo “angula behean dabil” esan ote zidan. Ordurako konturatuta nengoen marinelak nik baino askoz gehiago urperatzen zuela bahea, baina jakin banekien hura ausartegia edo arriskutsua izan zitekeela niretzat. “Neurria hartu behar zaio: bahea zenbat eta beherago, orduan eta angula gehiago harrapatuko dituzu; baina, hori bai, hondoa joz gero, akabo”. Esandakoa erakutsi nahi izan balu bezala, oraindik hamabost bat metro egin ez genituenean, bat-batekoan motorra gelditu zuen Ikerrek, pixka bat atzera ere eman zion, bahearekin hondoa jo eta hura lokatsez betea baitzuen. Hala eta guztiz ere, ez zuen bahea erabat apurtu. Sareari zarrasta egin zion, ez besterik. Abisuarekin batera, ikasia nuen manamenduetako beste bat: denak du bere neurria; zekenkeriak bahea hausten du. Zakua ez dakit, baina bahea bai puskatzen du gose asegaitzak.
Biraoka hasiko zela bururatu zitzaidan, baina kaxatxo bat atera eta prest zeuzkan hari eta orratzekin bahea josteari lotu zitzaion hantxe bertan. Korronte handia zegoen, marea gogoz ari zen goraka eta ibaiertzera gerturatzen ari ginen. Fido nintzen nire Kapitainaz, baina beldurrak ez die jaramon egiten fideltasunei, konfiantza kontuei, arrazoiei. Jadanik aditzen ez nuen motorraren hotsaz gain, itzalik ere ez zen entzuten. Ura gorantz zihoan isil-isilik, ibai bazterrean korronte handia zebilen eta bazirudien ibaia azpilanean zerbait prestatzen ari zitzaigula.
Ikerrek buru-belarri ziharduen bere zereginean. Nik, bitartean, beldurra uxatzeko, nire bahea hustu nuen poliki-poliki; bazekarren zerbait. Nirekiko zera hausnartu nuen: beharbada, hobe litzatekeela ez arriskatzea; apurka-apurka, baina tai gabe jardutea. Izan ere, beste manamendu ezagunaz jabetu nintzen egoera hartan: bahea hautsian ez da angularik geratzen. Agindu hori besterik ez zuen hautsi marinelak. Bahea zarrastatu zuen, bai; baina jadanik hura konpontzen hasia zen, baita ilunpetan josi ere. Hark ez zuen manamendurik hausten, eta bere borondatearen kontra bekatu egin zuenean, amen esan orduko, hura konpontzeko ahaleginetan zebilen. Angulen erresuman ni nintzen bekataria. Bahea konpontzetik bukatu zuenean, gorantz abiatu ginen azkar. Ez zen nekatzen Xilberio. Hurrengo buelta non hasi erabakitzen ari zen, zera otu zitzaidanean: marinelak hondoa jo bazuen, bere bahea besteena baino apur bat luzeagoa zelako izango zen. Baheak ez dira erosten, egin egiten dira; bakoitzak bereak. Zentzuzkoa zirudien nire gogoetak: Ikerrek hondoa jo bazuen, gure baheak luzeagoak behar zuten izan. Hori esan nionean, barre maltzurra agertu zuen. Xilberiok berak ere nire lepotik irri egin zuela iruditu zitzaidan. “Sei metro eta erdi justu” bota zuen Kapitainak. Geroago azaldu zidanez, urtero, sasoia heltzear denean, arratsalderen batean, tentu handiarekin ibilita, Altxerritarren alara joan eta baheak neurtzen omen ditu. Horrela, ez du zertan arriskatzen jardun beharrik; nahikoa du segurtasun osoz ibiltzeko, besteek baheak zenbateraino sartuta daramatzaten ikustea. Ez da hala moduzkoa gero, marinel hau! Hogei urte baino ez ditu eta marinel zaharrena bezain azeri azkarra da.
Beherakoan, iluntasunean murgilduta, pentsakor gindoazen. Ikerrek ez dakit zer izango zuen buruan jiraka eta bueltaka, baina ni harrituta nengoen herriak ibaitik begiratuta hartzen zuen itxura berriarekin. Kapitainak betiko lekuan hamaika aukera berri ikusteko modua eskainia zidan bidaia harekin. Artegintzak eta Teologiak baino ez digute eskaintzen egunero ikusten duguna bestela ikusteko aukera. Angulak harrapatzea ere artelana da, lurra atzean utzi eta uretan murgiltzea. Lehorretik ezin ikus zitezkeen forma eta zehaztasunak suma nitzaken ibaitik. Anguletan ibiltzea artelana da zentzu batean, eta, beraz, arte bat den heinean, bere liturgia du jarduera horrek, bere Agindu zerrenda. Neurekiko zera hausnartu nuen, gauero egoera hartan anguletan jarduten dutenak ez direla diru-goseak akuilatuta joaten. Beste moduko goseak bultzatu behar ditu hartara. Asko eta asko egunez lan egin ostean joaten da gauez anguletara. Ohean, emaztearen bero eta babesean izan beharrean, lagun bakartzat hotza eta lanbroaren hezetasuna dituztela ibiltzen dira ibaian. Ez dago hori azalduko duen argibide xumerik. Ibaiak kresalaren eta gezalaren arteko zubia eskaintzen die; ibaitik dena ezberdin ikusten dute; ibaian itsasoaren eta herriaren artean daude. Aldamenean beti gure zain dugun ihesbidea da ibaia. Angulak ia gutxienekoa dira benetako marinelarentzat. Motorra mantsotu eta argia piztu zuenean, nire burutazio haietatik iratzarri ninduen Ikerrek. Oraingoan ere angula dezente genuen biltzeko.
Gorakoan Ikerrek dukadosa piztu eta, zupada eta zupada artean, txalupa handikoei buruz hitz egin zidan. “Horiek Gastaña baserrikoak dira. Asko arriskatzen dituzte baheak, hor doaz kanalean apuratuz. Kabroi batzuk dira; motorrari ondo sakatu, buelta eman eta aurrean jarriko zaizkizu baheak barruraino sartuta. Baina hori bai; baserritarrak dira eta aberiaren bat-edo baldin baduzu, lagundu egingo dizute horiek”. Beste zupada bat eman zion zigarroari. “Hori bai, lagundu… behin marea igotakoan”, erantsi zuen barrez. Beste manamendu bat igarri uste nuen marinelaren hitz haietan: izan zaitez pixka bat zeurekoia, baina ez guztiz kabroia.
Neure kautan beste manamendu talde bat harremanetan jartzen saiatu nintzen: nork berea, marea igo baino lehen; baina zekenkeriak bahea hausten du, eta bahe hautsian ez da angularik geratzen; beraz, nahiz eta txalupa berean anaiak izan, ibai berean, gutxienez, ezagunak izan behar. Alegia, anaiak ere bagarela nolabait, jardun berean gabiltzanak. Hori ez dakit beste manamendu bat ote den; baina ederra da, gero!
Gustura hustutzen nuen bahea. Itzuli asko egin genituen, baita angula ugari harrapatu ere; lau bat kilo? Nork daki. Ibaia urez betetzen zihoan heinean, otzanduz zihoan marinela. Gau hartan besteek gu baino askoz gehiago harrapatuko zutela zerabilen buruan, apika. Nirekin beharrean, aitarekin joan izan balitz, egunero egin ohi duen modura, oso bestelakoa litzateke ziurrenik Ikerren itxura. Hala ere, ez zen erabat tristetu. Ur gezaren bila abiatzen da angula ibaian gora; zeren bila abiatzen da, ordea, marinela arrantzara? Arrain bila? Angulak harrapatzera? Nik ez dut uste hala denik. Ibaian zebilela zen garrantzizkoena. Han geunden eta bera gustura zegoen. Gainontzeko zertzeladak gehigarriak ziren, ez besterik.
Beste zigarro bat piztu zuen, gauak eman beharrekoa eman zuela iritzita. Ortzaika pasata, Saikola parean geunden. Egunsentiaren izpi goiztiarrenen gertutasuna suma zitekeen sortaldeko mendi tontorretan. Eguna argitzear zegoenez, gure zeregina burututzat jo behar izan genuen. Nekatu aurpegia omen neukan, eta Ikerrek zioenez, onena etxerako bidea hartzea zenez, ibaian behera joan ginen. Baheak sartu genituen, badaezpada ere; baina, nik behintzat, hiruzpalau ale baino ez nituen atera azken saio hartan. Ez zion axolarik, geure partea jasoa baikenuen ordurako, bai ederki asko jaso ere.
Ibaia urez lepo zegoen, eta zubi azpitik pasatzerakoan, hura jotzeko arriskutan nengoelakoan, burua makurtu nuen. Barre egin zidan beste behin marinelak, eta keinu batez, kai aldera begira nezan adierazi. Kaiko eskaileratan bi neska zeuden uretara pixa egiten. Gaupasa eginda egongo ziren, gu bezala, baina ez gu bezain buruargi. Batzuk tabernetara doaz, ibaira bestetzuk. Ibaian ibilitakoa egon ohi da gero burudun.
Behin Xilberio itzaldu eta ondo amarratutakoan, angula guztiak baldera hustu zituen tentu handiz. Nik baldea tosta gainean jarri nuen, enbarazu egin ez zezan. Baina, baldea handik kentzearekin batera, hura ez zela inoiz han jarri behar esan zidan berehalakoan marinelak; baldea argi aurrean utziz gero, argiaren ondorioz, balde barruan marrazten zen itzalak zenbat angula harrapatu genituen emango baitzien aditzera besteei. Ikasia nuen, beraz, bederatzigarrena edo hamargarrena izango zen agindua; kontua galdua nuen jadanik. Ez nituen aginduak zenbatu, izan ere, lurra zapaltzear nengoeneko hartan, axolarik ez zitzaidan agindu guztiak ikasiak ote nituenentz.
Marinelaren esanetan, “anguletan ibili eta gero, edukazio txarrekoa da zenbat harrapatu duzun esatea”. Asko jota, gauean fundamenturik izan den ala ez aipatuko dute, baina inoiz ez zenbat harrapatu duten. Horregatik, kontu handiarekin ibili beharra dago. Aukeran egokiagoa da balde beltza. Angulen baldea ezin da, ezta ere, motorraren tapa gainean utzi; bestela, dardarak eraginda erori egin baitaiteke eta, jakina, harekin batera baita zizareen urrea ere. Denak du bere zera, gauzak ezin dira edozein modutan egin.
Edonola ere, gero eguerdi aldean, batzuek harrapatutako kopuruen gutxi gorabeherakoak jakingo ziren, angula erosleak azkar zabalduko baitzuen angula ugari zebilela. Mundu honetan zein baino zein alprojago dira denak. Baina izan zitezela besteak bekatari; nik zuzen jokatu nahi nuen. Nire barnea lasaitu aldera, ea zer moduz konpondu nintzen galdetu nion Kapitainari, eta hark, oraindik amaitu ez bagenuen ere, nahikoa txukun ibili nintzela esan zuen serioski. Barnea baretu zidan, nik ulertu izan nahi nionaren arabera, nire Kapitainak barkatuak baitzizkidan ibaian hautsi nituen manamendu haiek; denak barkatu zizkidala eta hartatik garbi irten nintzela ulertu nion. Bekatu orbanik gabe senti-tzen nuen arima.
Txalupa baldetu eta garbi-garbi uztea baizik ez zitzaigun falta, etxera joan aurretik. Nekaturik geunden, baina buruargi; ez naiz orain nire hankasartzea zuritzen ahaleginduko. Baheak atera, kaxak ondo garbitu eta jan ez genituen ogitartekoak lehorrean utzi eta gero, Xilberio baldetzen hasi zen Iker. Gainera botatzen dioten ura gozatuz, erabat fresko eta jolasti agertzen den elefantea-edo ematen zuen txalupak. Xilberio gure igurtziekin gustura jartzen zela zirudien, gainera botatako ura eskertzen zuela. Irudi hura buruan nuela, baldea hartu, urez bete eta brastakoan, tosta gainean barreiatu nuen dena. Dena, den-dena; ura eta baita harrapatu genituen angula guztiak ere.
Esan beharrik ote dut zeinen tentel eta zoritxarrekoa sumatzen nuen nire burua; zeinen gordinik jasan nuen infernua; zeinen bekatari ikusten nuen nire burua; zeinen etsitu eta ernegaturik ninduen barneko suak... Infernua ez dago gu hil zain, ez dago lur azpian, ezta zeruan ere; infernua hemen dago, eta manamendu bat hautsiz gero, aise eror zaitezke bertara. Su-leizeak gara, hein handi batean; zeruak eta infernuak osatzen gaituzte, guregan daude, eta gure pentsakizun, jarrera eta ekintzek batera edo bestera makurtzen gaituzte ezinbestean. Nik garbi dut infernua zer den dastatzeko nahikoa izan daitekeela hutsegite bakar bat.
Artegintzan jardutea anguletan ibiltzearen antzekoa da.
Ikerrek egiten duen modura, itsumustuan eta presaka etortzen zaio etxera sortzaileari jarioa. Edozein unetan hasten da fantasiaren jarioa idazlearenean setatsuki ate joka, hura ibaira eraman eta lanean pentsakor jartzea lortzen duen arte. Idazlea marinel bihurtzen da ibaian. Eta jakina da marinelak behin eta berriz ekiten diola abenturari, hausnarketaren abenturari. Ibaian mareak goraka dirauen bitartean, fantasiaren txaluparekin angulak harrapatzen saiatzen da marinela. Zenbat eta sakonera handiagora sartu bahea, orduan eta angula gehiago; bakoitzak berea, Jaungoikoaren legea…
Idazlea angulero antzekoa da. Eta Larrea jaunak dioenez, ibaian iluntasuna eta hotza aurkituko dituela jakinda ere, etxeko beroa eta patxada atzean uzten dituenak, angulen zilarra baino nahiago du izarren urrea, angulak baino nahiago ditu zeruaren erantzunak.
Artegintzan jardutea anguletan ibiltzearen antzekoa da, bai. Baina kontuan hartu beharra dago artegintzan are zailagoa dela bekaturik ez egitea. Hala ere, egia esateko, baliteke bekatua beste arte mota bat izatea.
