Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2000 »  Amoranteak ez daki

Amoranteak ez daki

Iņigo Fernandez

Vosotros conocisteis la generosa luz de la inocencia.

Vicente Aleixandre

Nire eguna argitzera, betirako
geratzera zetorrela bazekien
egunsentia zara.
Poliki sortu zinen koloretan
poliki sartu zinen loreetan
loreei kolore, koloreei usain
beti, eskatu gabe, eman eta emanez,
atzean utzi zenuen nire ilargi beteko
gau zuri-beltz amaitezina.

Ez egin barre, zure distirak ni itsutzerik nahi ez baduzu
ez egin negar, zure euritan zeruak zanpatuko nau eta.
Zure presentzia hutsa nahikoa dut
sinesten jarraitzeko.
Goi-agerraldi bat zara, egunsenti jainkotiar bat
egunero, beste mundurako zubia,
amodioak eskaintzen baitu salbazioa.

Lohia da nolabait itzala duen oro
baina zurekin tarteka arimara noa
eta han ez dut itzalik,
egunsentia, zuk bezala.

Eguerdi aldera heltzear naizela
zure sortaldeko indarrak
ez du herdoilik ekarri.
Oraindik ere zure adats horailen ukituak
eguzkiaren printzen laztanak dira.
Zure ile bat eguzkitara lehortzen jarrita
eguzki errainu bat niretzat izoztuta.

Bi su-lama elkar korapilatu daitezkeen modura
bat egiteraino maitatzeagatik,
zeruan aingeru bakarra osatuko dugu
tximeleta bat izango gara hemen,
aingeru edo tximeleta antzekoak izango gara.

Heriok zuri-beltzean egiten du lan
gu ortzadarrean galduta biziko gara,
ilargiaren argi hilaren azpian ere
koloretako itzala eskainiko du gure tximeletak
eta gure hegoetan atlasak eramango ditugu marrazturik
eta gure hegokaden baitan mundu berriak haziko dira.

(Beharbada ez dugu horren berririk izango
ordurako zeruan izango baikara jada.)

Zerua bezain hutsik etorri zen
eta itsasoa bezala, biluzik
egin zen argia.
Munduaren bihotza lehertuz bezala
itsas gaineko gardentasuna koloreztatzen
joan zen argia.

Betiereko egunsenti bat da amodioa
baina amoranteak ez daki hori,
eta eguzkiarekin estropezu egiten segi beharrean,
lauoinka abiatzen da
eguzkiari begira amorantea
eguerdira heldu nahian,
hura amodioaren gailurra delakoan.

Betiereko egunsenti bat da amodioa
baina amoranteak ez daki hori,
eta egunsentiaz gozatzen jarraitu beharrean,
sortaldetik urrun eguzkiari darraio,
loreei kolore, koloreei usain
beti, eskatu gabe, eman eta emanez,
argiaren iturri delako.

Betiereko egunsenti bat da amodioa
baina amoranteak ez daki hori,
eta egunsentiaren inozentzia
hasi berriaren freskotasuna
gozatzen segi beharrean,
eguzkiari jarraika, zeruaren sabairano
zeruaren gailurreraino heltzen da amorantea.

Amoranteak ez daki behin eguerdira
helduta, eguzkiaren edo sagarraren modura
umatu, erori eta sortaldetik oso urrun
itsasoan hiltzea besterik ez zaiola falta.