Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2000 »  Heriotzaren jenerala

Heriotzaren jenerala

Iñaki Gurrutxaga

1.-

Jakintsuenek esaten dute:
aurkitzen gara, agian,
zorioneko milaurteko
berri baten atarian;
halere hemen nork sinesten du
ezinezko mirarian?
Iraganen miserian
galtzen gara aspaldian,
oraindik bizi dirau mamuak
gure ingurumarian,
gau eta egun gatza botatzen
irekitako zaurian.

2.-

Urteak pasa eta lehengoan
dirau Pinochet mamuak,
harrizko bihotz batean ez du
kabi egiten damuak;
oroitzen ditut gauak apurtzen
zituzten bala soinuak,
izengabeen amuak
gordetako errainuak,
hiltzera doan alaba baten
sufrimenduzko doinuak…
orduz geroztik beldur handirik
ez dit eman infernuak.

3.-

Lehen herri zen gizarte baten
esklabutza zerbitzala
gorrotatzera iritsi nintzen,
artean gazte nintzala.
Bagenekien erantzulea
bihozkabe hori zala,
ta urteak joan ahala
ez da herdoildu azken bala;
epaiketa bat nahi dugu soilik,
epaimahai baten itzala,
lehen heriotza erein zuenak
fruituak jaso ditzala.

4.-

Auziperatu behar omen du
Europako botereak
irrifar dagi bihotz barruan
daramagun Allendeak,
barrotepean behar du berez
horrelako abereak;
ekintza miserableak
izanagatik bereak
mesfidantzaren aterik ez du
itxi Txileko jendeak:
aspaldi ez dute elkar maitatzen
justiziak ta legeak.

5.-

Pinochet zahartzen ari da eta
hau ez dut ukatuko nik,
gorputza ezik burua ere
nahiko galduta egonik;
nahiz hala izan, ez zaigu galtzen
saminaren arrastorik,
ez dugu eskatzen askorik,
behar baino gehiagorik,
halere Txilek ez du nahi auzi
ta epai sinbolikorik,
sinbologiak ez baitu inoiz
mendekatzen hildakorik.

6.-

Zigor guztiak izan daitezke
zentzugabe eta hutsal,
zigor guztiak izan daitezke
mamirik gabeko azal;
baina zigorra da beharrezko,
ez gaitezen hitzetan gal,
nahiz ahaztu nahia izan ahal,
minak egin dio itzal;
munduak ikus lezaken arren
Pinochet otzan ta apal,
Txiletarrontzat beti izango da
heriotzaren jeneral.

7.-

Gugan ezin da itxaropena
besterik gabe izeki
justiziari barre egiten
ari badira ankerki.
Nonbait jendeak pena zor dio
ezer zor ez zaion bati,
baina zertan izan beti
errukia Pinocheti?
Biharko goiza egin nahi nuke
bakearen egunsenti
oraindik itxi ez den zauria
berriz ez dadin ireki.