Oriora.com

Maiteminak

Ibi Arrizabalaga

(gutun hau bene-benetakoa da, literatura edo fikzioarekin edozein antzekotasun egileari barkatu beharreko trebezia-falta besterik ez da izanen)

Donostiako pasealeku berrian,
2000ko Gabon bezperan
(ilunabarra, itsasoa bare-bare dago)

Itsasoa honaino iristen delako dira harkaitzok kostaldea. Zu nire ondoan zaudelako naiz ni naizena.

Gauza batzuk ez dira betirako. Hala dirudien arren, itsasoa ez da beti honaino iritsiko. Baina bitarte luze horretan, egunero laztanduko dute elkar uhinek eta harkaitz hauek. Horiena bezalakoa da gu bion arteko maitasuna ere: ez-betirakoa.

— — — — — — — — —

Lur eta uren arteko muga kapritxo hutsa da. Hondartzara noanean kapritxo horretan bustitzen ditut zapatak.

Ortzadar zati bat ahuspez begiratzen nauen irribarrea da, zeruko orman eskegita. Ortzadarra beste kapritxo bat da, ezinbestean gogoa bahitzen didana.

Zapatak kapritxoz melatuta, etxera itzultzeko bidean, zu zara nire zerua bahitzen duen irribarrea.

— — — — — — — — —

Betirako diren sentimenduen eta
kapritxo hutsa direnen arteko alde bakarra da,
orokorrean kapritxoek luzexeago irauten dutela.
(O. Wilde)

• • • Orioko itxaspe bideko amildegian,
2000ko Gabon egunean
(ilunabarra; itsasoa ez dago bare jada)

Nire bidea topatu eta hari atxeki nintzaionean, haiek trufa egin zidaten; eta, egiatan, nire oinak dardarka zebiltzan orduan. Eta honela esan zidaten: bidea ahaztu zenuen, eta orain oinez egiten ere ahazten ari zaizu! (Honela mintzatu zen Zaratustra, F. G. Nietzsche)

Harro nago markatutako bidetik irten naizen aldi guztietaz. Behingoz besteek egindakoa jarraitzeari utzi, eta nire ildoari ekin diodanetaz. Nahiz eta etxera sano itzultzeko sastrakadiak gurutzatu edo amildegiak eskalatu behar izan ditudan, esku hutsik.

Maite dut beldurraren beldur ez naizen une horietako kemen eroa. Horregatik ez balitz, agian ez nintzateke inoiz idazten jarriko ere. Horregatik ez balitz, ez nintzateke maitemintzera ausartu ere egingo. Ez zutaz behintzat.

Arantzazko itsasoek irentsi ez banindute… neure burua harrizko ormaren erdian galduta ezagutu izan ez banu… ez nintzateke zure arantzadun ekilorean amilduko. Osinak lurretik esku hutsez tiraka ateratzeko ohiturarik ez banu, ez nintzateke gai zure maitalea jasateko.

Harro nago, azken finean, osina eta ekilorearen arteko maitasunean nire lekua eta bidea egiteko gai izan naizelako, eta etxera itzuli, neure bihotzak zauriak nola osatzen dituen ikustera.

Baina nire erronka luzatzen dizut, itsu-itsuan: prest al zaude ni naizen porruari gordinik, lurretik jaso ahala, horzka egiteko? Ezagutuko al ditut horrela zure malko, izerdi eta uluak? Porrua ona ta goxua da lapikotik pasa ta gero. Baina bizirik dirauen artean bere bihotzak zapore mingotsa du beti (bizi-beharraren bakardadea gozatuko dion lagunaren bila dabilelako, agian). Ona izan arren, nork du horren goserik?

Arantzak biluztu, eta maitasun gordina dastatzera gonbidatzen zaitut…

…nire maitea; beste behin ere.

• • •

Orioko kostaldean,
2000-12-25
(gaututa, atzerrira begira; izarrik ez)

(B. Atxagaren Bertso berriak jartzera noa doinuan)

Min sakon eta garratz honetan
azken hatsa ez galtzeko,
gaztetatik ikasi nituen
uluak hor arnasteko;
egunez ametsen alde ekin,
(gauez oroi minek hartzeko)
ez lanak, ez festak, ez maitasunak,
ez nau izango menpeko! (bis)

Bertso latz hauek jarri nahi dizkat
nire maite politari:
(urruneko lurralderen baten
bihotz pusketak gosari)
ez naiz nire minean itoko,
nahiz ta beti negarrez ari;
edozer sufritzeko prest nago
zu bazaitut gero sari. (bis)

Sentimenduak aitzekoituzun
hainbat beldur eta mamu
harrapatzeko, izango nauzu
pita, beita eta amu.
Senti niganako maitasuna,
(zenbat kilo ta zenbat gramu)
ez zaitzan ustekabeak inoiz
harrapa, gabe ta damu. (bis)