Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2001 »  Balbea errekak bere bideari darraio

Balbea errekak bere bideari darraio

Iñaki Arruti

Etxearen aurrealdeko leiho biribil honetan egun osoan zain egon ostean, azkenean Zurbeltz mendi malkar-tsuko bidetik Joxe badatorrela ohartu naiz.

Bihotzaren taupadak bat-batean azkartzen hasi zaizkit. Izan ere, hau baita atzoko beroaldia igaro ostean, behin eta berriz pentsatu dudan egitasmoa burutzeko momentua.

Burua leihotik apur bat baztertu eta ezkerreko begia bakarrik utzi dut agerian, Joxek ikusiko ote nauen beldurrez. Arnasa ere gero eta azkarrago hartzen dut, eta dagoeneko leihoko beira nire hats beroaz lurrindurik dago. Eskuaz zati bat garbitu dut eta Joxe Zumar baserriko kaktus handiaren ondotik iragaten ari dela ohartu naiz. Ohi bezala, ahoan zigarroa darama, baina erretzeko moduak harritzen nau. Izan ere, bere lanari dagokion zerbait garrantzitsua burutu behar duenean, urduritasunak eraginda, behin eta berriz zurrupatzen baitu zigarroa, ito beharrean. Momentu honetan aldiz, patxada osoz ari da erretzen.

Ez ote dator nire bila? Ez ote du Arantxak atzo ikusitakoaz ohartarazi?

Supituki, egun osoan beste hainbatetan bezala, nire barnean entzun ditut Inaxiren oihuak, eta burutazio guztiak eten dizkidate.

“Lurdes, zer egiten dun! Hi erotuta hago! Baina kontuz, kontuz!” Jarraian kurrixka bat aditu dut, gero eta urrutiago, gero eta baxuago, erabat isildu den arte.

Joxeren itxurazko lasaitasunak nire plana burutzeko asmoa pitin bat apaldu didan arren, nire baitako Inaxiren garrasiek berehala ipini naute lasterka, beheko oilategian dauden Joxemai eta Anttonek ere laster etxean behar baitute eta ez baitut beraiekin topatzeko gogorik.

Albait arinen, baserriaren atzealdeko atetik irten naiz. Udareondoa saihestu dut eta, Joxek ikusten ez nauela ziurtatu ostean, baratzak bukatu bezain laster hasten den pagadian barrena sartu naiz arineketan. Arnasestuka iritsi naizenez, lurrean eseri naiz, zuhaitz baten enborrean euskarrituz.

Gorantz begiratu eta pagoak, abuztuko eguraldi eguzkitsua dela eta, guztiz hostotsu daudela konturatu naiz, ekiaren printzek ere doi-doi lortzen baitute sartzea. Momentu batean, zuhaitzen kukulak kanpoko mundutik gerizatzeko ezkutuak direla pentsatu dut; erasoetatik babesten nauen orbelezko burbuila baten barnean sentitu naiz.

Baina, zuhaitzen hostoek zaintzen nauten esetsiez landa, neronen barrukoak ere pairatu behar ditut, horiengandik ezin baitut inolako ezkuturekin babestu. Izan ere, atzo arratsean beroaldian egindakoak sortzen didan bihotz zimikoak ez baitit bizitzen uzten.

Berriz ere, Inaxiren oihuek nire baitan oihartzun egin dute, erotuta nagoela esanez, eta bere amorruzko eta sorpresazko begirada gogoratu zait. Estuasuna sentitu dut, Inaxi zena bera aurrean banu bezala.

Lekuz aldatuta Inaxiren oroimenak alde egingo duela pentsatuz, jauzi batean zutitu eta oinez jarraitu dut basoan barrena, Balbea errekatxorako bidera iritsi naizen arte. Orduan ekin diot atzo arratsean izandako euri jasa handia dela-eta lokatzez beteriko aldapa igotzeari.

Aranatarren baserria atzean utzi orduko, apaizaren belardiraino iritsi naiz. Larre ederra da hau, zalantzarik gabe; hala zioen gure aitak, behintzat. Horregatik, orain dela zenbait urte apaizak bertan haurrentzako jolastoki bat jarri behar zuela esan zuenean, herriko nekazariek, gure etxekoak tartean, erotzat jo zuten, garai hartako haurrak pozez zoratzen jarri ginen bitartean. Oraindik ere, bertan segitzen du sendo zabuak, beste joko guztiak, gure umetasunarekin batera, denborak berarekin eraman dituen arren.

Bertara hurbildu naiz eta, esertzeko ohola dagoeneko nahiko zahartua dagoen arren, jesarri egin naiz. Jainkoak bakarrik daki zenbat denbora igaro ote genuen Inaxi, Arantxa Olazaharkoa eta hirurok han jolasten. Kasik arratsaldero joan ohi ginen apaizak prestatu zigun larrera eta, hirurok ere zabuan ibili nahi izaten genuenez, sarri eztabaidan aritzen ginen. Inaxik, burugogorra zela eta, kosta ahala kosta zabuan eseri beharra izaten zuen. Arantxa ez zen berari aurre egitera ausartzen; baina ni parada nuen guztietan jarkitzen nintzaion, maiz elkar jotzera ere iristen ginelarik. Hala eta guztiz, Inaxik beti bertan kulunkatzen amaitzen zuen, irribarre zabala ahoan zuela. Ondoren, baserrietara jaisten ginenean, Arantxak bere amari, Lurdes Zumarrekoa eta Inaxi Pagopekoa borrokan aritu zirela esaten zion, izuga-rrizko berria kontatuko balu legez.

Jolastokira joaten ez ginenean, aldiz, nire anaia Joxemielen eta Inaxiren neba Anttonen atzetik ibiltzen ginen, haiek egiten zituzten bihurrikeria guztiak arreta handiz jarraitzen. Askotan, sugandilak eta bestelako animaliatxoak harrapatu eta birraitonak bidaia batetik ekarririk gure etxe ondoan dagoen kaktus handiaren arantzetara botatzen zituzten, alde egiteko antsiaz gero eta elorri gehiago sartzen zitzaizkiela ikusiz olgatzen zirelarik.

Udaberri amaiera aldera, berriz, Joxemaik ikusi gabe, haren errieten beldur baikinen guztiok, Pagopeko atzealdean dagoen udareondora igo eta udaretxo gogor atera berriak jasotzen zituzten, ondoren Balbea errekara korrika abiatzeko, berandu iritsiz gero desagertu egingo zela beldur bailiren.

Hara heldutakoan, aitona Luixen ipuinen arabera jentilek lurralde urrunetatik ekarri zuten harkaitz haren atzean ezkutatzen ginen guztiok. Handik errekatxo osoa ikusten genuen, Zurbeltzeko leizetxotik jariatzen zenetik, lauzpabost metro aurrerago izugarrizko ur soinua sortuz erroitzean behera eroriz ezkutatzen zen arte.

Erreka laburra izan arren, urteetan zehar inguruko baserrietakooi erabilgarria suertatu zitzaigunik ezin uka, handik lortu izan baitugu edateko ur freskoa. Gogoan dut oraindik ere, familia osoa baratzean lanean aritzen ginenean, amak Balbeara bidaltzen ninduela ur bila. Pitxerra hartu eta bideari ekiten nionean, zain egoten nintzen amaren ohiko garrasia noiz entzungo: “Kontuz ibili Jainkoaren izenean! Amildegiaren ertzetik urrundu hadi!”. Maiz aita ere entzuten nuen: “Argi ibili! Hura ez dun jolasten ibiltzeko tokia!”.

Baina edateko ez ezik, emakumeontzat latsarrietan arropak garbitzeko ere baliagarria izan zaigu errekatxoa. Ia eguneko ordu guztietan emakumeren bat egon ohi da amildegiaren ertzean arropa ikuzten, hura baita lekurik egokiena, bertan hartzen duelako urak sakonera gehien.

Hain zuzen ere, jentilen harkaitzaren gibeletik, emakume haiei botatzen zizkieten gure anaiek Pagopeko udareondoko udaretxoak, jarraian lasterka hasten ginelarik, “Demonio gaiztoak! Joxe alguazilari zuen bila joateko esango diogu!” entzuten genuen bitartean. Joxemiel eta Antton, mutil gazte mardulak izanik, azkar egiten zuten hanka; baina Inaxi, Arantxa eta ni haiek atzetik harrapatu ezinik ibiltzen ginen.

Hori dela eta, sarri xamar haserretu egiten zitzaizkigun bi mutilak; gu haiekin ginela ezin omen zituzten gura bezain ongi burutu bihurrikeriak eta. Halako kasuetan bakarrik ikusten nuen anaia nirekin muturtuta. Izan ere, elkar asko maite baikenuen, ez genuen sekula bata bestearekiko errespetua galtzen eta beti prest geunden elkar laguntzeko. Bion arteko erlazio eder eta bereziaren zio nagusia, hiru urte nituenean gure aita hil izana zen; orduz gero, beste anaiarik ez izatean, bera izan baitzen etxeko gizon bakarra eta, beraz, ia aita bat niretzat.

Anttonek, Inaxiren anaiak, berriz, behin baino gehiagotan iraindu ohi gintuen, eta askotan arrazoi garbirik gabe, gainera.

—Alde egin ezan hemendik, hire txerri aurpegi horrekin. Utz nazan bakean, ospa!

Momentu haietan norbaitek sei bat urte geroago, udako egun sargori hartan, aitortu zidana aitortu behar zidala esan izan baligu, ez genukeen ez berak eta ez neronek sinetsiko.

Abuztuko egun sargori hartan, amak amildegiaren inguruko ohiko aholkua eman ostean, pitxarra hartu eta ur bila bidali ninduen. Harantz zuzentzen hasi orduko, pagaditik Antton bidera irten zela ikusi nuen, nigana etorri zelarik. Besoak luzatuz, pitxarra hartzeko imintzioa egiten zuela, ea bere laguntza estimatuko ote nion itaundu zidan. Nik buruaz baiezkoa egin nion, jarrera aldaketa hura ulertu ezinean. Amildegia begi bistan genuenean eta Balbea errekak bertan behera erortzean sortzen zuen hotsa entzuten genuenean, Anttonek ordura arteko isilunea hautsi zuen.

—Lurdes, gauza bat aitortu behar dizut —hasi zen, etengabe lurrera begiratzen zuen bitartean—. Orain arte ez naiz oso ondo portatu zurekin, baina maite zaitut.

Erabat mututurik geratu nintzen hura entzutean. Berak, hitz egiten hasi zenetik lehen aldiz, aurpegira begiratu zidan, begi zeharka izan bazen ere, nik zerbait esateko esperoan balego bezala. Baina ez nintzen ahoa irekitzera ausartu; ezta bera ere. Pitxerra urez bete ondoren, baserrietara jaitsi ginen elkarri begietara so ere egin gabe eta amaieran agur lotsati bat eginez.

Baina hasiera batean gure herabetasuna oztopoa izanagatik, denbora igaro ahala, eragozpenak gainditu eta bion artean erlazio sendo bat ezarri genuen, bizpahiru urte geroago, maiatzeko egun batean, ezkondu ginelarik.

Data gogoangarria da niretzat, zalantzarik gabe; baina ez ekarri zidan zoriontasunagatik, orduz gero gertaturiko ezbehar ugariengatik baizik.

Pare bat hilabetera, izurri batek gogor jo zuen gure herria eta, zoritxarrez, beste hainbaten artean, bai Anttonen ama eta bai nirea hil egin ziren. Ondorioz, Joxemiel bakarrik geratu zen gure baserrian, Zumarren, ez bai-tzuen oraindik emazterik.

Hala ere, nik Pagopen, Anttonen baserrian, jarraitu nuen bizitzen, senarra, haren aita Joxemai eta arreba Inaxirekin batera, beste bi anaia gazteenak Ameriketara joanak baitziren bizitza aurrera ateratzera.

Baina, etxean lau pertsona soilik izanagatik, elkar konpontzea ez zen, ez, erraza suertatzen. Antton eta bion arteko harremana gero eta hotzagoa zen, nire antzutasuna ere traba zelarik.

Paradoxikoki, erlaziorik garratzena haurtzaroan adiskide mina izan nuen Inaxirekin nuen. Ezkondu eta berehala, Inaxiren ama hiltzean, oinordekoaren emaztea izanik, etxekoandre bilakatu nintzen. Inaxik ez zuen inolaz ere hori ontzat eman, eta, Pagopeko lekua kendu niola argudiatuz, nirekin erabat haserretu zen.

—Neronen etxeko lekua kendu didan, bai, baina hau ez dun horrela geratuko, ez! —mehatxatzen ninduen behin eta berriz.

Zemai horiek ez nituen nik aintzakotzat hartzen, hasierako haserrealdiaren fruitu zirela pentsatzen nuen; egoerara ohitu orduko, berriz ere adiskidetuko ginela.

Bat-batean, ordea, bere mehatxuak isildu egin ziren eta horrek guztia amaitu zela pentsatzera eraman ninduen. Baina ez zen horrela izan, Joxemielek Inaxirekin ezkondu behar zuela esan baitzidan handik egun ba-tzuetara. Ni saiatu nintzen anaia ezkontza ezeztatzera limurtzen, Inaxik asmo onik ez zuela esanez, baina alferrik. Nire zoritxarrerako, Joxemielen eta mendeku bila zebilen Inaxiren arteko bategitea burutu zen.

Modu horretan, Inaxi eta ni bata bestearen jatorrizko baserrietan geunden etxekoandre: bera Zumarren eta ni Pagopen.

Egoera hartan, denboraldi batean ekaitza baretu zen, neguko egun hotz batean berri lazgarri hura senarrak eman zidan arte. Nire anaia maitea bihotzeko batek jota hil omen zen. Berri hura kolpe latza izan zen niretzat, eta mendeku desio gogorrak piztu zituen nigan. Izan ere, beroaldi hartan ziur bainengoen, esanak esan, nire anaia ez zuela bihotzeko batek hil, baizik eta Inaxiren lana izan zela, Zumar baserria bereganatzeko xedeaz.

“Aaaaaaaa!” Inaxiren oihuak oldarka sartu dira nire gogoan, erreka ur soinu batekin nahasturik.

Ur hots horrek zabutik salto batean zutituarazi nau eta aldatsean gora jarraitu dut, Balbea errekastoraino iritsi arte. Jada bertan egonik, atzo euria ari zuen bitartean hara ailegatu eta amildegi ertzean arropa garbitzen ari zen Inaxik ni ikustean ipini zuen izu aurpegia gogoratu zait. Hark bazekien nire anaiaren heriotzari buruz nuen iritzia eta, gerta zitekeena aurreikusiz, zutik jarri zen, lasterka batean hurbiltzen nintzaiola ikustean. “Lurdes, zer egiten dun! Hi erotuta hago!” oihu egin zuen ahots dardaratiz. “Baina, kontuz, kontuz!” entzun zen bailara osoan, eta jarraian, denboratxo batean, kurrixka garratz bat; eta, ondoren, Balbea errekaren hots lasaia.

Ondoren, atzera begiratu nuen eta Arantxaren aurpegi zurbila ikusi nuen jentilen harkaitzaren atzetik begira. Nire begiradak berearekin topo egitean, korrikari eman zion, nire kontzientzia lasaitasunari eskutik helduta.

Erroitzaren ertzera hurbildu naiz, egun osoan behin eta berriz pentsatutakoa burutzeko asmoz. Kartzelatik libratu nahi dut, Joxek bertan sartzen ez banau ere damutasunak nire bihotza bizitza guztirako preso hartu baitu, gaur goizean medikuak nire anaia maitea benetan bihotzeko baten erruz hil dela baieztatu baitit.

Bailara osoan atzokoaren moduko beste garrasi bat entzun da eta, ondoren, berriz, Balbea errekastoaren ur jarioaren soinu barea, betierekoa.