Oriora.com

Ametsak amets

Iñaki Arruti

Zure begirada sarkorra,
zure biloen fereka leuna,
zure ezpain gozoen zurrumurru eztia,
zure maitasuna…
nireak balira,
ni guztiaren jabe nintzateke,
Jainko bilakatuko nintzateke.

Eta, orduan,
zozoak zuriak izango lirateke,
arrosak arantzarik gabeak lirateke,
otsoek urretxindorrak lez abestuko lukete,
sahats negartiaren adarrak gorantz
luzatuko lirateke,
heriotzak soineko orlegia jantziko luke.

Baina zure maitasuna neureganatzeko desioa
Hefesto jainkoak itsasoa sutzeko nahiaren pareko da.

Heriotzak bere soineko beltzarekin zelatatzen segitzen du,
sahats negartiak malenkoniatsu beherantz luzatzen dira,
otsoek beraien ulu latzekin beldurtzen jarraitzen dute,
arrosek euren arantzekin bihotza sastatzen didate,
zozoek luma beltzekin nire bizitza
kolore ilunez margotzen dute.

Zure begiradak oihu bortitzak jaurtitzen dizkit.
Zure ahots mikatzak zaplaztekoak ematen dizkit.
Zure gorroto garratzaren ezten zorrotzez bihotzaren hitza
erdibitzen zait.

Baina, supituki,
ilargi amandrearen gudariek hiria setiatu dute,
eguzkia zauritu dute,
itsasoan odolustuz desagertu delarik.
Iluntasunak hiria besarkatu du,
itzalek nire logela besarkatu dute,
zu besarkatu zaitut,
nire bihotzak zurea besarkatu du.

Gauak
zetazko zapiaz nire begiak estali ditu,
isiltasunaz nire belarriak ezabatu ditu,
gu bion arteko munduan murgildu nau.

Dagoeneko,
dagoena ez da dirudiena
dirudiena da dagoena,
errealitatea ez da amets
ametsa errealitate da.

Zure ile horia: eguzkiaren printzak.
Zure hatsa: kresala.
Zure azal leuna: hondarra.
Zure intziriak: olatuen hotsa.
Zure begi urdinak: itsasoa.

Eguzkiaren printzek sutzen naute,
odola irakiten didate,
sentimenak pizten dizkidate.

Kresalak,
lili usaina;
itsasoaren ele leunak,
marrubiaren gustu gazi-geza
dakarkit

Hondarra nire eskuetan hartu dut,
ferekatu egiten nau,
kilimatu egiten nau,
nire azalean behera irristatzen da.

Olatuen hotsek
maitasun hitzak,
gozamen oihuak
bidali dizkidate

Itsasoak
bereganatu egin nau,
lo lasaiera itzularazi nau.

Eguzkia bezperako porrotetik mendekatu da,
itzalak uxatu ditu,
besarkadak ezabatu ditu,
ametsak erail ditu,
loa amaitu du,
zure gorrotoa ekarri dit.

Dagoena dagoena da
dirudiena dirudiena,
errealitatea errealitate da,
ametsak amets.