Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2001 »  Barra muturrean

Barra muturrean

Zigor Etxaniz

—Egia esan, ez zuen ekaitz izugarria ematen. Ez, behintzat, beste asko baino izugarriagoa.

Badira neguan zenbait egun Karlosek maite dituenak. Giro hotzeko egunak dira, neguan ugari diren horietakoak, baina zeru garbikoak, ahuldutako eguzki txuriak gogoz jo eta jendearen aurpegia alaitzen dutenekoak. Laino nabarretan eta euri azpiko hezetasun ilunean murgilduriko hilabetetan, halako egunak paradisuko zati dira kostaldeko paraje haietako jendearentzat. Urdinak goibeltasunari hartzen dio tokia zeruan, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Karlosi ere. Orduan, halako egunetan, paseatzeko eta ia-ia korrika egiteko gogoa izaten du, bihotzeko ilun propioak ere atzean uzteko asmoz, nonbait. Horrela, gorputza arropez bete eta txangoari ekiten dio, beti ere pausoak itsasoa eta mendia uztartzen diren lekurantz abiatuz. Zangoek bere kasa hartzen dutela hara joateko erabakia dirudi, buruaren aginduei itxaron gabe.

—Ez, ez zen hain galanta izan. Baina badakizu nolakoa den jendea. Gero gertatu zena ikusi eta gero, handitu egin dira olatuak urteak pasa ahala, ozendu haizearen orroak, tragediaren handitasunak bere zerga eskatu izan balu bezala.

Barrako bidea hartuta, txalupa txiki bat ikusi du ezkerrean, errioan behera, itsasorantz. Hari hobeto erreparatzeko, agure batek atseden hartzeko aukeratu duen harkaitzaren parean gelditu ditu pausoak. Ordea, asmo zaharra alde batera utzi eta agureari begira geratu da. Zerbait dauka begiradan, edo begietan, bere arreta erakarri duena. Itsasorantz doan txalupari begira dago, malenkoniaz beteriko begi urdinekin. Baina ez da ma-lenkonia bakarrik, ez, badago beste zerbait, Karlosek aurkitu ezin duen sentimendu ezkuturen bat, begirada horretan galduta. Eta, bat-batean, begirada txalupatik aldendu eta Karlos ikustean, malenkonia eta tristura eta beste-zera-hori desagertu egin dira agurearen aurpegitik eta harridurak bete du haiek utzitako lekua. Baina istant bat baino ez da izan, segundo bat. Berehala berreskuratu du lehengo aurpegiera, eta berehala kendu ditu begiak Karlosengandik, berriro ere barra muturrari buelta eman eta lehenengo olatuekin liskarrean hasi den txaluparantz eramanez. Karlosek, txapela azpiko zaharra beharbada nahastu egin dela pentsatu du, beste norbait zelakoan. Nagusiek mamu ugari izaten dituzte buruan, iraganean ezagututako eta atzean utzi eziniko mamuak. Burutazio horietan dabilela hasi zaio tupustean zaharra hitz egiten, oraindik ere erriora begira, ez dakit zer ekaitza gora ez dakit zer olatuak behera, filosofia kutsuko hitzetan…

—…tragediaren handitasunak bere zerga eskatu izan balu bezala.

Ahoa itxi ahala, buru gainera eraman ditu eskuak, txapela hobeto kokatzeko. Karlosi batere begiratu gabe, besoa luzatu eta arroka seinalatu du bere alboan, eser-tzeko gonbidapen gisa, antza. Karlosek, une batean pentsatu eta gero, esertzea erabaki du. Neguak halako egunak eskaintzen dituenean edozer gauza gerta liteke, pentsatu du irrińo gazi batez. Eseri eta isilik geratu da, aldamenekoaren hurrengo hitzen zain, baina hitzak ez dira uste bezain pronto iritsi, agurea errioari begira geratu baita une luzean, eta horixe bera egin du Karlosek ere. Berriro hitz egiten hastean, ustekabean harrapatu du.

—Begira, jendeari ez zaio kasu handirik egin behar. Egia da itsasoak bota zuela baporea, baina ez ezazu sinetsi esaten den guztia: hamar metroko olatuak zirela, altxa zuen haizeak Titanic bera ere infernura eramateko gauza zela… Gezurra dirudi! Gertatutakoa gutxi izan balitz bezala, zera, halako txorakeriak asmatzen ibili behar! Ez al da, ba, nahikoa, hiru gizon betirako itsasoak eramatea, halako gezurrekin tragediari itxura epikoagoa eman behar izateko?

Berriro begiratu egin behar izan dio agureari. Nor da modu horretan mintzatzen zaion tipo hau? Eta, gainera, aipatu duen istripuaren xehetasun horiek… Ez da, ez, aditzen dituen aurreneko aldia: hamar metroko olatuak eta abar. Gutxi izango dira herrian gertaera ezagutzen ez dutenak, eta gutxiago Karlosek berak baino hobeto ezagutzen dutenak. Agurea berriro da isilik, barra puntari begira, baina begiak erabat galduta, iraganean seguru asko, eta, jendearen mingain gezurtiari buruz botatakoak sorturiko sua baretu ondoren, tristezia hedatu da berriz bere aurpegiko zimurretan, eta bizitzak, begi urdinetatik ez ezik, gorputzeko zirrikitu guztietatik alde egin diola dirudi. Berriro hasi da hizketan, baina orain oso bestelakoa da bere ahotsa, iraganaren ausikiak urratuta bizitzaren zatia aspaldian galdu duen norbaitena.

—Azken marealdia genuen, urteko azkena. Etxetik gertu ginen jada, festen usaina ere zabaltzen hasia zen bapore osoan. Bukatzeko gogoz, lan neketsuenak atzean utzita, pozik geunden, nahiz eta itsasoa zakarra izan azken egunetan. Irratiak iragarria zuen ekaitza. Ez zen, ordea, gure bizitzako aurrenekoa; ezta azkenekoa ere! pentsatu genuen inozoki gehienok. Azken egunean erabat okertu zen eguraldia, baina guk salbu ikusten genuen geure burua, etxetik ordu pare batera ginen eta. Baporea bazetorren saltoka, alai, gora eta behera itsaso grisaren gainean, motor zaharrak ia guztiak emanda. Eta, azkenean, ikusi genuen errioko sarrera, eta inguruko mendiak, eta baita elizako kanpandorrea ere; kanpaiak ere aditzen genituela esango nizuke, nahiz eta hori ezinezkoa izan; hainbestekoa baitzen gure ailega-tzeko irrika! Eta orduan, hortxe, barraren aurrean ginela, gertatu zen.

Karlos ere barra muturrari begira dago, eta berak ere galduta ditu begiak, galduta etxean hainbatetan en-tzundako istorioan, txikitatik ezagututako gertaeratan. Baina inork ez dizkio agure hark bezala kontatu. Ez da ezer berria entzuten ari, baina kontatzeko modua erabat garbia eta sinesgarria iruditzen zaio. Izan ere, ezin ditu inork barruan izandako norbaitek baino hobeto kontatu.

—Noizean behin holako gauzak gertatzen dira, itsasoa holakoa baita. Bestetan ere gertatu izan zitzaidan. Ez dakizu nondik edo zergatik; baina, bat-batean, gainontzeko olatuek baino indar gehiago duen bat ailegatzen da. Ez da handiago, baina bai indartsuago, eta berarekin dakar haize bolada bortitz bat ere. Iritsi da eta joan da… segundo bat baino ez. Ez zara ezertaz konturatzen. Mila bider egon zara holako itsasoarekin borrokan eta badakizu ez dela hainbesterako, baina oraingoan baporeak buelta osoa eman du eta buruz behera zaude kaitik bost minutu eskasera eta tripulazio erdia barruan dago: mundua hankaz gora eta hor daude, barruan sartzen ari den urarekin borrokan; beste erdia itsasoak bota du kareletik eta bakoitza bere kasa ari da barra muturrera edo hondartzara iritsi nahian. Herriko jendeak ikusi du gertatutakoa eta berehala jarri da lanean, guregana ahal den azkarren ailegatzeko.

Karlosek ez ditu ikusten jada zeru urdinak eta eguzki horiak eta mendi berdeak. Barra muturrean dago galduta, hogeita hamar urteko jauzian, zaharraren hitzetan igeri, baporearen barruan geratu diren pozez eta miseriaz beteriko gizonen azalean. Batez ere, gizon horietako baten azalean. Baina agurea berriro hasi da hitz egiten.

—Hasieran ez genuen sinetsi nahi. Ikusten genuen, bai, konturatzen ginen sabaiaren gainean ginela zutik, baina ez genuen onartu nahi. Horrelako gauzak ez dira etxetik ehun metrora gertatzen. Bakoitzari lanean ari zen lekuan harrapatu zion urak. Bi lagun ari ginen txopa aldean baporea irauli zenean. Tente jarri orduko konturatu ginen ur azpian ginela jada, itsas hondoaren bila abiada bizian. Ontzia urez ari zen betetzen alde guztietatik. Gurean ez, ordea. Dena genuen itxirik. Elkarri begira geratu ginen une batean, eta ondoren gertatuko zitzaiguna ikusi genuen elkarren begietan garbiki islaturik. Atea ireki orduko, urak indar izugarriarekin hartuko zuen gure gela. Ez genuen hitzik ere egin, baina garbi zegoen bietako batek hantxe bertan geratzeko arrisku galanta zuela. Behin atea irekirik, ahal zen azkarren ibili beharko zen kanporantz joateko, ura arrapaladan sartzen zen bitartean. Eta, orduan, heriotzaren isiltasuna baporearen erraietan urak sortutako zurrunbiloak baino puskatzen ez zuenean, hitz egin zidan nirekin zegoen gizonak, ezer gertatuko ez balitz bezala, ogia erosterakoan erabiltzen den doinuarekin: “Benga. Hi aurretik”. Horrelaxe esan zidan begiak nire gainetik istant bakarrean ere kendu gabe, “Hi aurretik”, eta ni hitzik gabe geratu nintzen eta begirada jaitsi nuen, isilik, lotsa ematen baitzidan gizon jokatzeak eskatzen zuen erantzuna eman ezin izateak; hiru hitz horietan kabitzen zen guztia jakinik (uraren indar beldurgarria, arnasa hartu ezina, heriotza…), jaramon egiten ez niolako, handik ahal bezain azkar atera nahi nuelako, etxean egon nahi nuelako, andrearekin eta alabatxoarekin, eta ez uraren azpian barraren aurrean. Indartsua da, pentsatu nuen, indartsua da eta aterako da bera ere, bai, aterako da, berak ere badaki hori eta horregatik esan dit “Hi aurretik”; badaki, ni atzean geratuz gero, ez dudala zer eginik, hementxe geratuko naizela. Hartara, biok salbatuko gara, biok aterako gara baporetik eta etxean izango gara hemendik bost minutura…

Karlosek malkoak ikusten ditu agurearen aurpegian, zimurretan behera, jada hogeita hamar urte dituzten malkoak. Agurea aurrera begira dago berriro, oraingoan itsasotik kairantz datorren txalupa txiki bati begira; txaluparen jabeak besoa luzatu dio agureari, eta honek agurra itzuli dio aurpegian ageri zaion tristura kentzeko inolako ahaleginik egin gabe. Bera ere negarrez egon beharko lukeela pentsatzen du Karlosek, baina ez zaio malkorik ateratzen. Izan ere, ez du ia ezer sentitzen, errukia baino, aurrean duen gizonarekiko errukia. Ipuin kontalari bati entzuten zaion bezala entzun du baporearekin gertatutako kontakizuna, albistegietan babarrunak jaten diren bitartean hirugarren munduko tragediak entzuten diren bezala.

—Baina ez ginen biok atera. Bera barruan geratu zen, urez beteriko zerraldoan. Guztira, hiru gizon hil ziren barra aurrean. Hilotzek hamar egun eman zuten ur azpian. Barruan zein geratu ziren herrian zabaldu orduko jakin nuen emaztea haurdun zuela. Gertatutakoa ahaztu ezinik, itsasoa utzi eta herritik alde egin nuen orain dela gutxi arte. Geroztik, askotan pentsatu izan dut orduan jakin izan banu —ur azpian ginela, gizon haren emazteak zu barruan zintuela jakin izan banu— ez nuela zure aitaren eskaintza onartuko, ez nuela bere begiradari eutsi ezinik burua lotsez jaitsiko, ez nintzela aurretik irtengo; askotan pentsatu izan dut… Baina, jada, ez dut nire pentsamenduetan ere sinesten. Erraza izaten da horrelakoak pentsatzea; okerra egin eta gero, Jainkoari egunero barkamena eskatuz oroipen beltzak malkotan itotzea. Baina alferrikakoak dira hitzak eta negarrak. Hogeita hamar urte pasa ditut zure aitaren begiradarekin ametsetan, eta, nire ondoan jarri zarenean, begirada berbera ikusi dut, eta oraingoan ere ezin izan diot eutsi. Kontuak garbitzera etorri zarela pen-tsatu dut. Horregatik azaldu nahi izan dizut gertaturikoa. Orain badakizu. Zure aitari esker nago bizirik, eta nire erruz zaude aitarik gabe. Bizitza erdia eman dut aitzakiaren baten bila noizbait horrelakorik gertatuko zitzaidala jakinik; baina, dagoeneko, zaharregia naiz horrelako gezurretan ibiltzeko, zaharregia…

Eserita eta ezer esan gabe geratu dira biak arroka gainean, guztia esana dagoenean ez baita komeni ahoa irekitzea. Karlosek olatuak ikusten ditu barra muturrean, arroketan leun puskatzen; gezurra dirudi itsaso berberak bapore bat guztiz hondatu izana. Eguzkia mendiaren atzean ezkutatu da, eta gero eta urriagoak dira errioan gora eta behera dabiltzan txalupak, bizitza eta heriotza bere baitan gordetzen duen itsasotik bueltan. Agurea altxa da arrokatik, poliki, eta, Karlos atzean utzita, herrirantz abiatu ditu bere pauso motz eta neketsuak. Berak ere atsegin ditu horrelako egunak, hotzak eta zeru garbikoak. Horrelako egunetan edozer gauza gerta liteke. Jendea alaiago dabilela dirudi kostaldeko paraje hauetan, eta zenbaitek bihotzeko laino ilunak ere atzean uzten ditu, iraganeko mamuak.