Irati eta Ismael
Iņigo Fernandez
Bat
Errudunen bat behar izaten dugu beti. Errudun bat gutxienez behar izaten dugu, edozein buruhauste konpontzen hasterako. Iruditzen zaigu, errudun bat topatuz gero, arazo txiki bihurtzen dugula arazo konpongaitza zena. Zer azalpen du horrek? Erantzun posible bat bururatzen zait: guk geuk errudun izateari uzten diogu, errua nori egotzi topatzen dugun unean bertan. Horra hor gakoa: geure burua zuritzearren gabiltza errudunak topatzen etengabe. Errudun bat izendatzerakoan, gainera, kexaka ari gara nolabait; eta kexatzen garenean, zertan ari gara, ez bada kontsolamendu eske? Kontsolamendua behar duen animalia da gizakia. Hori da, bai: kontsolamendu faltan bizi gara, eta bake izateko, behar-beharrezkoak zaizkigu errudunak.
Halako hausnarketa nahasiak sarritan egiten zituen Ismaelek. Haurtzaroko gertaera baten ondorioz, maiz nekatzen zuen burua halako kontuetan. Ismael ez zen, ordea, zeru-sabaiari erreguka edo biraoka jardun zale. Ez zuen zerura jotzen kontsolamendu eske; lurrean bila-tzen zuen berak aterpe, mundu honetan topatzen zituen Ismaelek beharrezkoak zituen errudunak.
Orrialde hauetara ekarriko dugun txikitako gertaerak betirako markatu zuen. Egoera aztertu eta hutsegiteak non egon zitezkeen aztertzen saiatzen zen Ismael, patuari errua bota beharrean. Ahaleginak ahalegin, hala ere, inoiz ez zuen ezer argitzerik lortu gertakari haren inguruan.
Karraskariaren teknikaz baliatu nahi izan zuen urtetan, haurtzaroko kontu hura ahaztu eta atzean uzteko. Karraskariaren teknikari jarraiki, koska karraskatzea da, arazoa pentsatu eta birpentsatzea, barne-koskak leuntzeko modurik onena; beste hitzetan esanda, arazoa ikuspuntu posible guztietatik begiratu eta higatzea da hura desagerrarazteko erarik eraginkorrena. Teknika hori, ordea, ez zen hain eraginkorra izan Ismaelen kasuan. Are gehiago, kalterako suertatu zitzaion Ismaeli kontu hari eskainitako denbora guztia. Txikitako tristezia handi hura zama bihurtu zen gaztaroan, eta geroago ere, urteen joanarekin, ikaragarrizko kulpa bihurtu zitzaion. Errudunez jositako mundu honetan, Iratiren oroitzapena zuen Ismaelek kontsolazio bakar.
Bi
Gaur ere berandu iritsi naiz eskolara, beti bezala. Han zeuden, bakoitza bere lekuan, lagun guztiak: Tomas, Xabi, Mikel, Pello... eta baita neskak ere: Miren, Ane, Maider... Tonta alaenak dira denak. Ni neure lagunekin egoten naiz beti, eta taldean ez da neskarik onartzen, ezberdinak baitira haiek. Hori guztia esaten dut, neska berri bat ere bazelako gaur ikasgelan, besteak bezain tuntuna dirudiena.
Andereņo Marijek bere mahaira deitu dio, eta haren sorbaldan esku bat pausatuz, ozen hitz egin du guztiontzat:
—Egun on, neska-mutilak. Ikaskide berri bat dugu gaur geure artean. Gasteiztik hona etorri da bizitzera, eta hemen ikasiko du gurekin aurrerantzean. Irati izena du. Bai, ezta?
Ozta-ozta egin dio neskak baietz buruarekin, baina ez du hitzik esan. Ulertzekoa ere bada, lehen eguna izanda, neska berria zertxobait lotsatuta egotea. Ez da hain ulergarria izan, ordea, gero gertatu dena. Hamaika galdera egin dizkio andereņo Marijek, esaldi bat, hitzen bat atera nahian; alferrik, baina, neska berriak ez baitu tutik ere erantzun. Zurrumurrua piztu da ikasleon artean, neska berriaren isiltasuna zela medio. Lurrera begiratzen zuen neska hari hitzen bat nola edo hala ateratzen saiatu da Marije behin eta berriro, baina ez da modurik izan. Barrez eta algaraka hasita geunden ordurako ikasle guztiak, lotsagarri geratzen ari baitzen andereņoa. Haserretu egin da azkenik, eta galdera zuzenagoak egiten hasi zaio ikasle berriari, “bai” edo “ez” bat behintzat aterako ziolakoan. Baina neska berriak ez dio kasurik egin; ezta andereņo Marijek, bere onetik aterata, aurpegian jo egin duenean ere. Isil-isilik geratu gara guztiok. Tomasek bakarrik izan du barre egiten jarraitzeko odola.
----------
Maria Jesus Korta irakaslea,
Iratiren ama naiz, Beatriz. Iratik txintxo-txintxo ekarri dit zuk emandako eskutitza, eta ikasgelan zer gertatu zen ere azaldu dit. Zaude lasai, badaki-eta nahi gabe egin zenuela, zeure onetik irtenda. Argi eta garbi esango dizut, zure lasaitasunerako: ez gehiago arduratu Iratiri eman zenion belarrondokoaz. Barkatu egiten dizula esan dit alabak, eta nik ez dut ezer gaineratuko, bidali didazun eskutitzean nabarmena baita damu zarela egindakoaz. Zaude lasai, beraz, alde horretatik.
Eskertzen dizut nire alabarekiko agertzen duzun kezka. Oso lanpetuta nabil, ordea, azkenaldian, eta ezin dut joan zuk deitzen didazun bilera horretara. Ez ezazu pentsa, hala ere, Iratiren egoera berriak kezkatzen ez nauenik. Gustura jakingo nuke haren berri zehatza. Badakit ez dela zure lana, eta kopeta pixka bat ere badudala pentsatuko duzu beharbada, baina benetan eskertuko nizuke Iratiren gorabehera berriei buruz idatziko bazenit tarteka. Hala nahi izanez gero, mezu laburrak idatzi, ez hartu hainbesteko nekerik.
Egia esango dizut. Nire senarrak utzi egin gaitu, eta horregatik etorri gara hona, hiria atzean utzita. Ni hemen jaiotakoa naiz, Haizetsu baserrian eta aterpe bila bueltatu naiz alabarekin. Nire gurasoak ia ez dira baserritik jaisten, eta nik lanean, kanpoan, ematen dut egun osoa. Ikus dezakezunez, hanka non pausatu asmatu gabe gabiltza oraindik.
Badakit Iratiren jarrera zertxobait bitxia suerta daitekeela; sinets iezadazu, hala ere: moldatuko da denborarekin. Neska berezia da Irati, bai, baina maitekorra oso, eta azkarra ere bai. Bizitzak hainbeste erakutsi dio horren denbora gutxian…
Beatriz Elorrieta
----------
Neska denak txoro batzuk dira, eta Irati-edo izeneko neska berri hori da guztietan tuntunena. Ez dirudi oso betea denik. Asteak daramatza geure artean, eta oraindik inork ez du hitzik entzun haren ahotik. Isilik eta bakarka egiten ditu ordu gehienak, bere munduan bilduta; eta jolastorduetan ere, eskolako atezainaren txakurrarekin egoten da, gainontzeko ikasleokin nahastu beharrean.
Tomas izan da neska berriaren ahotsa entzun duen lehendabizikoa. Berak hala esan du, behinik behin, eta nik sinistu egiten diot orain, ikusiak ikusi eta gero. Neska berriak txakurrari hitz egiten diola ziurtatu du Tomasek, baina inork ez dio sinistu. Gezurtitzat har-tzen ote genuen marmarka hasi da haserre. Indartsuena da Tomas, buruzagia nolabait esateko, eta ez du sekula onartzen bere lepotik egindako barrerik. Neska berriarengana eraman gaitu azkenean.
—Hi, aizan! —esan dio Tomasek, zer gertatzen zen ikustera jende gehiago hurbiltzen hasi den bitartean.
Neskak ez dio jaramonik egin. Egia esan, haren erabateko arretarik eza ikusita, gorra izango zela pasa zait burutik, ezinezkoa baita Tomasen ahotsa tonuera horretan aditu eta hain ezaxolati agertzea.
—Aizu! —altxatu egin den arren, oraindik lurrean iltzaturik zeuzkan begiak neska berriak—. Esaiezu hauei hitz egiten entzun zaitudala. Ez al da hala? Ez al diozu zerbait esan txakurrari?
Neskak ez zuen ez keinu ez hitzik egiten.
—Gezurtero moduan geratuko naiz! Aditzen al duzu? Esan egia! Hitz egin al diozu txakurrari, bai ala ez?
Ez entzunarena egiten jarraitu du Iratik. Zurrumurrua piztu da han geunden guztion artean, eta sutan jarri da Tomas. Orduan, inguruan zeuzkan guztien aurrean andereņoa bezainbat izateko, tximetatik heldu du Irati, lurrera bota, eta pare bat ostiko eman dizkio. Neska batzuk marruka hasi badira ere, han ez da irakaslerik agertu, eta inork ere ez dio aurre egin Tomasi. Neska berriak kexatu gabe jasaten zituen kolpeak, eta ez zuen bere burua babesteko asmorik agertzen, ez zuen ezertxo ere egiten, ezta negar-tantarik ere. Orduan, neska tuntun hura borrokan hasten ez zela ikusita, egurra emateari utzi, eta alde egin du Tomasek.
Joan egin gara denak handik pixkanaka-pixkanaka. Ni bide erdian gelditu, eta begira geratu natzaio neska berriari. Ez du denborarik galdu itxurak egiten. Guztiak urrutiratu garenean, txakurrarengana joan, hura besarkatu, eta zerbait xuxurlatu dio belarrira.
----------
Kaixo, Beatriz:
Pozez zoratzen idazten dizut. Gaur, lehendabizikoz, hitz egin egin dit Iratik. Zur eta lur utzi nau, eta arrazoi duzu, zinez: azkarra da, oso, zure neska. Natur zientzietako gai bati buruz galdezka hurbildu zait eskolak amaitu ostean. Betidanik lagunak bagina bezala zuzendu zait, inongo mesfidantza, lotsa edo eragozpenik agertu gabe. Ez dakit zein izan daitekeen berak jarrera aldatzeko arrazoia, baina beso zabalik jaso dut. Segi dezala horrela, bide beretik.
Gogoz emango dizut nik Iratiren berri. Ez dut inolako eragozpenik hamabostean behin-edo zuri eskutitz bat idazteko. Gainera, eskatzen didazun lana ez da hainbesterakoa, eta saiatuko naiz nik ikusten dudana zuri jakinarazten.
Beste kontu bat ere aipatu nahi nizun. Iratiren egokitzapena geldoa izango dela ematen du. Egunean baino egunean esnatuago sumatzen dudan arren, oraindik ez du tarterik aurkitu bere ikaskideen artean. Buru-belarri egoten da eskola orduetan, lanean murgilduta, eta jolastorduetan, berriz, nahiago izaten du eskolako atezainaren txakurrarekin egon beste umeekin jolasten jardun baino. Ahaleginak egingo ditut neureganako erakutsi duen jarrera besteengana ere zabal dezan. Talde-lan batzuk antolatzen ari naiz helburu horrekin datozen asteetarako.
Marije Korta
----------
Gaurko, musika tresna bat eraman behar zen eskolara. Ahoko soinua eraman du Xabik, xirula Mikelek, eta danbor handi eta zaratatsu bat Tomasek. Nik ere danborra eraman dut, baina danbor txikiago bat.
Hango gitarra eta hemengo danborra, egundoko zalaparta sortu dugu eskolan. Tomasen danborra zen, hala ere, guztietan zaratatsuena, haren danbatekoek gainontzeko guztion doinuak isiltzen baitzituzten. Ni haserretu egin natzaio, “bere zaratak besteon musika itotzen zuelako”. Pikutara bidali nau Tomasek, eta gero, Xabi, Mikel eta Pellok ez dute nitaz ezer jakin nahi izan. Iratiren aldamenean azaldu naiz orduan; ez dakit nola, egia esan.
Nire danborra asko gustatu zaio Iratiri, “txikia baina indartsua delako”. Nire danborrak soinua egiten omen du, ez zarata, eta oso atsegina omen da halako soinu trinkoa gertu izatea. Babes handia ematen diola esan dit.
Izugarria izan da Iratirena. Karakola bat eraman du berak; karakola baten oskola, hobeto esanda. Hondar-tzan izan zen batean, aspaldi, han topatu omen zuen ur izkinan. Berak onartzen du karakol oskola ez dela ohiko musika tresna bat, baina zera esan dit, gutxi gorabehera: munduko musika tresnarik onena dela karakola, behin ere putzik egin gabe edota sokarik ukitu gabe, musikarik ederrena, itsasoa, entzun daitekeelako beti bertan.
----------
Kaixo, Beatriz:
Lehen-lehenik aurrekoan ahaztu zitzaidan gauza bat esan nahi dizut: ez duzu zertan nire eskutitz bakoitza erantzuteko lana hartu behar. Benetan. Gustura idazten dizut nik, eta nahikoa dut nire eskutitzak jasotzen dituzula esateko idazten baldin badidazu noizean behin. Bitxia da, ez dugu elkar ezagutzen bi mila biztanle baino gutxiago dituen herri honetan (kalean ikusita ere ez genuke elkar ezagutuko), eta, hala eta guztiz ere, eskutitzak trukatzen gabiltza herri barruan. Bitxia da, gero.
Heldu diezaiogun, baina, Iratiri. Nire uste apalean, eta ez ezazu gaizki hartu, kariņo falta handia du Iratik. Eskolan bilatzen du etxean topatzen ez duen berotasuna. Eskolako atezainaren txakurrarenean bilatu zuen aurrena, niregana jo zuen gero, eta lagun berri bat egin du orain: Ismael.
Iratik ez du hitz egiten ez gelako beste neskekin eta ez Tomas izeneko ikaskide batekin; gainontzeko mutilekin hitzen batzuk trukatzen ditu, baina Ismaelekin egoten da batez ere. Ismaelek, bestalde, ez zuen orain arte neskekin hartu-emanik izaten, eta orain, aldiz, Iratirekin orduak egiteaz gainera, jarrera irekiago bat agertzen du beste neskekiko.
Ismael aldatzen ari da, eta Irati, berriz, alaitzen. Esango nuke zerbait sumatu duela Iratik Ismaelengan, eta era berean, Ismael bera ere Iratiren xarmaz ari dela ohartzen.
Mutiko ona da Ismael, eta zubi aproposa suerta daiteke Irati gainontzeko ikasleekin adiskidetzeko. Itxaropen pixka bat jarriko dugu, beraz, harengan.
Marije Korta
----------
Gauza arrunta iruditzen zaio jendeari, gaur egun, telefonoa. Ohitu egin gara harekin bizitzera, eta ez gara konturatzen, baina gauza handia da telefonoa. Niri beti gustatu izan zaizkit telefonoak. Amarekin edo aitarekin hitz egiten dut amonaren etxeko telefonotik; izebarekin edo amaren lagunen batekin geure etxeko telefonotik… Harrigarria da, ezagutzen dudan jende guzti-guztia dago telefonoan, eta nahikoa da edozeinekin berriketan egiteko, haren zenbakia jakitea.
Betidanik gustatzen zait telefonoa, baina joan den astean, Iratiri deitu nion lehendabiziko aldi hartan, jabetu nintzen tramankulu horren garrantziaz. Hainbeste dei egin dizkiogu elkarri harrezkero… Aste asko joan direla ematen du.
Hitz egite aldera hots egin nion Iratiri aurreneko dei hartan; besterik gabe hitz egiteko, eta ez hau edo beste esateko. Iratik, egia esan, inoiz ez zidan zergatik edo zertarako deitu ote nion galdetu, ezta bere zenbakia nondik atera nuen ere. Baina telefonoa hartu zidanean, zerbait esan behar zenez, etxeko lan batzuen aitzakia jarri nuen. Ez dakit zenbat denbora eman genuen etxeko lanei buruz hitz egiten, baina gehienbat Tomasi buruz jardun genuela ondo gogoratzen naiz. Tomasekin izan nuen ika-mika zela medio, Xabi, Mikel eta Pellok kasurik egiten ez didatela kontatu nion Iratiri; lagunekin haserre nengoela, baina ez zitzaidala, ezta ere, gehiegi axola… Gustura eta luze aritu ginen berriketan, telefonoaren haritik zintzilik.
Ordutik, Iratirekin gogoratzen naizenean, nire gurasoak telebista aurrean baldin badaude, ezkutuan telefonoa hartu, eta deitu egiten diot. Askotan ez dut jakiten zer esan, baina ederra da, gero, Iratik nire deiari eran-tzuten diola sumatu, eta bera han dagoela jakitea. Ikaragarria da Irati hain gertu sentitzea, eta biak, bera eta ni, unetxo batez, hari batek elkarlotuak egotea… Hariak zuzen-zuzenean lotzen gaitu, eta hari horretatik kanpo dago gainontzeko jende guztia.
Gaur Iratik ez zuen telefonoa hartzen, eta kezkatu egin naiz. Hamaika aldiz deitu diot, baina erantzun-gailua atera zait guztietan. Azkenean, erantzungailuari utzi diot mezua. Danbor hotsak utzi ditut bertan, Iratirentzat.
----------
Kaixo, Marije:
Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizut bidaltzen dizkidazun eskutitzengatik. Oso modu zuzen eta garbian idazten duzu (alferrikako esaldirik gabe, hitz sinpleekin…), eta atsegin handiz irakurtzen ditut. Barre egingo duzu, beharbada, baina esan egingo dizut, hala ere: ipuin baten antzera irakurtzen ditut zure eskutitzak. Ez pentsa Iratiri buruz esaten dizkidazunak kontuan hartzen ez ditudanik, edo beste baten bati buruz ariko bazina bezala irakurtzen ditudanik, ezaxolati. Ez. Kontua da asko gustatzen zaidala zure eskutitzen tonua, modu berezian kontatzen dituzu gauzak, eta ematen du liburu bat idazten ari zarela eta niri bidaltzen didazula kapituluka. Ipuin tonua izaten dute zure eskutitzek, Obaba antzeko batean gertatutako gauzak kontatzen dituzula ematen du, eta asko gustatzen zait kontatzeko modu hori.
Iratiri buruz esaten dituzun gauza asko, ordea, ez ditut hain gustuko. Eta ez ditut hain gustuko, badakidalako zuzen zabiltzala eta egia direla. Egia da Iratiren kariņo faltarena. Ordu asko egiten ditu bakar-bakarrik, badakizu. Aiton-amonak beheko solairuan dituen arren, nahiago izaten du goian edo kalean egon, bakarka. Ondo konpontzen da bai aitonarekin eta bai amonarekin, baina bakarzalea da-eta…
Atezainaren txakurrarekin egoten dela esaten didazu, eta ez naiz batere harritzen; zer edo zer esana zidan, gainera. Oso animali zalea da. Hemen ere badu arkume kuttun bat, eta hari hitz egin ere egiten dio. Kariņo faltaren ondorio nabarmena da hori ere, jakina.
Arrazoi duzu, baita ere, kariņo faltari aurre egiteko, eskolan berotasuna bilatzen eta aurkitzen ari dela diozunean. Zu asko goraipatzen zaitu, estima handitan zaitu, bai, eta hori ere eskolan topatu duen babes antzeko horren adierazle garbia da.
Lanez gainezka nabil, lotu-lotuta nauka lanak, eta denbora gutxiegi dut Iratirentzako. Berandu eta leher eginda iristen naiz etxera aste barruan, eta azkarregi joaten zaizkit, berriz, asteburuak. Opor txiki batzuk izango ditut laster, eta Iratirentzako izango dira oso-osorik. Geroago, udaran, hilabete oso bat izango dut, eta norabait joango gara ziurrenik. Oporren zain, udararen zain, beti zain…
Aizu! eta Ismaelez ari garela, ba al dakizu Ismaelen eskuei buruz hitz egin zidala Iratik aurrekoan? Eskuei buruz! Ismaelen eskuei buruz… Baina maitemintzen al dira, ba, umeak adin horretan?
Eskolara joateko desiratzen egoten da Irati, eta zuri eskertu behar dizut hori.
Ondo bizi.
Beatriz
----------
Kaixo, Beatriz:
Nola ez dute, ba, nire eskutitzek ipuin tankera izango? Berez ateratzen dira gauza harrigarriak, Irati eta Ismaelen arteko kontuak idazten jarrita. Haurrak maitemintzen ote diren galdetzen didazu, eta ez dakit, egia esan, ez dakit. Lehen ezetz esango nizun, baina orain ez nintzateke ezer esatera ausartuko. Zuk ondo diozun bezala, konfiantza handia du Iratik niregan, eta gaurtxe bertan, lagun arteko aitorpen bat egin dit. Susmoa dut guzti-guztia ez didala kontatzen, baina aitorpen batzuk egiten dizkit aldian-aldian, eta fantastikotasunik falta ez zaion kontu horietako bat kontatu dit gaur.
Antza denez, bart arratsaldean, Irati etxean bakarrik zegoela, telefonoz hots egin zuten zuen etxera. Iratik telefonoa hartu, eta ez omen zion inork erantzuten. Hala ere, isil-isilik, adi geratu zen, eta Ismaelen barrea entzun omen zuen bestaldean; Ismaelen barrea aurrena, eta Ismaelen arnasa gero.
“Eta zuk nola dakizu Ismael zela?”, galdetu diot. Eta honela erantzun dit irribarrez: “Badakit bera zela”. Minutuak egiten omen dituzte biek askotan, erdi barrez erdi isilik, ezer esan gabe telefonoari helduta.
Nola ez dute, ba, nire eskutitzek ipuin itxura izango…
Ondo-ondo izan.
Marije
----------
Ea bere baserrira joan nahi ote nuen galdetu dit gaur goizean Iratik. Bazkalorduan, baimena eskatu dut etxean, arkumea ezagutzera joan behar nuela esanez, eta baiezkoa eman dit amak, baina ilundu aurretik etxean izatekotan. Herritik urruti dago Iratiren baserria, baina ez hain urruti ere, eta horregatik utzi dit amak Iratirekin joaten. Zoragarria izan da eguna. Iratirena bezalako baserri batean bizi nahi dut nik handitan: bizilagunik gabe, animaliekin, autorik gabe, jolasteko belardi zabalekin…
Uhala jarrita atera dugu Tximas, txakur bat bailitzan. Txima izugarriak dituelako izena du arkumeak Tximas. Gora eta behera, norabide jakinik gabe ibilarazi diogu belardi itxuroso bat topatu arte. Oinez gindoazela, isildu ere egin gabe aritu gara berriketan. Tximasi ere asko hitz egin diogu, eta ulertu egiten gintuela esango nuke. Belarretan etzanda gu, eta aldamenean belarra jan eta jan Tximas, bakean geunden erabat.
Halako batean, ordea, Tomas, Xabi eta Mikel sumatu ditu Iratik urrutian. Kilkerrak harrapatzen-edo, jakin zertan zebiltzan inguru hartan. Ezkutatu egin gara berehala, sastraka artean. Zirraragarria izan da oso.
Geroz eta hurbilago zeuden Tomas, Xabi eta Mikel, eta gu han, sasi artean isil-isilik. A, zer komeriak egin behar izan ditugun Tximas isilik edukitzeko! Handik atera nahi zuen, sastraka artean bere gustuko belarrik ez zegoelako, eta beldurtu ere egin delako, guk han egotera behartzen genuela ikusita. Hogei-hogeita hamar bat pausotara pasa dira Tomas eta besteak, eta ez gaituzte aditu ere egin. Egia esan behar badut, larri ibili gara oso, luzea egin zaigu hiruzpalau minutuko tarte hura. Horrexegatik, oso pozik jarri gara haiek joan direnean, guda bat isil-isilik irabazi izan bagenu bezain pozik.
Berriz belarra jatera bueltatzen utzi diogu Tximasi, baina arreta handiz zaindu dugu ingurua, badaezpada ere. Gero, errekara eraman dugu ura edatera, eta arkumea bertan garbitzea bururatu zait han. Tximas errekan garbitzeko egin ditugun ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira, ordea, ia busti ere ez baitugu egin, arkume egoskorra. Hori bai, ni blai eginda iritsi naiz etxera.
Ama haserretu egingo zitzaidala uste nuen, baina ez dit errietarik egin. Egia kontatu diot, eta erdi barrez bidali nau dutxara.
Telefonoz hots egin diot Iratiri, ohera joan aurretik “ondo lo egin” esateko. Baina ez diot halakorik esan azkenean, negarrez baitzegoen Irati. Triste joan behar izan dut ohera. Aitarik ez duela-edo, antzeko zerbait esan omen dio amak.
----------
Kaixo, Beatriz:
Beste kapitulu edo ipuin batekin natorkizu gaur ere. Ez ahaztu, baina, eskutitzok nik izenpetzen ditudan arren, Irati eta Ismael direla kapitulu polit hauen protagonista eta, aldi berean, egile.
Non edo han irakurria dudanez, hamaika kontu magiko sortu omen da beti benetako zera magiko baten inguruan. Hori egia baldin bada, zerbait berezia izan behar dute Irati eta Ismaelek, hamaika zertzelada bitxi ari bainaiz sumatzen azkenaldian haien inguruan: gure arteko eskutitz truke hau, Iratiren arkume-laguna eta eskolara ekarri zuen “musika tresna”, Irati eta Ismaelen arteko telefono dei horiek, gaurko kapitulua…
Kasu gutxi egiten didate ikasleek jolastorduetan, eta mutilak baloiarekin eta neskak gomarekin, bakoitza bere aldetik jolasten dira. Soinketa orduan, aldiz, nik asmatutako jolasean jardun behar izaten dute. Neska-mutilak nahasteko, eta guztiak batera jolasten ikas zezaten bultzatu nuen jolas bat da; sinplea oso: frontoi barrutik ezin du inork atera, eta eskutik helduta dauden bi lagunek norbait harrapatu behar dute. Lehendabizi bat harrapatzen dute, eta hura kalera joaten da; beste bat harrapatu behar dute gero. Kaleratuak izan diren bi lagun hauek, elkarri eskutik heldu, eta bi lagun harrapatzen saiatu behar dute. Horrela etengabe.
Gaur, jolasean ordu erdi-edo zeramatenean, Iratiri eta Ismaeli egokitu zaie elkarri eskutik heldu, eta besteak harrapatzen saiatzea. Baina, hara non, lotsa-lotsa eginda agertu diren biak. Ikaskideak konturatu ez diren arren, niri ez zait, ez, oharkabean pasatu. Bikote bitxi ugari suertatu da orain arte: elkar gorrotatzen zuten bi, haserre zeuden bi… Baina batere garrantzirik eman gabe heltzen zioten eskua elkarri. Gogoratzen naiz, behin, Tomasi berari ere eman ziola eskua Iratik. Kontua da, bai Irati eta bai Ismael, gorritu egin direla biak, ikusi dutenean eskutik helduta agertu behar zutela ikaskideen aurrean. Ismael izan da gehien larritu dena. Azkenean, Iratik luzatu du eskua, eta Irati izan da, baita ere, eskuak heldu dituzten unean, Ismaeli aurpegira begiratu diona. Polita izan da, baina onena geroxeago etorri da.
Kaleratu dituzte bi lagun, eta aske ziren jada Irati eta Ismael, baina ez dituzte eskuak askatu. Ezin askatu, antza. Badakizu zer asmatu duten? Denak bikoteka joan beharra. Naturaltasunez gertatu da, magikoki. Bikote berriak, bi lagun kaleratu ostean ere, eskutik helduta jarraitu du, eta horrela segitu dute guztiek, denek bikoteka amaitu duten arte. Mutil eta neska banaz osatutako bikoteak egokitu dira gehienak.
Ederra izan da, gero, denak bikoteka, eskutik helduta ikustea. Zergatik ez aitortu: hunkigarria izan da oso, ni bezalako ezkongabe-neskazahar batentzat.
Besarkada bat.
Marije
PD. Gezurtxo bat esan dizut hor. Ez dizut egia osoa kontatu. Ez dute guztiek bukatu bikoteka. Guzti-guztiok bukatu dugu bikoteka. Ikasleak hamahiru direnez, jolasera batu behar izan natzaie ni ere, lehendabiziko aldiz.
----------
Gaur, larunbata, ordulariari begira pasa dut goiz osoa. Uste dut inoiz ez diodala hainbestetan begiratu erlojuari hain denbora gutxian. Irati eta biok hamabietan iturrian elkar ikustekotan geldituak ginen, iturri beretik hartzen baitugu ura. Bi botila hartu, eta iturrira abiatu naiz. Luzaroan egon behar izan dut zain, ordea, ordua baino dezente lehenago joan naiz-eta, irrikaren irrikaz.
Saltoka, erdi dantzari etorri da Irati marmitarekin. Ez genuen ezer berririk kontatzeko, baina gustura egon gara elkarri begira iturri ondoan eserita. Ea Tximas iturrira zergatik ez duen ekarri galdetu diot, eta berak barrez, ea erotzen hasita ote nagoen galdetu dit. Tximasi ez omen zaio herria gustatzen: espaloiak, jendea, autoak… Arratsaldean elkar ikustekotan geratu gara, Tximas arnasa hartzera ateratzeko aitzakiarekin.
Pozgarria da Tximas hesietatik kanpo ikustea. Uhalaren beharrik ere ez dugu izaten hura zaintzeko, txintxo-txintxo egoten baita denbora guztian, belarra jaten. Guk geuk aspertzen dugu Tximas geure gehiegizko hitz eta laztanekin. Nik, esaterako, besarkatu egin dut, goitik behera nahastu dizkiot tximak, eta aldendu egin zait erdi haserre. Geroago, poliki-poliki gerturatu, eta leunkiro laztandu dut; neure aurpegiaren kontra jarri dut berea, eta aurpegia txupatu dit Tximasek. Musuka ari zitzaidala esan dit Iratik; gorritu egin da gero, lotsatuta.
Loreak bildu ditu Iratik bere amarentzat, eta nik ere gauza bera egin dut, neure amari ere poza emango ziotelakoan. Hartutako loreak elkarri erakusten ari ginela, harri bat erori zaigu gertu. Aurrenekoari ez diogu kasurik egin, baina, bat-batean, harri mordoska bat hasi zaigu erortzen inguruan, eta Tomasen eta Mikelen barreak ere aditu ditugu gero. Tximas hartu, eta hanka egin dugu segituan, Tomasek-eta guri harrika jarrai-tzen zuten bitartean.
Lasterka ibili gara, eta estuasun hartan, galdu egin ditugu loreak. Nik ahaztu egin ditut; Iratik, berriz, bota egin ditu, beldurraren beldurrez, korrika hasi garenean.
-----------
Kaixo, Beatriz:
Honezkero jakingo duzu. Borroka izan zuten aurrekoan Ismaelek eta Tomasek. Jolasorduan izan zen, astelehenean. Liskarraren benetako zergatia ez dut jakiterik izan; inork ez dakiela ematen du. Aztoratu samar sumatzen dut Irati, hala ere, eta kontatu nahi ez duen zer edo zer badakiela iruditzen zait. Iratik esan didan gauza bakarra zera izan da, inork ez zuela borroka irabazi. Nahiz eta Tomas indartsuagoa izan, Ismael sutan zegoenez, biek modu bertsuan eman omen zituzten kolpeak. Borroka oraindik bukatu ez dela esan nahi ote du horrek?
Txikien arteko gauzak dira halakoak; baina urduri samar nago, hala ere. Batetik, kezkatuta nago lehen baino konfiantza gutxiago ematen didalako Iratik; eta bestetik, beldur naiz borroka hori ez ote den nire ikasleen artean irekitzen ari den zuloaren adierazgarri.
Besteengandik banandu eta urrutiratu egin dira Irati eta Ismael. Ez dakit baztertu egin dituzten, edo eurek berek marjinatu dituzten euren buruak. Kontua da lagunekin ez dutela batere harremanik, eta uharte an-tzeko batean bizi direla. Lehen, Irati bakarrik zen mendian bizi eta isolatu antzera ibiltzen zena; orain, berriz, Ismael ere han ibiltzen da. Ez dakit ulertzen didazun. Besteekiko zubi beharrean, distantziarako bide ari da suertatzen Ismael.
Kezkatuta nago, bai, baina udako opor luzeak datoz laster, eta beren lana egiten utzi beharko diegu. Denborari bere lana egiten utzi behar izaten zaio batzuetan. Pasatuko zaie irailerako. Berehala ahazten dituzte umeek halako kontuak, eta ikasturte berriarekin batera, harreman berriak egingo dituzte beren artean.
Guri ere elkar ezagutzeko garaia iristen ari zaigu, ezta? Kafetxoren bat hartuko dugu udaran elkarrekin, gaizki iruditzen ez bazaizu…
Besarkada bat.
Marije
----------
Gaur, sekretu bat kontatu behar zidala esan dit Iratik. Eskutik heldu, eta Itxasgaineko muinora eraman nau. Ez dakit inoiz zeru-sabaitik hain gertu egona nintzen. Inguruko lur-eremurik zabalena da Itxasgaineko muinoa. Bueltan badaude leku garaiagoak, baina Itxasgainen zeruarekin bakarka geratzen zara, zeruko urdina hatz puntez ukitu ahal izango bazenu bezala. Leku ederra da, inondik ere. Mendi tontor asko eta asko ikusten da handik, eta oso txikiak ematen dute gauza guztiek.
Iratik esan didanez, oskarbi dagoen egunetan, urruti-urruti, itsasoa ikus daiteke handik, eta horregatik esaten omen diote muinoari Itxasgain. Gaur, herria nahikoa lainotuta zegoen arren, oskarbi ageri zen zerua urrutian, eta puska urdin bat ikus zitekeen han amaieran. Guk, baina, ezin ziurtatu genuen begien aurrean geneukan puska hura zeruarena zen edo itsasoarena.
Sekretuarena ez da hainbesterako izan. Iratiren urtebetetzea zen gaur; hori zen sekretua. Urte bat gehiago betetzen du gaur Iratik, ni baino hilabete batzuk zaharxeago da, beraz, udazkenekoa bainaiz ni, eta udaberrikoa Irati. Berari gustatzen zaizkion koloredun lore horietako bat ikusi dut gertu, hura jaso, eta oparitu egin diot. Musu bat ere eman nahi izan diot, baina lotsa ematen zidan, eta bere eskua ez askatzearekin konformatu naiz.
Denbora dezente egon gara isilik, urrutiko itsas-zeru puska urdin hari begira.
Arratsalde guztian nahita aipatu ez dugun gaia atera dut azkenean. Ez zuen ezer jakin nahi Iratik. Denbora aurrera zihoan, ordea, eta joan beharra nuen elizako zimitoriora, han Tomasekin aurkitu eta borrokan egitera. Hori zen, aipatu ere egin nahi ez genuen arren, arratsalde guztian geure artean ibili den kontua.
Ez zela nirekin etorriko esan dit Iratik. Tupustean musu bat eman, eta han joan da lore horiarekin, ni bakarka utzita.
Adostutako ordu eta lekuan, elizako aterpean nengoen arratsaldeko zazpietan. Baina ez da inor azaldu. Zeharo harrituta geratu naiz. Tomas ez agertzea harrigarria izan da, baina benetan da kezkatzekoa Xabi, Mikel eta Pello ere agertu ez izana. Non arraio zebiltzan horiek? Elkarrekin egongo ziren, ziur. Ez ziren, ba, nonbaiten ezkutatuta niri begira egongo? Edonola ere, han ez da inor azaldu, eta etxera joan naiz, pentsakor.
Gauean, Iratiri deitu diot telefonoz; ezer ez dela gertatu esan nahi nion. Inork ez du, ordea, telefonoa hartu. Ez diot erantzungailuari mezurik utzi, Iratik mezu hura entzungo ez zuela esaten zidan zerbait nuen-eta barruan. Oheratu eta ilunpetan geratu naizenean, musu bat eman diot gauari, Iratik jaso zezan, zegoen tokian zegoela ere.
Hiru
Erreka ondoan topatu zuten Iratiren gorpua. Arkume bat zeukan ondoan, aieneka; eta odola zeraman errekak. Amildegitik eroria behar zuen neskato gajoak. Zaila izango zen gertakizun haren erruduna topatzea.
Bi hipotesi zabaldu ziren herrian: neskak bere buruaz beste egingo zuela zioen gaiztoenak; istripuren bat izango zuela zioen inozenteenak. Gerora jakin zen, ordea, gertatutakoaren berri. Andereņo Marijerengana jo zuen Tomasek egia kontatzera: Ismael elizako zimitorioan izango zela jakinda, Iratiren baserrira joan, arkumea hartu, eta leku arriskutsu batean jarri omen zuen Tomasek berak, Xabi eta Mikelen laguntzarekin. Inork ez zuen gero jazotakoa ikusi, baina zentzuzkoa dirudi zera pentsatzea: arkume koitadua laguntzera joan, eta jausi egingo zen Irati.
Halabeharrari zor al zitzaion gertakaria? Patu-putari, zoritxarrari…? Norena zen gertatutakoaren kulpa? Erraza bezain alferrikakoa litzateke erru guztia Tomas bezalako ume bati leporatzea.
Urteetan aurrera egin ahala, zera ikusi zuen Ismaelek, guzti-guztiek zutela erru puntaren bat gauzak bere sakontasunean aztertuz gero. Pentsakizun horiek lagun hartuta, lortu zuen haurtzaroko istorio mingarri hura, hein handi batean behintzat, atzean uztea. Jendearekiko halako mesfidantza batez jokatu zuen, hala ere, harrezkero. Bilbora jo zuen bizitzera, jendearekin gehiegi ez nahasteko; eta Tximas izeneko txakur bat izan zuen lagun bakar. Lantokian ere ez zuen adiskiderik izan, eta bere txakur-laguna kenduta, senitartekoak soilik onartu zituen gertu.
Esan dezagun, baita ere, jakin-min handiko irakurlea asetze aldera, Marije eta Beatrizek ez zutela sekula elkar ezagutu. Are gehiago, ez zuten inoiz beste hitzik elkartrukatu. Orriotan irakurri dituzunak dira elkarri zuzendu zizkioten azken hitzak.
