Oriora.com

Azken uda

Iņigo Fernandez

Hosto berdasca horiac
Ur gaiņera eroriac...
Udazquen aldean ahaztuta utziac
Haicearen memoriac.
Patziku Perurena

Neguaren atarian itsasoa,
erdi lo, hego haizeari begira.
Itsasoaren gainean udazkena,
hosto itsasoak hegan.
Harea, aitzinean eroritako hostoez marroitua;
mundua, herdoildua udazkenean.

Orbelez gainezka ibaia, tristezi tantez josia,
orban horixkak ur-azal garbian
aspaldiko bizitza pusken oroimena
itsasorantz igeri udazkenean.

Erre usain epela barreiatzen haize zuria
soroetatik keetan ihes
nostalgiaren hatzapar luzeen ahoan
aurrera ihes, beti ihes, udazkena.

Brontzezko haize eta egunak,
begi ilun bat dirudien itsasoaren gainetik,
hotzetik ihes, Afrikarantz-edo
txoriekin udazkenean.

Udazkena, hego haizeak darama,
usoen joanak amatatzen du
eta neguak hiltzen, batzuen bihotzetan
iltzaturik geratzen bada ere.

Betirako joango da azken uda
behin harentzako begiak izan zituenarentzat.
Betirako izango da udazkena
behin haren ezkutuko mezua asmatu zuenarentzat.