Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2001 »  Agur, agur, Begiluna

Agur, agur, Begiluna

Ińaki Gurrutxaga

—Eser zaitez momentu batez —esan zidan era ilunez amak, artean etxeko atearen dranba hotsa etxean hedatzeke zegoelarik. Kopeta belzturik zuen. Egin nuen atzeneko gaiztakeriaren berri izango zuela pentsatu nuen lehen une batean, baina agudo antzeman nion egoerari haserreaz harantzagoko itxura. Mundu honetan neramatzan zortzi urte eskasetan gauza batzuk ikasi nituen, gehiegi ez baina, eta ongi nekien ama noiz zegoen pozik, noiz haserre eta noiz barrenak tristaturik. Eta oraingoan bekokia histasunez zuen ilunpean.

—Eser zaitez, zerbait esan behar dizut eta —jarraitu zuen, esaldien artean hasperen luze bat eginez. Begirada bakarrez galdetu nion ea zer zuen, eta erantzuna ere ez zitzaidan gehiegi luzatu—. Xabierrez hitz egin behar dizut. Izan ere… zera… hemendik aurrera ezingo duzu berarekin… jolastu; ezingo duzu berarekin jolastu.

Ez nion zipitzik ere ulertzen. Gure lehengusuarekin beti aritu bainintzen jostaketan, zergatik ez aurreran-tzean ere? Ni baino zaharragoa zen Xabier, hori bai, baina hilabete batzuk baino ez. Ez zen, ba, izango kolpetik txikiegi egin nintzaiola, jolasak moztearen arrazoia? Gainera, gaixo zeramatzan egunak kontuan hartuz, izugarrizko gogoa izango zuen, sendatu orduko, jolasean jarduteko. Frontoiko atzeko paretan eskuz ibil gintezkeen, edo Bikamiotako frontoi txikian, bestela. Bera ni baino hobea zen ezkerrez, eta horregatik gustatzen zitzaidan frontoi txikia, lur lakarragoa bazuen ere, ezker pareta eskubian zuelako. Horrek partiduak asko berdintzen zizkigun.

Baina amak ezetz esan zidan, ezingo nuela gehiago jolastu lehengusuarekin.

—Zergatik ez, ama? —galdetu nion ezer konprenitu ez duenaren inozentziaz—. Orain arte ederki asko pasa dugu, ba, biok elkarrekin!

—Joan egin delako —argitu zidan—. Oso urruti joan delako.

Begiak inoiz baino distiratsuago sumatu nizkion amari. Gure izebak sarritan egiten zigun amenazua azkenean bete egin ote zuen pentsatu nuen, amaren aurpegi samurtua ikusita. Horrek behar zuen izan. Izeba Lourdesek neurriz kanpo gorroto zituen Xabier eta bion bihurrikeriak, eta, niri apur bat barkatzen bazidan ere, semeari gogor egiten zion. Zigorra izaten zuen zigorraren gainean, kastiguaren atzaparretatik gutxitan egiten zuen ihes. Baina zigorrek ere ez zuten aldatzen Xabier; are gutxiago, internatuaren mehatxuak. Santiamen batean zuzentzen ez bazen, Lekarozko fraideen artera interno bidaliko zuela esan zion behinola izeba Lour-desek Xabierri. Eta behinola esan zion hura sarri errepikatzen zion: fraide haiek irakatsiko ziotela diziplina zer den, eta zuzen asko ibiliko zela Lekarozen pare bat urte pasaz gero.

Baina gu ziur geunden mehatxu haiek ez zirela hitz hutsetatik harago pasako. Ez genuen, nonbait, asmatu. Xabierren kalterako, nirerako bainoago. Nik ez nuen, ordea, nire begiekin ikusi arte, martxa egingo zuenik sinetsiko. Hoberena izango zela iritzita, Xabierren-eta etxera joan nintzen, ea izeba konbentzi nezakeen lehengusuari, sendatu bazen behintzat, kalera irteten uzteko.

Giro lainotua zen. Etxeko eskailerak, ohi bezala, bina-binaka jaitsi eta karkarara irten nintzenean, ordurako gautu ote zuen zalantza ere izan nuen lehen istantean, baina gure etxeko ataria argitzen zuten hiru farolak itzalita zeuden; artean eguna zen. Berez nahiko hutsa zen karkara oraindik hutsago zegoela iruditu zitzaidan, Jexuxaren lokalak bere ateak itxi zituenetik ia egunero bezala. Baina bazuen hustasun hark zera berezi bat, arratsalde hartan barru-barruraino sartu zitzaidana. Eztarria zabaltzen ari zitzaidalako sentsazioa izan nuen, orduz geroztik oso gutxitan izan dudana. Gure aitak, sentipen hori bera izatean, bete egiten zela esaten zuen, ez dakit zergatik. Niri, behintzat, hustu egin nintzela iruditu zitzaidan.

Korrika abiatu nintzen lehengusuarenerantz, jolasteko irrikak bultzaturik. Txurreria zaharra omen zena pasa orduko, arnasestuak handiak ziren, ordea. Handiegiak. Beraz, Xixarioneko buelta hartu bezain pronto gelditu nuen korrikaldia. Nola hazten ari nintzen, zenbat, Xixarionean neurtzeko ohitura hartua nuen aspalditik, toldoari eusten dion armazoiaren izkina batean, kalekoenean, elkarrengandik oso hurbil zeuden burdinazko bi zutabetxoen artetik pasatuz. Garai batean erraz asko pasatzen nuen nire gorputz zalua zulo hartatik, baina adinean gora egin ahala… edo zuloa estutu egin zen, edo soina asko ari zitzaidan hazten.

Baita oinak ere, gorputzaz gain. Geroz eta zailagoa zitzaidan kaletik barrena nik nahi nuen bezala ibiltzea oinez. Obsesio txiki bat zen hura niretzat. Espaloian sartu orduko begia lurreko marra gorrietara joaten zitzaidan, eta iritsi nintzen haiek zapaltzea arriskutsua izan zitekeela pentsatzera ere. Espaloietako harri grisen artean soilik zapaltzen nuen; tarteko harri gorrizko ilarak salto eginez igarotzen nituen, hala beharrez gero. Eta xelebre ematen nuen kalean, pauso txikien artean jauzi luzeren bat sartuz tarteka.

Pauso eta salto iritsi nintzen izeba Lourdeseneraino. Zeruak ez zuen askorik argitu; euriz mehatxuka jarraitzen zuen. Izebak bezala. Lekarozera, alajaina! Xabier gizajoak ez zuen horrelakorik merezi, ezta hurrik eman ere. Zer egin behar ote zuen berak, oraindik hamar urte ez eta, fraide haien esku gogorraren pean? Eskaileratan gora nindoala, izebarenera sartze hutsak eragiten zidan beldurrak ere norabide bera hartu zuen, goranzkoa. Maila bakoitzeko, haraino joan izanaren damu zati bat gehiago erortzen zitzaidan bizkar gainera, eta zailagoa zitzaidan hogei eskailera harantzago ikusten nuen atea jotzea. Ikara bizi nengoen, izeba Lourdesen izu. Eta amak esan zidana egia balitz? Xabier ordurako internatura eramana bazuten? Izebak ni ere hartu eta bide berean jarriko banindu? Damua damuaren gainean, atzeraka abiatu nintzen, astiro-astiro, eskaileratan behera. Ateari bizkarra emateko izu-laborria nuen, izeba aterako zitzaidana. Baina lehen eskailera bueltan, aurrera begira jarri eta lasterka bizian jaitsi nituen mailak, bina-binaka. Ziztu batean utzi nuen atzean izeba Lourdeseneko atariko ate orduan ez hain astuna.

Kalean metro batzuk egin arte ez nintzen jabetu mela-mela egiten ari nintzela. Zeru sabaiak mehatxua bete eta euria ari zuen goian behean. Beldurra pixka-pixka bat itzali zidan. Karrikan behera bide apur bat egin eta Orio?s shopeko toldo laranja eta berdearen azpian hartu nuen aterpe, atertu arte edo euri jasa gutxitu arte behintzat. Toldoaren bi ertzetatik lurrera irristatzen zen euria, bi errekasto —hasieran xume, ondoren ur bete— sortuz. Hozten ari nintzen egonean.

Aurreko arkupetako mutilek ez zuten nik adinako hotzik, horregatik! Ordurako sabaiaren zati ziruditen makilatxo gorri gehiago ari ziren itsasten buru gainean, salto eta brinko. Petraren goxoki denda irekiz geroztik, itogin gorri fosilduak zituela zirudien frontoi ondoko arkupe noizbait erabat zuri izanak. Gelatinazko makilak zituen salgai Petrak, duro batean bakoitza, gelatina itsaskorrezko makilak, plastiko gardenean bilduak. Plastikotik gora eta gora tira eginez jaten genituen. Ba-tzuek, osorik; beste batzuek, ordea, azken mutturra utzi eta gain zuri hartara bota eta bertan uzten zituzten, zintzilik, santa sekulako. Ez ziren inoiz erortzen.

Euria bai, euria gogotik erortzen zen. Amak kontatu izan zigun euri egunen arrazoia. Arima benetan zuri eta garbia zuen norbait hiltzen zen egunean eguraldi baldarra izaten omen zen beti, aingeruek zenduagatik negar egingo bailuten. Izeba Lourdes hiltzen zen egunean eguzki handi askoa izango genuen, haatik! Lehen emakume gaiztoa bazen, Xabier Lekarozera bidaltzeak ez zuen barkaziorik. Zeruarekin amets egin zezala hala nahi bazuen, sekula ez zuen ikusiko eta!

Xabierrek, baina, aspaldi irabazi zuen zerua, martiri zen aldetik. Ez zen erraza izango izebari —egun bat joan, hurrengoa etorri— halako pazientziaz eustea, onetik atera gabe. Toldopean kontuak ateratzen hasi nin-tzen, eta Lekarozek ere ezin zuen hain txarra izan izeba Lourdesen aldean. Beharbada, Xabier bere gogoz joango zen internatura, izebaren jarduna eta izaera gehiago jasan ezinda. Hala balitz, zer? Beldurrak uxatu eta lehengusua agurtu beharko nuen, gutxienez; hainbeste merezi zuen. Gainera, denbora luzez bera ikusi gabe egon beharko banuen, tristea izango zen agurrik eman gabe banatzea. Atzera berriz izebarenera joatea erabaki nuen, ausardiaz.

Toldo azpiko babesetik irten eta lasterka batean joan nintzen, berriz ere, izebareneraino, itsu-itsu, lurreko marra gorrietan erreparatu ere egin gabe. Euri hotsa baino ez zen entzuten kalean, nire oinek putzutan sartzean sortzen zuten plisti-plastarekin kontrastean. Izebareneko atariko atea ireki nuen, mantso-mantso, bisagren herdoil hotsa nabarmenduz. Azken aldiz ireki nuenean baino astunagoa iruditu zitzaidan. Eskailerak ere korrika igo nituen, eta aurrekoan baino arinago iritsi nintzen izebaren etxeko ateraino. Ateak solemneki begiratzen ninduen. Hala ere, neronek espero baino lehenago jo nuen. ‘Ongi etori’ zioen alfonbrak, r-aren gainean kakotx bat zuela, eta hantxe geratu nintzen ireki zain, blai, tximu-tximu eginda, dardara bizian. Nire oinak alfonbrako n-a eta r-aren kakotxa zapalduz nituen, beste norbaiten oinak sumatu nituenean ateaz bestaldera. Hotsagatik, izeba Lourdesen zuekoen pausoek behar zuten izan; ez zen Xabier atea zabaltzera zetorrena.

Asmatu egin nuen. Izeba Loudesek ireki zidan; bere gorputza baino ez nuen ikusten nire begien aurrean, bere arropa ilunduak, belaunetik behera ihes egiten zion satinezko azpikogona, bere aurpegi zuria. Xabier etxean izango zen itxaropena galtzen hasia nintzen ordurako, ez zen bere arnas hotsik entzuten. Ordurako joana behar zuen.

Izeba Lourdesi aurpegira begiratu eta inoiz baino gehiago gorrotatu nuen. Ezin nuen sinetsi Xabier sendatu bezain laster Lekarozera bidali zuenik. Begiratu hutsez baztertu nuen izeba, nire aurrean korridore luze bat zabaldu zelarik. Korridorearen amaieran ate bat zabalik, eta gela bat. Argi apal bat zetorren gelatik. Ohe bat antzematen zen, eta ohe gainean norbait. Xabier.

Amaz gogoratu nintzen; esan zidan gezurraz. “Joan egin delako” esan zidan, “oso urrutira joan delako”. Xabier ez zen inora joan, etxean zen. Baina beranduegi zitzaigun. Hilda zegoen.