Orioko barran
Jon Amenabar
Orioko barran 12-13 urteko mutiko bat dago, aita arrantzalearen baporeari begira. Itsaso zakarraren ondorioz, ontzia hondoratu egin da, eta harekin batera barruko marinelak. Umea hizketan hasi zaio itsasoari:
Umeak:
Hondartza hontan begira nago
argi oraindik eguna
nahiz ta niretzat momentu baten
bihurtu dezun iluna.
Zergatik zera horren maltzurra,
ai, solaskide kutuna?
lehen kolegatzat zintudan baina
ja ezin izan laguna,
hain gutxi eman eta, ondoren,
hainbeste kentzen dezuna.
Itsasoak:
Zure aitatxo hartua dezu
oraingo heroi gisara,
hark aspaldian pasata zuen
horizonten dagon marra.
Nire haserreak, nire indarrak
ezin zun hura ikara,
olatuetan bilatzen zuen
gustuko zuen zirrara,
nire uretan busti ezazu
present daukazun negarra.
Umeak:
Zu bizibide, zu bizileku,
zurekin hain zen alaia,
ahal zen ondoen gu mantentzea
nire aitatxok zun nahia;
hala ere, zuk aurreratu
diozu azken epaia,
latzegia da nire ustetan
eman diozun amaia,
lehen anaiatzat zintudan arren,
bihurtu zera etsaia.
Umeak:
Egun honetan jarri didazu
bizi osoko baldintza,
ez dakit nola oraindikan
ni naitekeen mintza.
Zulo handi bat sortu diguzu;
hala ere, zutik gabiltza,
ez al diozu goizegi kendu
ene aitari bizitza,
behar zen baino lehenago emanez
zeru goietako giltza?
Itsasoak:
Present daukazu une honetan
negarra eta eztula,
banku zahar hortan eserita zuk
dirudizu gaur ahula,
nahiz ta gaurdaino nire arrainez
egin zaitudan mardula,
beldurra dezu oraingo hontan
betiko galdu dezula,
hona etorri ta ezetz seme
ahaztu aita sekula.
Umeak:
Momentu hontan pasatu dena
ez zen izan nire gura,
gaur artean nik sentitzen nun
zuri begira lilura,
begietatik sartu didazu
bihotzeraino tristura,
bihotz erdian blokeatuta
geratuz zure aingura,
ez det gehiago nik ikusi nahi
zure inguruko ura.
Umeak:
Aitarena ja pasa da eta
horrek ez dauka bueltarik;
baina mesedez, itsaso maite,
utzi nazazu bakarrik;
hurrundu zaitez apur bat, zeren
ez baitet zure beharrik,
une honetan nahiz ez eduki
ezertarako indarrik
herrian nola kantatukoizkit
hire notizia larrik.
Umeak:
Entzun zazute pasa da eta
espero ez zen berria:
nire aitaren baporean da
oso ezbehar larria,
itsasoa zan zakarra eta
ikusi det urrutia,
hondora joan dirade eta
horra hortxe desgrazia,
arrain horiek badute, behintzat,
pixkaterako jakia.
