Ardo hitzak
Iñigo Fernandez
2067ko urtarrilaren 14a, 43rd Street-eko kalezuloan. Ez dakit New Yorkeko euskaldun bakarra naizen; badakit, ordea, New Yorkeko eskale euskaldun bakarra naizela. Beno, egia esan, hemen sekula ezingo dut jakin hori ziurtasun osoz, milaka baikara kalean bizi garenak; baina hori esaten du Steve Beltzak: eskaleekin baizik ez duela hitz egiten berak, baina hiriko eskale guztien berri dakiela, zuzenean edo zeharka, eta ez dagoela hemengo milaka kaleetan beste euskaldunik. Esajeratu ere egiten du sarritan, Ameriketako lehendabiziko eskale euskalduna izan naitekeela esanez. Auskalo. Hori bai, asko daki Beltzak (beti beltzez janzten delako esaten diote Steve the Black edo Black, eta «Beltza» esaten diot nik), ingeniaria izandakoa da, oso azkarra, hiri honetako espaloi eta kalezulo bakoitza ezagutzen du, eta, ni bezala, mozkor hutsa delako izango ez balitz, esaten duen guztia sinetsiko nioke; baita Ameriketako lehen eskale euskalduna naizela ere.
Beltzak ez daki euskaraz, jakina, eta ezin du, beraz, egunkari honetan idazten dudana dezifratu. Eskerrak, tximistak jota bezala jartzen baita inork mozkorra dela esaten dionean. Nik, aldiz, ez daukat inongo eragozpenik mozkor bat naizela aitortzeko. Are gehiago, ni ez naiz, orain jendeak esan ohi digun bezala, «alkoholiko bat, gaixo bat». Mozkor bat naiz ni, egunkari honetan behin baino gehiagotan idatzi dudan bezala, mozkor hutsa.
Badira hiruzpalau aste koaderno honetan idatzi nuen azkeneko aldi hartatik. Ez naiz ari betetzen, beraz, emandako hitza, askotan utzi baitut pasatzen aste oso bat baino gehiago orriotan euskaraz idatzi gabe. Dena dela, hiri honetan hogeita bost urte baino gehiago daramatzadan arren, bizirik jarraitzen du euskarak nire baitan, eta hori zen, besteak beste, koaderno honi, eta honen aurretik idatzi ditudan guztiei, ezarri nien betebehar nagusietako bat. Horixe agindu nion neure buruari hona etorri aurretik, ez nuela euskara galduko, eta bete dut agindutakoa. Egia osoa esan behar baldin badut, beste gauza pare bat ere agindu nizkion neure buruari, hona etorri nintzenean: nire seme-alabei euskaraz hitz egingo niela, hemen familia bat osatutakoan; eta gero, zahartzaroan, Euskal Herrira bueltatuko nintzela, Kantauri itsasotik gertu hiltzera. Hona etorri nintzenean... Hain nintzen gazte eta ameslari hona etorri nintzenean.
Euskaraz hitz egin eta idazteko gauza naiz oraindik. Ez dakit zertarako balio izan didan urteotan euskarari eusteak; neure buruari agindu nion zerbait, behintzat, bete dudala erakusteko ez bada bederen. Edonola ere, izango dira bederatzi bat urte inork euskaraz hitz egin ez didala. Bederatzi urte telefonoa hartu gabe, bederatzi urte mezurik jaso gabe... Euskarazko irrati bat entzutera joaten naiz batzuetan, hemengo ordenagailu publiko zahar horietako batera; eta hitz egin ere egiten dut euskaraz beste batzuetan. Beltzari egiten diot euskaraz noizbehinka, edo mozkor-mozkor dagoelako zer esaten diodan axola ez zaion beste kalekideren bati.
Estimatzekoa da, zentzu horretan, Beltzaren jarrera. Euskaraz hitz egiten diodanetan, serio jartzen da, eta aspaldiko kantu afrikar bat entzuten ariko balitz bezala, begirune osoz aditzen ditu nire hitzak. Eta koadernoan idazten ari naizela ikusten duenetan, berriz, zaindari moduan jarduten da, gertu dabiltzan guztiei idazten ari naizela eta, mesedez, une batez behintzat bakean utz nazatela esanez.
Zinez estimatzen dut Beltza, oraintxe aldamenean daukadan ardoa bezainbeste ia. Bi lagun horiexek besterik ez ditut hemen. Beti dauzkat inguruan ni bezalako eskaleak eta jendea bueltaka (bai, eskaleak eta jendea bereizten ditugu guk, txakur abandonatuak eta beste txakurrak bereizi ohi diren bezalaxe), baina esan dezadan argi eta garbi, hemengo kontuen balantze moduko bat egiten ari naizen honetan: Steve Beltza eta ardo gorria, Steve eta tetrapack-ean datorren dama gorria, horiexek ditut hemen, ke, kartoi eta manta artean, lagun bakar. Tristea da, beharbada, baina tristeagoa ere izan zitekeen erraz, hiri malapartatu honetan.
Maniatiko hutsa da Beltza. Ez du sekula, adibidez, beltza ez den zer edo zer janzten. Ondo gogoratzen naiz, esate baterako, hemengo negu gorrian, hotzez akaba-tzen ari ginen batean, neguko txapel goxo bat aurkitu zuela zakar kontainer batean. Izoztear zeuzkan belarri gingilak, eta, hala eta guztiz ere, kalekide bati oparitu zion txapela, grisaxka zelako... Hori ez da, baina, bere mania bakarra: sekula ez du zapata pare bera bi egun jarraian janzten, normalean bi zapata pare soilik edukitzen dituen arren; bere gorputzaren parte balitz bezala zaintzen du bere ordulari zaharra; behin ere ez du hitz egiten kalean bizi ez den jendearekin; oso gutxitan begiratzen dio aurpegira emakumezkoren bati...
Nik ez daukat halako mania edo zera arrarorik. Oso ezberdinak gara Beltza eta biok gauza askotan (esate baterako, bera oso ona da zenbakiekin, eta zenbakiekin zein iaioa den erakustea gustatzen zaio, gainera; letretakoa naiz ni, ordea, poeta txar bat, betidanik, eta sekula ez zait gustatu idatzitakoa erakustea); horrexegatik, seguru asko, osagarriak ere bagarelako, konpontzen gara «ondo» normalean. Zaila da kalean norbaitekin ondo konpontzea. Elkarbizitzen ikasten dugu, bestearen bizitza are zailagoa ez egiten, eta ezohikoak dira oso, kalekideen arteko harreman estuak. Beno, «estua» esan dut, Beltzaren eta bion arteko harremanari zeharkako aipamena eginez bezala; baina ezin esan «ona» edota «estua» denik geure arteko harremana. Biok egin diogu lapurretan batak besteari behin baino gehiagotan, askotan izaten ditugu bizpahiru astetako haserrealdiak (behin, ia urtebete egin genuen elkar ikusten genuenean agurtu ere egin gabe)... Eta, gainera, ezer gutxi dakit nik Beltzari buruz. Kalean debekatuta dago nolabait, iraganaz hitz egitea, eta, ohituraren ohituraz, nik ere ikasi dut iragan bat izango ez banu bezala bizitzen.
Baina zergatik ari naiz gaur alkoholaz, euskaraz, kaleaz eta Beltzari buruz hainbeste idazten? Zergatik nago gaur hain bigun, hain samur, hain sentibera? Albiste potolo bat daukat gaur, nire etengabeko mozkorralditik eta nire eguneroko egoera grisetik kanpo naukana. Hemen hitzetan jartzea bera ere zaila egiten zait, ezin baitut sinistu: Beltzak, welfare edo social worker neska horietako baten laguntzarekin kaka asko nahastu ondoren, Euskal Herrirako hegazkin txartela lortu dit... Harridura marka jarri beharko nuke hor, beharbada, esaldi horren amaieran; baina oraindik ez dut sinetsi putzuaren bestaldera noanik, kalean bizitzeari utziko diodanik, berriz ere euskaraz hitz egingo didatenik... Sinatu nuen papera, eta astebete barru ateratzen da nire hegazkina. Negargura ematen dit pentsatze hutsak. Joder, Beltza, banoala; banoala, Steve.
Eraso egiten didate orain, ustez aspaldi gaindituak nituen sentimenduek: etxemina, lagunmina, herrimina... Baina, benetan, bueltatu nahi al dut hara? Zer izango ote da nire anaiaz, nire adiskide Xabi eta Iratiz? Nolakoa ote da orain, nik utzi nuenean ozta-ozta hamar mila biztanle zituen Orio txiki hura? Eta Espainiatik kanpo sekula ezagutu ez dudan Euskal Herria?... Badakit ezkonduta dagoela anaia (ilobarik izango ote dut? Ba ote dakite ilobek zer edo zer neuri buruz?). Badakit Orio handiagoa dela, eta bere izena mantentzen duen arren, Donostialdea izena duen hiri handi horretako auzo bat dela orain. Eta badakit, baita ere, euskaldunek egindako mapetan soilik agertuz jarraitzen badu ere, Euskal Herria izan badela zer edo zer, Europar Batasunaren barruan.
Bestelako berririk ez daukat, ordea, eta aspaldian sentitu ez nuen beldurra ari naiz sumatzen. Kalean, aspaldi galdu nituen, egia esan, beldur guztiak, berehala galtzen baitira lotsak eta beldurrak heriotza opari gisa edo erabateko bake moduan ikusten hasten denean. Beldur naiz orain, ordea, ez ote naizen nire herrian, jaiotzen ikusi ninduen herrian, deserrian bezain arrotz sentituko. Hemen, kalean, nahikoa gordina da bizitza, baina espaloi hauek osatzen dute orain nire aberria. Hemen, kalean, hotz egiten du, eta euria eta elurra, baina hemengo bizitza zer nolakoa den badakit behintzat. Ikara handia ematen dit hemendik, ondo ezagu-tzen dudan zulo honetatik, alde egiteak. Kaleak ez du kale egiten sekula, -—idatzi nuen behin koaderno haietako batean, baina ezin izan nion inori azaldu nire euskarazko esaldi edo deskubrimendu txiki hura—. Horrez gain, hemen ez nago hain gaizki, azken batean. Kale bazter hauetako txoko onenetako baten jabe egin nintzen 43rd Street honetan, egunero lortzen dut ahora zer eramana, eta inoiz ez zait falta dama gorriaren konpainia.
Zeharo aztoratuta nauka Beltzaren azken opari horrek. Nire etorkizunaz kezkarazi nau, urte askotan aurreneko aldiz, eta mutur aurrean jarri dit, aspaldikoz baita ere, nire iragana. Azken hamar urte guzti hauetan baino gehiago egin dut hausnarrean azken hamar orduotan. Zergatik, baina, nabil hain artega? Galtzeko ezer ez baldin badaukat, zergatik diot orduan beldurra aldaketari?
Suerte pixka batekin itsasora eroriko da hegazkina, eta orduan, akabo hausnarketa eta pena guztiak... Eta itsasoan bustiko nintzateke behintzat, hil baino lehenago. Hori bai dudala benetako amets: hil aurretik itsasoa ikustea, ukitzea...
Egia osoa esan behar baldin badut, oraindik aipatu ez dudan beste kontu batek izorratzen nau ni, batez ere, gainontzeko gora-behera guztien gainetik. Mozkor bat naizela onartzeko eragozpenik ez daukadan bezala, gauza izango al naiz kontu horretaz zintzotasun osoz hitz egiteko? Beste zurrutada pare bat emango dizkiot ardoari, zuzenean begiratuko diet ispiluzko dorre luze horiei eta etengabeko joan-etorrian dabiltzan autoei, berriz begiratuko diot tetrapack-ari, beste zurrutada bat emango diot, eta gero, nire buruari iruzurrik egin gabe idatziko dut egia orriotan, inoiz inork irakurriko ez duen koaderno honetan. (Zuk ere, ene koaderno maite hori, aurrekoen bidea jarraituko baituzu zeure orri guztiak zikintzen ditudanean: surtara joango zara, bidoira, eta geure esku eta barrenak berotzeko balioko duzu behintzat, hartaka).
Beltzak welfare edo social worker harengana eraman ninduenean (nola esango ote dute hori oraingo euskaraz? Giza-laguntzailea?) paper batzuk sinatzera, argia eta garbia izan zen neska: ba omen da toki bat Euskal Herrian, niretzako lekua duena eta ni hartzeko prest dagoena. Tolosan dagoen old folks home bat da lekua (nola esango ote dute hori oraingo euskaraz? Dontsu etxea?), baina baldintza bat jartzen omen didate: edaria uztea, edota hari bizkarra emateko nahi argia erakustea... Horrek bai, horrek kezkatzen nau. Hor dago koska, egia esan; hor dago nire burukomin, zalantza eta beldur guztien jatorria. Lasai egoteko, lagunduko didatela, gaixo nagoela, eta sendatzea nire esku dagoela... Benetan lagundu nahi ninduela ematen zuen neska hark hasieran! Guztiak ere berdinak dira, ordea! Alkohola, dependentzia, gaixotasuna, sendatu beharra... Ezin al dute ulertu? Egun batez edan gabe egon baino, nahiago dut hil. Odola bezain ezinbestekoa du nire barruak ardo gorri goxo hori.
Orain ezin dut utzi, edatera bultzatu ninduten gorabeherek beren horretan jarraitzen dutelako eta beharrezkoa dudalako. Asko laguntzen nau, gainera, dama gorriak. Noizbait agur esango diot betirako, hori seguru; eta nik neuk bakar-bakarrik emango diot bizkarra, gainera, inoren laguntzarik gabe. Baina nik nahi dudanean izango da. Eta bestela ere, zer demontre! Doazela beren habietara mutur luze horiek!
Edozein bazterretan eskuratu dezakedan ardo gorri bete kartoi horrek ematen dit aitzakia bizitzen jarrai-tzeko. Berak ematen dizkit erantzun guztiak, koloreak... (Nola izan daiteke hain merkea halako gauza handia! Eta kartoi zikin horretan biltzen dute, urrezko lingote bat melokotoi lata batean bezala...). Ez dut inoren iritzi edo aholkurik behar! Jatorra ematen zuen neska hark hasieran. Hemen kontuz ibili beharra dago, bai. Nik ez dut inorengana jo, Beltzak nahastu ninduen kontu honetan, —zahartzen naizenean Euskal Herrira bueltatu nahiko nukeela entzun zidalako, behin—; eta ni inorengatik arduratzen ez naizen bezala, nahiago dut inor niregatik kezkatzen ez bada. Zoazte pikutara denak!
Homeless, etxerik gabeko, bilakatu nintzela ohartu nintzenean, lasaitu egin nintzen. Atsegin handiz jaso nuen nire egoera berria, borrokan jarraitzetik aske uzten ninduen egoera. Eta bakean ibili naiz, gerra egiten hasi zaizkidan arte. Horrela jarraituz gero, bi urte baino gehiago ez naizela biziko, oso gaizki nagoela, nire buruaz babestu behar dudala, hartu dezadala eskaintza hau azken aukera moduan... Ni omen naiz neure buruaren etsai handiena! Neure burua da-eta ni jasaten nauen bakarra! Nik edanez jarraitzeagatik, ez da mundua bukatuko, zoritxarrez. Utz nazatela bakean!
____________
Zertxobait lasaitu nau dama gorriak. Pare bat orduko loaldia egin dut. Esna nengoela konturatu naizenean, lehen idatzi dudana irakurri, eta goibeldu egin naiz. Beste zurrutada luze bat eman diot ardoari, eta nire haserrealdiak kontrolatzen ez dakizkidala pentsatu dut, triste. Ardo gozo horrek mikaztu ere egiten nau batzuetan...
Hegazkina hartu beharko nukeela uste dut orain. Neska hura ederra zen, eta arrazoi pixka bat ere izango zuen, beharbada. Gainera, ez dakit zergatik, baina barruan zerbaitek esaten dit joan egingo naizela hara. Zergatik ari naiz ni bestela hainbeste hitz dedikatzen gaur Beltzari? Banoalako, eta gehiago ikusiko ez dudalako. «Steve» idatzi dut hemen, gainera, lagunminak bultzatuta-edo. Urteak izango dira Beltzari «Steve» esaten ez niola. Banoala betirako, Steve!
Goseak gerturatu egin gaitu batzuetan, Beltza, haserretuarazi eta urrutiratu beste batzuetan. Kaleak, ostera, batu egiten gaitu ia beti. Edaria izaten dugu arazo: banandu egiten gaitu edariak. Jeloskor jartzen gara askotan, dama gorriaren kariaz, eta haserretu ere egiten gara; baina, niretzat, gauza handia haiz, gero, Beltza.
Ez dakit, nire kasuan, jatorrizko aberriak lagun bat baino gehiago balio ote duen, han ez baitaukat inor zain. Ez dakit, ezta ere, Euskal Herrian zain dauzkadan albiste eta emozio guztiek mereziko ote duten benetan. Badakit, ordea, ezer galtzeko ez dudalako bueltatuko naizela. Gauza handia da, Beltza, bai; baina ahaztuko naiz berarekin, Euskal Herrian ere nonahi topatuko baitut dama gorria...
Zertara noa, orduan, hara? Hemendik urrutiratzera, aldaketa bilatzera, neure buruari agindu niona betetzera, itsaso aldamenean hiltzera...? Neure euskara herdoildu honek benetan balio duela ikusteko baizik ez noa, beharbada. Hainbeste urtetan zaindu dudan hizkuntza honek arnasa ematen dioten hiztun gehiago badituela ikusi nahi dut nolabait; eta hizkuntza bera hitz egiten dutenen artean sortzen diren lotura berezien esperan-tzan ere banoa beharbada.
Gogoratuko naiz tarteka Beltzarekin, dorre luze hauekin, autoen atsedenik gabeko martxarekin, eta baita 43rd Street kalezulo honetako lur eta pareta zati bakoitzarekin ere, agian. Seguru nago, ordea, han nagoenean ez ditudala gauzok gogoratuko hemen itsasoa gogora-tzen dudan maiztasun eta indarrarekin. Itsasora noa Euskal Herrira. Han dago, niretzat, itsasoa. (Ez ocean eta ez sea; «itsasoa», zein hitz ederra). Gainera, beti egin izan diot, ez dakit zergatik, euskaraz itsasoari... Haur-tzaroko hondartza egunak, gaztaroan itsasoari egindako bisitak (bakarrik eta triste batzuetan, bizitza honetan gehien maite izan dudan neskarekin, ezin zoriontsuago, beste batzuetan...). Zenbatetan gogoratuko ote nintzen azken hogeita bost urteotan, asfaltuzko oihan honetan, Orioko itsas bazter harekin! Hiltzera noa hara, noski, asko eta asko urrutiratu ondoren itsasora hiltzera doan ibai bat bezala; baina azken amets edo arnasaldi hori egitea eskatzen dit barrenak, eta horregatik, joan egingo naiz.
Nire osabak bere egunkarian idatzitako azken hitzak dituzu goiko horiek, irakurle. Ez dakit literaturtasun aldetik nolabaiteko baliorik ba ote duten, baina barruraino heltzen zaizkit niri, irakurtzen ditudan bakoi-tzean. Nire osabaren istorioak izan zuen amaiera tristearen zenbait xehetasun dakizkidalako hunkitzen naute hainbeste, beharbada. Lerro horiek idatzi eta bizpahiru egunetara, hil zen osaba, «dama gorriak» usteldutako gibelak hala erabakita. Asistenta sozialaren eskutitzak dioenez, nahikoa era itsusian bukatu zituen nire osabak bere egunak. Azken hatsa zetorkiola ikusita, itsasoa ikusi nahi zuela hasi omen zen marruka,mozkor-moz-kor. 43rd Street-eko kalezulo hartatik laurehun bat metrotara hil omen zen, espaloi erdian, Steve Beltza delako horrek nire osaba itsasora ikustera arrastaka zeramala. Gorputza han erdian utzita, alde egin omen zuen Beltzak, poliziaren beldurrez. Hark asistentari eman ziolako daukat orain esku artean nire osabaren azken koadernoa. Itsasora botako dut, Orioko barraren aurrean.
