Oriora.com

Nire herrian

Iñigo Fernandez

Putxades, zeuri;
Orio, gure herria, ez ezik,
ni ere aberastu ninduzulako.

Nire herrian,
orain gutxi arte, lehengusuak ginen guztiak,
guzti-guztiok genituen abizen berak edo antzekoak,
gure arbasoek ez zuten-eta bikote bila urrutira joaterik izaten.
Lurrari lotuta bizi ziren batzuk, izerdi eta odolak lurrari emanez;
itsasoari lotuta gainontzekoak, ortzi-mugari begira andregaiak gogoratuz.

Nire herrian,
beste herri askotan bezala, dezente aldatu dira gauzak.
Oraindik ere topa daitezke bertan, hala ere,
beren tristurak txoriei kontatuz jarraitzen duten baserritarrak,
itsasoari beren emazteei baino ordu gehiago eskaintzen dizkioten marinelak
eta bikote bila kanpora joateko betarik ez duten herritarrak.

Nire herrian,
inguruko herrietan bezala, baserritar eta marinel gutxi dago jada.
Oraindik ere arrunta da, hala ere,
Olidenekoak beren idi gorriak demarako prestatzen ikustea,
Lizargateko artzain gaztea bere ardiekin hondartza inguruko belardietan topatzea,
eta arrantzaleek beren zira eta sareekin herriko kaleak nola kresaltzen dituzten sumatzea.

(Gure etxe ondotik pasatzen da Iñaki Oliden, akuiluaz ez ezik, euskaraz ere egiten diela bere idiei. Jose Inazio Arizteta da artzain gazte hori, txikitan nirekin eskolan ibilitako laguna. Eta osaba Gregoriok ekarritako antxoa freskoak jaten ditugu ostiral askotan gure etxean).

Nire herrian,
herri askotan ez bezala,
soroetan jarduten dute gizon-emakume askok beren aisialdian, burumakur
palotan aritzen dira arrantzaleen emazteak, sareak josiz eta berriketan,
eta kofradiako aterpean, putzura doan ibaiko ur gaziari begira egoten dira
arrantzale zaharrak.

Nire herrian,
beste inon ez bezala,
bere eskuekin landutako piper, patata eta bainak ematen dizkit izebak etxerakoan;
erosketak egitera joan, eta Xalbardiñekua ote naizen galdetzen dit hango amonak oraindik;
hondartzara joan, eta baporean bizitutako istorio zaharren bat entzuten diot
Putxadesi...

Orain, egia esateko, ez nago nire herrian,
eta herriminez baino gehiago lagunminez,
koadro hori marraztu du nire memoriak.
Gezurretan egin gabe aritu da,
guztiz egia ez den gauza bakarra esanez:
ezin dut jada, Putxadesekin topo egin hondartza inguruan.

Hiru urte Joakin Agirresarobe Aristi ikusten ez dugula,
(1999. urteko maiatzaren 5ean joan zitzaigun).
Berarekin eraman zituen hamaika istorio kresaltsu.
Arrantzale bainoago marinela, mutil-zahar gogor bezain sentibera,
itsasoari bizitzaren hiru laurdenak eskaini ondoren ere,
egunero itsasoari bisita egitera joaten zena;
azkenean, betirako joan zen arte iraganaren itsasora.

Nire herrian, ordea, inork ez du beretzako estatuarik eskatu —halako gizon handiak asko ditugun seinale?—. Putxades ez da, baina, ahazturarenean bizi, eta ez da, ezta ere, koadro folkloriko bateko pertsonaia hutsa. Nire memorian dago, bizi-bizi, eta oroigarri bat ere izan nahi duen poema moduko honetan.