Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2002 »  Aitajauna ehortzi zuten eguna

Aitajauna ehortzi zuten eguna

Ińaki Gurrutxaga

Bezperan deitu zidan amak, osaba hil zela esateko. Nire aitajauna. Hurrengo egunean zirela hiletak egitekoak, zazpietan —ez, seiak eta erdietan—; baina seietarako tanatorioan egon nahi zuela berak. Telefonoak iragazki gaizki hezi bat zirudien, malkoak beretzat hartzen zituena.

Ordu biak eta hogeita bat minututan irten ginen honantz, puntualtasun renfearraz, eta, ordura bitarteko egun zatia bezala, dena agudo pasa zitzaidan, eta une batzuetan umore beltzaren alderdira lerratu nintzen, auto guztiei funerariakoaren antza bilatuz, eta heriotzaz hitz egin genuen, eta naturala iruditu zitzaidan dena, naturala zelako beharbada, eta bagoien leihoetatik mundua presaka zihoan, eta zerua sorginen perretxikoak jan ondorengo zerua zen, Disney koloreko urdinekoa, eta elurra zegoen mendi kaskoetan, hirugarren tonalitatekoa gure atzean ez zegoen eskimalarentzat, eta Dulantzi/Alegria de Álava-Agurain/Salvatierra-Araia-Altsasu/Alsasua-Legazpi-Zumarraga-Beasain-Ordizia-Tolosa-Donostia/San Sebastián ibilbidea zen egin beharrekoa, ohikoa, aspergarria, bi ordu trenean bezain luzea, eta logura ginen, eta ezin genuen begirik bildu kanpoan eguzkia ia ardo kolorekoa zelarik, eta besoa zulatu zidaten behatza zirudien taladroz, besoan jo eta nire izena esan, galderak egin nahian bezala, eta aspergarria zen bidaia, eta logura ginen berriz ere, berrogeita hamabost minutu eta Zumarragan, eta jendea jaitsi zen, eta igo, eta hurrena atzera jaitsi, Hego Amerikako edozein gua-gua bailitzan, eta ahazturik geunden nora eta zertara gindoazen ere, baina Ordiziatik Tolosara artean bost minutu oso luze egin zitzaizkidan, mantso pasa zitzaiz-kidan, oso mantso pasa zitzaizkidan, mantso, oso man-tso, maaaantso eta luuuuuuuze, ooooooso luuuuuze, leihoak fotograma gelditua zirudien, beti bera zen ar-gazki berde tristea, eta orduan gogoratu nintzen osabaz, baina uneko gomuta izan zen, semifusa batek adina iraun zidana, eta elkarren mingainak neurtzen saiatu ginen hutsartean, eta nork zuen luzeena, eta zureak euritan irtendako zirauna zirudien nirearen aldean, eta ezin nuen puntan jarri nire mihia, eta jaio nintzenean erizainak femurrarekin batera pomez harriz kamustu zidala pentsatu nuen, eta barre egin nuen mingaina kanpoan, eta Andoain Centro tximista batean igaro eta Donostiara iritsi ginen —gainontzeko apeaderoak zirenik ere ez nintzen ohartu—, eta beste trena hartu behar genuen kolibri hegoz egindako hamar minutu barru, parkinsona zuen EuskoTreneko topoa, eta Urumea ondotik lasterka joan ginen, ez derrigor hala joan behar genuelako, eguzkiak ez gintzan ikusi baizik, eta hartu genuen eurotxartela, 1,05 euro, eta aulki granateetatik zintzilik iritsi ginen Aia-Oriora, eta zubian haizeak jotzen zuen boxeo kolpeka, eta umeak ez ziren oraindik ikastolatik irten, edo kaleek hutsak ziruditen behintzat, eta bigarren hezkuntzakoak haserretu egingo zitzaizkidan hau irakurriz gero orduan ere, eta gure etxepeko ezkaratzera iristean amaz gogoratu nintzen, eta osabaz berriz, eta ama nola egongo zen beldur nintzen, aurpegia more aurkituko ote nion, baina etxera sartzean dena zegoen bere lekuan, baita Gabonetako naximentua eta arbola ere, eta gauzez hitz egin genuen besterik gabe, astea zer moduz eta abar, arropa zikinak labadorara bota eta gero, eta prest ginenean autora jaitsi ginen eta sartu, eta tanatoriora iritsi ginen motorra pizteaz bat, eta taberna suitzar bat zirudien hark, jende asko eta denak ahapeka hitz eginez, eta eguneroko zerbait ematen zuen han egon beharrak, jendea ohiturik balego bezala, eta nik ere ez nuen jakin zer egin, eta planta ematen saiatu nintzen, pagadi hartako pago bat gehiago izaten soilki, ez nintzen jabetzen osabak han behar zuenik, pinu kaxan, eta izeba batekin beste izeba baten bila joan ginen fruta bonboi usaina zuen auto batean, eta bazirudien hiletetara baino egun pasa gindoazela Laurgaingo merenderora pobreak ginelako, eta garaje batean utzi genuen autoa, eta oinez joan ginen frantzizkotarren elizaraino, eta bidean batek nire lekua hartu zuen umore beltzaren frontean, eta ea Camilo Jose Celaren entierrora gindoazen galdetu zidan, eta agur esan nion gero, eta eliza atarira iritsi ginenean konturatu nintzen hura ez zela lehengo autoetarik bat, hura funerariakoa zela, handia, eta haren ingurura bildu ginen, eta halako batean barrutik kaxa atera zuten, kaoba koloreko kutxa erraldoia, eliza barrura sartu ginen haren atzetik begirada mota infinituko korridore batetik, eta lekurik ez zitzaigun geratu jesartzeko, eta aldare eta familiaren arteko zirrikitutik pasa behar izan genuen nabearen eskuin hegalera, eta osaba ere han zegoen, geldi, etzanda eta meza eman behar zuen hermanoari oinak erakutsi nahian, eta lehenengo lerroan denak zeuden ia negarrez, bat hotzeriarekin, eta izebari eskua luzatu nion eta hartu baino ferekatu egin zidan, eta zoriontsu sentitu nintzen ez nuelako inoiz gai ikusi nire burua halako ezer egiteko, eta eliza argia zen, zuria, eta ezkerraldeko margoak —triptiko bat, uste dut— tximeleta bat zirudien denborari hegoak zabalik, eta organistak Txaikovski jo zuela iruditu zitzaidan, edo Chopinen nokturno bat, baina polita izan zen, eta osabaren umore onaz hitz egiten hasi ziren megafonoetatik, eta momentu asko gogoratzen hasi nintzen, Gabon afarietako algarak sorbaldak gora eta behera mugituz, haurra nintzela gurera etortzen zen aldi guztiak, etortzen ziren aldi guztiak, eta hura bukatu zela, lehenago edo beranduago, eta negarra etorri zitzaidan eta kosk egin nien ezpainei alfer-alferrik, eta ez nuen nire bururik zauritu, eta norbaiten eskua heldu behar izan nuen, eta sabelean gora zerbait zetorkidan, eta meza bukatu zen, eta kanpora atera ginen lehengo korridore beretik, eta jendeak errukiz begiratzen zigun, eta derrotatua izatea beti ez dela gozo eta duina pentsatu nuen, eta osaba berriz sartu zuten auto handian, eta Autopista hacia el cielo etorri zitzaidan gogora ez dakit zergatik, eta euria ari zuen ordurako, mirariz bezala, eta kanposantura eramango ninduen autoaren bila galdu nintzen, eta norabait begiratu nuen nora jakin gabe, eta bakardadearen mina eta poza sentitu nituen aldi berean, eta nire barruak mendekatu nituen nire barruan bertan, eta autora sartu ginen, eta orduan garbi zirudien nora gindoazen, eta egiari tranpa egiten saiatu eta inozokeriak botatzen ahalegindu nintzen, nire patetikotasuna agerian utziz, eta isiltasunak duindu ninduen, eta hilerrira iritsi eta kaperatxoan sartu gintuzten ez bustitzeko, nahiz eta berdin zitzaidan mela-mela eginda geratuta ere, eta norbaiten zain egon ginen, pertsona fisiko baten zain, baina guztiok bagenekien hilkutxa barruan zegoela, seilaturik, eta otoitz egin zuten, eta nik han zeudenak begiratu nituen, eta kaperako leiho bateko udal bandoaz ohartu nintzen, eta hangoa bukatzean azken agurra ematera zuzendu ginen nitxora, eta biluzik geundela iruditu zitzaidan, nik eta izebak familiaren koroa generaman, eta amak inork erreklamatu ez zuen bat berak bakar-bakarrik, eta koroa utzita jendearen atzealdera joan nintzen, izeba batengana, eta aurpegia laztandu nion, eta zerura begiratu —ubel zegoen— eta euria gazia zela otu zitzaidan, baina han ez zen lakrimogeniarik, negarrak bai baina lakrimogeniarik ez, eta kutxa nitxoan sartu zuten unea tragikoa iruditu zitzaidan, eta lehengusuaren oihuak entzun nituen, ezin dut utzi sar dezaten ama, ezin dut, baina sartu zuten eta lauza silikonatu, eta ehortzi zutela pentsatu nuen, baina guk ez genuela inoiz ehortziko, eta zenbaki inozo bat egokitu zitzaion nitxoari, eta gehienek handik buelta egin zuten autoetara, eta nik lore azpiko nitxoari begiratu nion, azkenean bakarrik, eta osabaz gogoratu nintzen, eta osabaz gogoratu nintzen, eta osabaz, osabaz gogoratu nintzen, eta irribarre egiten ahalegindu, baina ezpain ertzek gora egiten zidaten eta begietako zukuek behera, eta osabaren izena ahots goran ozenki esateko beharra sentitu nuen, eztarrian ito nuen arren, eta bertso bat bota nion nire artean, orbel, goibel, urmael eta azken errima berez etorri zitzaidan, eta osabaren arrebek bat egin zuten eta autoetara joan ginen gu ere, eta bi izeba gurekin etorri ziren, eta bat etxera eraman genuen munduaren amaiera zirudien aldapa batetik behera, eta amonarenera joan ginen hura utzita, eta amonaren ahizpa eta haren senarra iritsi ziren Volvo larru zuri batean, eta haiekin hizketan aritu ginen, eta azkar joan zitzaizkigun minutuak, eta telebista ikusi genuen apur bat, eta bederatziak jotzear zirela afaltzea erabaki genuen, eta arrain zopa nahi izan nuen, eta albondigak.