Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2002 »  Mundu aurrean biluzik

Mundu aurrean biluzik

Iñaki Gurrutxaga

Egunsentiko lehen argi izpiak
oraindik hain lo gozoan,
bi begi goibel zabaldu dira
ilunpearen altzoan.
Nahiz eta lana hilabetetan
antz eman duen auzoan,
orain goizeko lausoan,
lehen bentaren pausoan,
bizitza berriz hastera doa,
beti bezala, martxoan,
negu guztia leihotik hara
pasa duen itsasoan.

Manuel zaharrak martxo askorik
ez du pasa lehorrean,
Azoresetan ez baldin bada,
Bretainian edo Surrean;
beste irteera bat suma dezake,
brisa usaina sudurrean,
zerbait badauka hurrean,
bihotz ttipi, uzkurrean,
irteera asko ezagun ditu
bere azal zimurrean,
baina aldiro korapilo bat
sortzen zaio zintzurrean.

Arrantza zer den sarri esan du
Manuelek, bromaz broma,
‘Aurrez aurreko borroka bat da,
itsasoa eta biona:
menderatua ez izatea,
horixe da zoriona’.
Hain da eskasa pertsona…
Piztia hau nola doma?
Badago zerbait, norbaitek noizbait
‘beldurra’ deitu ziona:
itsasoaren atzaparretan
ibiliko zen gizona.

Ontzi barruko jende gehienak,
asko urrundu aurretik,
Karmengo amari errezo bana
eskaintzen dio, barnetik;
baina Manuel jakitun dago
arrantzan sartu zenetik
putzu bat dutela behetik
eta hari, kareletik,
bere otoitza opatu dio:
‘Hik, gutxienez, balekik,
ze arrain gutxi eta zenbat asti
pasa den sare tartetik’.

Lehen antxo sardak aurkitzerako
hainbeste ahalegin klase
derrigorrean egin behar da,
gogoa nahi bada ase.
Desesperantza sarri bihurtu
ohi zaie kontrako haize,
baina ezin da etsi aise,
hemen gutxi eta han, ze?
Manuel zaharrak badaki baina,
minak min, trantzeak trantze,
pazientziak mugak dauzkala,
itsasoak bezalaxe.

Goiza azterka pasa ondoren,
agian alfer-alferrik,
ze arrantzalek ez du sentitzen
gosea ahazteko beharrik?
Zaharrak ez du besteekin bat
jateko barneko harrik.
Zerbait ez al duk behar hik,
sentimenduen indarrik?
Mahaiaren bueltan ez zaian arren
musuratuko negarrik,
pena duk beti egon beharra
jendartean ta bakarrik.

Nahiz eta lurrak agindu zien
itsasoa bete arrain,
denbora aurrera doa ziztuan,
ta ogia ez dago dohain.
Baina Manuel ez da aspertu,
ez da horretarako lain:
antxoa txiki bat bezain
handia deus ez da orain,
eta zerura begiratu du,
behera begiratzeaz gain,
esperantzaren leiho txikia
nork zabalduko duen zain.

Hutsa eta hutsa, kezka eta kezka,
denbora eta denbora,
egonarriak ekarri die
lehendabiziko ardora.
Antxoak ospa egin nahi baina
sareak badatoz gora
olatuen erritmora:
gaur gaua lanerako da.
Eguzkia ere ihesi doa
ortzemugatik kanpora,
alferrikako ibilbidean,
itsasotik itsasora.

Tira eta tira, luzatu dena
gaua da sareak ezik,
orain ez dago bentan arraina
saldu beste interesik;
hau da Manuel, eta hau soilik,
mundu aurrean biluzik:
barrua ez dauka hutsik,
zeinek beteko zain baizik.
‘Bentara noa, bentatik nator’
beti itzulika, kasik,
bere etsian, bere tristuran,
gurpil berberean, pozik.