Bidaiariaren bakardadea
Maialen Sarasua
Orbel idorren
harat-hunataren pean,
lekuko isil diren
leihoetatik barna,
oskarbian galtzen diren
begirada urrunak,
zelatari, liburu bateko orriak
mamitzen dituzten
begi urduriekin
nahasten dira.
Arima bakartien aterpetxe,
makinaren ziztu
eta gurpil hotsek
bidaiariaren bihotz taupadekin bat,
isilunerik armoniatsuena
erdiesten dute.
Ezezagunak dira,
izenik gabeko
sudur, begi eta belarriak
hitzik bako
aho itxiak.
Ahazturaren lurraldean barna,
pertzepzio oro
ate azpiko zirrikitutik
infinitotasunean galtzen da...
iheslari,
beroa bezala.
Une labur batez,
bi begirada gurutzatzen dira...
Ispilua ote? (. . . )
lotsaturik, atzera,
sagutxo beldurtuak
beren kobatxora itzultzen dira,
iluntasunaren babesean
zelatan jarraitzeko.
Norberaren islaren gardentasunak
itsutu egiten du
bidaiari bakartia.
Haren bihotza ez da gehiago
arduragabearen lasaitasunaz blai.
Ezinegonaren lehen aztarnak,
sukar tanta hotz bat
arima izoztuaren ertzetatik
irristatuz…
Beldurra…
Babes lerroak hankaz gora!
Trena berriro ere martxan,
tunelaren iluntasunean bake apur bat,
haize bolada fresko eran
hilotzaren biriketara.
Heriotz kolpe baten preso,
errealitatearen zementu gordinarekin
topo eginda…
Bere burua dakusa,
begirada ezezagun horren atzean
kizkurturik,
liburu bateko mundu artean
ezkutatu nahirik.
Zer egiten du han?
Bakarrik, isilik… hilik…
Inguruko aulki guztiak hustu dira,
soilik bere itzal okertua
bagoiaren bestaldean.
Gelditu da.
Azken aurreko geldiunea…
Gero, nork daki?
Pauso motel batzuk aurrerantz,
geroz eta hurbilago…
Trena martxan, berriz.
Esku zurbil batek
sorbalda ukituz,
begi atsegin batzuek
eskua luzatuz…
Azken trena hartzeko aukera,
pospolo kaxako
azken zuziri txikia,
arima nekatu baten
azken ihesbidea.
—Hemen alboan esertzerik bai?
Burua alde batera eta bestera,
bagoi osoan pertsona bakar bat ere ez.
Baina horrek…
ez dio axola,
erantzuna…
aspaldiko haziaren fruitu ustel,
ur kirastu batek ernarazitako
gorrotozko azken hats:
—EZ.
