Aurrera penak
Xabier Sukia
Teknologiak ez al du
gure nortasuna ahitu,
presaren presoon presaz,
askatasuna bahitu,
lasaitasuna erotu
eta bakea gogaitu,
txokorik txikienean
eragina izan baitu,
nahiz eta bere laguntzak
sarri pertsona lasaitu,
aurrerapenen aurrean
penak aurrera jarraitu;
gure errezeta zenak
droga bezala amaitu,
kontrola galdu arazi
eta kontrolatzen gaitu.
Piripiripi ribiri
piripiripi ri pila,
‘Nerea da; ez, zurea’
‘Ai, berriz nire mutila!’
Mugikorraren geltoki
bilakatu da mobila
segapotoa eskutan
hau segapoto kuadrila,
‘No kuota’ren matraileko
‘Patxiiiiii’ren iskanbila,
‘Te regalamos libertad’
Amenaren marabila.
Kontrolaren kontrolpean
kapitalismo abila,
lotzen gaituenarekin
askatasunaren bila.
Jakin minaren portuan
jakin beharra esklabo,
Interneten itsasoan
itsas ontzi bat gehiago.
Nabigatzaileen esku
informazio oparo,
Pekin urrun dago baina
txateatuz gertuago;
aurrez aurreko beroa
hozten ari da zeharo,
askatasun gazi horrek
ustekabean hordago,
kontrolatu ezinezko
formazioa hor dago,
eta iparra galtzeak
bihur gaitzake naufrago.
Errepideak baditu
hamaika modernitate;
askok ez al du kotxea
neska baino gehio maite?
‘Ikustak nire karroa:
gasolina, hiru ate,
urdin metalizatua,
aleroia, bi eskape,
mila batioko loroa
eta bakailaoa tope,
hondartzako parkinean
zenbat tronpo ta derrape,
‘doscientos’en jartzen diat,
zuek eskasak zerate’
Mutil jatorra zen baina
bazterra jo zuen arte.
Hilotzak izoztu eta
kontserbatzearen moda,
teknologiaren bidez
beti bizitzeko froga.
Walt Disney halaxe dago,
hori zen lehen aproba,
baina fikzioa doa
bizitzaren erritmora,
Plutorekin Burger Kingek
egingo dute mejora,
zibilez ospatuko da
Mickey ta Minieren boda
Donald Afganistanera
joan da lehen lerrora,
noizbait esnatuko bada,
sustoarekin hilko da.
Esperimentu berri bat,
oraindik hastapenetan,
mundua alda dezake
zientziaren esanetan.
Arkumetxo bat izan zen
lehenengo klona planetan,
baina artrosia ez zen
sartzen beraien planetan.
Lau hankako fotokopia
begetala da, benetan;
bi hanka dituenean
buka daiteke penetan,
noizbait klon izango gara
ta ez naiz ari brometan:
Dollyk ez du zereginik
otsoen mundu honetan.
Ilargi bete garbia,
ilunpearen kontraste,
egunaren maitalea,
gau isilaren emazte,
zientzialarien ametsa,
maiteminduen gerizpe,
zoramenez erotuta
hurbildu dira hainbeste.
Amstrong-ek birjintasuna
ostu eta, besteak beste,
amerikarren txangoa
izan da azken albiste.
Teknologiak bihurtu
zaitu pertsonaren traste,
maite zaituztelakoan
bortxatu egin zaituzte.
Gasolindegiak dira
burnizko astoen larre,
orain makinek hizketan
egiten digute barre:
mangera askatu eta
‘Adi egon’ bat, xelebre,
‘Extradiesel betetzen
ari zara’ aurrez aurre,
ez du egun on esaten,
ez du egiten irribarre,
erregaia bota eta
alde egiten dut haserre,
‘Bidai on bat’ egin nahian,
nire astoari arre,
kotxea piztu ohi dute
eta gidaria erre.
Denbora aurrera doa
teknologiaren esku,
mundua biraka dabil,
beste zereginik ez du.
Aurrerapenak nahi digu
etorkizuna orraztu,
etorriko zaigunari
etorbidea erraztu;
garenari noizbait izan
gaitezkeena aurkeztu.
Dena azkarregi doa,
presaka, larri ta estu,
ez ote dugu geroa
orainarekin nahastu,
ta gure bizi beharrez
bizi behar dela ahaztu.
