Mamu Txiki
Marisa Arruabarrena
Institutuko ikasleei, maitasunez Aurten Irundik etorri zaigun euskarako irakasle berria oso berezia da. Lehenengo mementotik argi utzi zigun bera nongoa zen. Ez dakit zergatik, baina. Gero urtean zehar zenbat lan egingo dugun, bere arauak zeintzuk diren eta epeak betetzekoak direla, eta abar jardun zen. Inondik ere honi ezingo zaio adarrik jo!
Egunak aurrera joan ahala, ordea, konturatu nintzen ez zela horrenbesterako. Alferrik da! Ordezko hauek oraintxe ez dakite zein trikimailu erabili beren agintea zalantzan jar ez dezagun! Hasieratik Hitler berria gure artean zela pentsatzen bagenuen ere, gaur, azaroak 17, guztiz bestelakoa dela argi utzi digu. Euskarako irakaslea izateaz gain, berak dioen moduan, kariņoa hartzen digu eta gure jarrera eta etorkizunaz benetan kezkatuta dagoela erakutsi digu. Hori dela eta lehen ebaluaketari agur esan eta bigarrenari eutsi baino lehen, iaz, bere aurreko institutuan ikasle bati gertaturikoa kontatu digu. Beno, egia esan, ez digu kontatu, berak idatzirikoa irakurri egin digu. Inoiz ez dut horrelako sentsaziorik izan. Oso fuertea izan da! Eta okerrena ez da istorioa bera izan, garratzetan garratzena, bertako aktore nagusiena bezala nire burua ikusi dudala baizik. Uste dut gure irakasle honek, bere izenik ez dut esango norbaitek bera ezagutu baitezake eta berarekin ni ere bai, begien aurrean nituen kartoizko betaurrekoak kendu dizkidala. Bizian badira hainbat txikikeria eta horiei heldu behar diegu. Egia da, errazegi jotzen dugu besteek diotena egitera, inor baino ausartagoak garela erakutsi nahi dugu eta dena zertarako?
Beno ez dut gehiegi dramatizatu nahi. Jarraian duzue Mamu Txikiren istorioa. Ea zuei niri bezainbeste gustatzen zaizuen.
Hurrengora arte.
Iker
***
Mamu Txiki
Bazen behin urrutiko lurralde batean, inoiz, inor iritsi ez den toki horietako batean bizi zen mamu txiki bat. Bakarrik zegoen, ez zuen lagunik, eta egunak gauak bezain luze eta aspergarriak egiten zitzaizkion. Baina hori ez zen txarrena. Bere mundu triste hartatik ez zenez inoiz irten, ez zuenez beste ezer ezagutzen, ametsik ere ezin zuen egin. Ez, ez, ezta ametsik egin ere. Bera behin eta berriz saiatzen zen: begiak itxi eta amets egin nahi izaten zuen. Baina nola amestu, inoiz inon ikusi, sentitu eta desiratu gabeko zerbait?
Halako batean, eta ohartu gabe, bere burmuin lirdingatsuan zerbait mugitu zen. Argi izpi ņimiņo bat izango zen agian! Baina kontua da Mamu Txiki bat-batean amesten hasi zela. Bere lehenengo ametsa mugarik gabeko lurralde baten antzeko zerbait izan zen. Bertan, joan eta joan eta joan eta inoiz amaitzen ez zen zelai berde loretsua zen nagusi. Hain zen benetakoa ametsa, usaimena ere piztu zitzaiola eta eguzki printzek belardia epeltzean sortzen zuen zera izugarria sudurzuloetatik sartu eta erraietaraino iritsi zitzaiola. Usaimenarekin bateratsu, entzumena ere garatzen joan zen eta zelai haren bazter batean txorien txioak entzuten hasi zen. Hain zen ederra amets hura! Baina ez zuen asko iraun. Konturatu gabe, berriz ere, inoiz inor iritsi ez den toki horietako batean zegoen Mamu Txiki.
Eta egon eta egon, ez zen aurreko egun hartako ezer gertatzen. Ez izpirik, ez argirik, ez ezer. Eta egon eta egon…
Halako batean, ohartu gabe, loak hartu zuen gozo-gozo bere magalean. Inoiz egin zuen lo gozoena izan zen hura. Amaren altzoan zegoela iruditu zitzaion. Pentsamendu hau burutik pasatzerakoan, ohartu zen, agian, beste garai batean edo, ama bat izan zuela. Zeren eta, bestela, nondik zetorren bera? Eta ama bat izan bazuen, aita ere izan behar zuen, eta, agian, anai-arrebak, lehengusuak eta… Eta amesten hasi zen: mugarik gabeko lurralde baten antzeko zerbait berriz ere. Bertan, joan eta joan eta urrutiko bidean Mugimendua ikusi zuen. Eta Mugimendua bere familia zen. Denak deiadarka zeuden, eskuez mila eta ehun imintzio egiten zizkioten, zerbait esan nahi baliote bezala. Azkenean ulertu zuen zer esan nahi zioten; berengana joateko, alegia. Abiatu egin zen, baina ezin zen mugitu. Mamu Txiki kateaturik zegoen, kate motz eta astun batez.
Larrialdi estu hartatik irten nahi izan zuen, ordura arte inoiz erabili gabeko indarrak ere martxan jarri zituen eta izerditu zen… Dena alferrik, ordea. Kate motz eta astun hura ez zen mugitu ere egin. Eta, azkenean, esnatu egin zen.
Eta egon eta egon, ez zen aurreko egun haietako ezer gertatzen. Ez izpirik, ez argirik, ez familiarik, ez ezer. Eta egon eta egon…
Izerdiaz pentsatzen hasi zen. Zer zen bere azal barrutik isuri zitzaion hura? Ezer onik ez, zuen usaina behintzat ez zen parte onekoa. Eta zergatik isuri zitzaion, bada? Ordura arte ez zuen horrelakorik izan! Agian, egindako indar haren ondorioa izango zen. Eta indar hura? Nondik sortu zitzaion?
Orduz gero oso nekatuta zegoen. Ez zuen ezertarako gogorik. Baina inoiz izan al zuen, bada, zerbaiterako gogorik? Eta pentsamendu horietan zegoela, egonean egonda, berriz ere loak hartu zuen. Hirugarren ame-tsean zegoela konturatu zen; beraz, kontatzen bazekien; bat, bi eta hiru arte, behintzat, bai. Agian, gehiago ere jakingo zuen, baina hura ez zen horretarako mementoa. Kate motz eta astun harekin zerbait egin behar zuen, hori zen bere lehenengo lana. Aurreko ametsetako indarrarekin pentsatzeaz batera, besoak loditu zitzaizkion eta, kate astun eta motzari tinko eutsirik, hautsi egin zuen. Aske zen! Nahi zuen tokira joan zitekeen! Baina nora joango zen? Non zegoen aurreko egunean amestutako bere familia?
Eta esnatu egin zen.
Eta egon eta egon, ez zen aurreko egun haietako ezer gertatzen. Ez izpirik, ez argirik, ez familiarik, ez ezer. Eta egon eta egon…
Zerbait egin behar zuela otu zitzaion. Bera nor zen jakin behar zuen lehenengo: zer zen bera, zer egiten zuen han…?
Ni Mamu Txiki naiz. Mamu Txiki ni naiz. Azkenean, konturatu naiz nire amets hauek egia direla. Hemen nago, urrutiko lurralde honetan, inoiz inor iritsi ez den toki horietako batean nago, Mosku enparantza esaten diote enparantza honi. Irunen omen nago. Bakarrik nago; ez dut lagunik eta egunak gauak bezain luze, hotz, heze, aspergarri eta lirdingatsuak dira niretzat. Baina hori ez da txarrena. Nire mundu triste honetatik ez naizenez inoiz irten, ametsik ere ezin izan dut egin duela hiru egun arte. Ez, ez, ezta ametsik egin ere.
Baina, azkenean, konturatu naiz nor naizen! Garai batean Hirubide Institutuko ikaslea nintzen, nire gurasoekin bizi nintzen, eta bi anaia nituen, lagunen lagun nintzen eta kolegen kolega ere bai… Gauza asko nin-tzen.
(Emaiozu zerorrek amaiera; hemen dituzu bost aukera.)
1. aukera:
Gaur arte, ordea, ez naiz ezer izan. Mamu Txiki izengoitia duen ezerez bat. Hemen lurrean etzanik, xiringa zintzilik, odola daridala besotik…kaka hutsa!
Baina oraintxe gauzak aldatuko dira. Kate motz eta astun hau hautsi dut. Garai bateko zirrara sumatu dut. Bai, norbaitek maite nau! Eta hori handia da! Ez dakit oso argi non geratzen den nire etxea; baina berdin zait: aurkituko dut. Ez dakit etxekoek nola hartuko nauten; baina berdin zait: aldatu naizela ikusiko dute eta berriz ere konkistatuko ditut. Gauza asko ez dakizkit; baina berdin zait: norbaitek, inoiz inor iritsi ez den toki horretatik ihes egin dudala ikustean, berriz ere maiteko nau!
2. aukera:
Gaur arte, ordea, ez naiz ezer izan. Mamu Txiki izengoitia duen ezerez bat. Hemen lurrean etzanik. Peta hau ez da kalitatezkoa, botiltzarra txartua dago eta pitillo hauek! Aj…! Kaka hutsa!
Baina oraintxe gauzak aldatuko dira. Kate motz eta astun hau hautsi dut. Garai bateko zirrara sumatu dut. Bai, norbaitek maite nau! Eta hori handia da! Ez dakit oso argi non geratzen den nire etxea; baina berdin zait: aurkituko dut. Ez dakit etxekoek nola hartuko nauten; baina berdin zait: aldatu naizela ikusiko dute eta berriz ere konkistatuko ditut. Gauza asko ez dakizkit; baina berdin zait: norbaitek, inoiz inor iritsi ez den toki horretatik ihes egin dudala ikustean, berriz ere maiteko nau!
3. aukera:
Gaur arte, ordea, ez naiz ezer izan. Mamu Txiki izengoitia duen ezerez bat. Hemen lurrean etzanik, farlopa sudur zuloetan, lirdinga ahotik… Kaka hutsa!
Baina oraintxe gauzak aldatuko dira. Kate motz eta astun hau hautsi dut. Garai bateko zirrara sumatu dut. Bai, norbaitek maite nau! Eta hori handia da! Ez dakit oso argi non geratzen den nire etxea; baina berdin zait: aurkituko dut. Ez dakit etxekoek nola hartuko nauten; baina berdin zait: aldatu naizela ikusiko dute eta berriz ere konkistatuko ditut. Gauza asko ez dakizkit; baina berdin zait, norbaitek inoiz inor iritsi ez den toki horretatik ihes egin dudala ikustean, berriz ere maiteko nau!
4. aukera:
Gaur arte, ordea, ez naiz ezer izan. Mamu Txiki izengoitia duen ezerez bat. Hemen lurrean etzanik, tripiak behar ditut… Kaka hutsa naiz!
Baina oraintxe gauzak aldatuko dira. Kate motz eta astun hau hautsi dut. Garai bateko zirrara sumatu dut. Bai, norbaitek maite nau! Eta hori handia da! Ez dakit oso argi non geratzen den nire etxea; baina berdin zait: aurkituko dut. Ez dakit etxekoek nola hartuko nauten; baina berdin zait: aldatu naizela ikusiko dute eta berriz ere konkistatuko ditut. Gauza asko ez dakizkit; baina berdin zait: norbaitek, inoiz inor iritsi ez den toki horretatik ihes egin dudala ikustean, berriz ere maiteko nau!
5. aukera:
Gaur arte, ordea, ez naiz ezer izan. Mamu Txiki izengoitia duen ezerez bat. Hemen lurrean etzanik, xiringa zintzilik, farlopa sudurzuloetan, tripiak, petak, botiltzarrak, pitilloak… Kaka hutsa! Eta horrela jarraituko dut! Ez daukat indarrik ezertarako. Inork ez nau maite eta ez nau maiteko! Nire berri biharko egunkarian azalduko da. Mosku enparantzako drogata horietako beste bat. Agur guztioi! Inoiz arte.
