Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  2003 »  Mikelen aitona

Mikelen aitona

Zigor Etxaniz

Mikel atea jo gabe sartu zen aitonaren gelan, beti egiten zuen bezalaxe. Aitona leiho aurrean zegoen eserita, hainbeste maite zuen egurrezko aulki zaharrean. Erretzen ari zen, eta pipa muturretik jaurtitako keak bere zimurturiko gorputz osoa inguratu eta estaltzen zuen, lanbro artean balego bezala. Aitonak esaten zion kea ez zela pipatik ateratzen, bere gorputzaren barrutik baizik, eta zenbat eta zaharrago izan orduan eta ke gehiago botatzen zuela, urteekin barrenak erre egiten zirelako, eta horregatik ari zela egur ustelduaren usaina hartzen. Noizbehinka holako ateraldi xelebreak izaten zituen aitonak, eta Mikelen aitak zioen hori gaztetan liburuak irakurtzeagatik gertatzen zitzaiola.

—Aitona —galdetu zuen Mikelek—, egiya al da amak esateuna?

Aitonak leihotik ikusten ziren urrutiko zelaietan zeuzkan begiak galduta. Mikeli beldur piska bat ematen zioten aitonaren begi berdeek, oso begi zulo sakonak zituelako, eta ematen zuelako begiak urruti zeuzkala, ia-ia buruaren barruan. Aitonak zioen urteak bete ahala begiak barrualdera makurtzen zirela, gehiago merezi zuelako norberaren barnealdea ikustea kanpoan gerta-tzen zena baino.

Hilkutxari indarrez heldu eta kanposantu barnera sartu ziren. Ez zen erraza holako hilkutxa bereziari inondik heltzea. Euria egina zuen eta lurra labainkorra zegoen. Erdi-erditik pauso batzuk egin eta goraka hartu zuten gero, jendea isil-isilik atzetik zutela, zulo aurrera iritsi arte. Zulo aldamenean utzi zuten kutxa, eta jendea inguruan bildu zen. Apaiza agertu zen jendearen atzetik eta azken errezoekin hasi zen. Zerua eta Jaungoikoa eta bakea eta hartu ezazu zeure ondoan. Mikelek barre egin zuen barrutik, kanpotik ezin zuelako, holako hitzak entzuterakoan aitonak jarriko lukeen aurpegia irudikatuz. Aitak ere halaxe esaten zuen askotan, “Ustet ateo bihurtzen ai dala”, eta ezezkoa egiten zuen buruarekin, kezkatu aurpegia jarriz aitonari begira, “Bah! libru zar hoyek”.

Apaizak zeruak eta lurrak zituen oraindik mingainean. Mikelek burua altxa zuen. Itsasoa ederki ikusten zen handik. Bapore bat zetorren barrura, gorria, marra txuri batekin eta tximinia beltza. “Zeruko Ama” izango da, edo igual ez, igual izango da “Gure Naia”, pentsatu zuen Mikelek, baina ez zegoen batere seguru. “Gure Naia” gorria al zen?

Baporeek ondo ezagutzen dituzte errioko bihurguneak. Batzuk ezkerretik hartu behar dira, eta beste batzuk eskubitik. Ur handia non dagoen, handik. Azkenekoa eskubitik, eta gero kanporantz zuzenean, itsasoarekin aurrez aurre jarrita, ia barra muturreraino joan eta han itxoin geldi-geldi olatu tanda bukatu arte, olatuak boladetan etortzen baitira, multzotan, bata bestearen atzetik multzoa bukatu arte, eta orduan barealdia ailegatzen da. Eta olatu tanda bukatutakoan motorrari gogor sakatu eta ahal den azkarren kanpora, itsasora. Badoa kanpora bapore gorria, eta beste bat azaldu da moila aldeko bihurgunetik, hura ere itsasora bestearen atzetik, baporeak ere olatuak bezalaxe ateratzen baitira itsasora, multzotan.

Mikelek askotan ikusten zituen baporeak ateratzen. Aitona gaixotu baino lehen elkarrekin joaten ziren barraraino, eta arroka baten gainean esertzen ziren. Aitonak bapore bakoitzaren izena eta ezaugarriak esaten zizkion, begira, horrek tximinia urdina du, beste horrek begiak zuriak dauzka, beste hori burdinazkoa da. Azkeneko bihurgunea ia bazterra joaz hartu eta abiada bizian itsaso zabalera. Mikelek kontatu egiten zituen, Bat, bi, hiru, aitonak esandakoak gogoan gorde nahian, sei, zazpi, zortzi, guztiak pasa arte. Orduan aitonak esaten zuen “Kitto, goazen”, eta alde egin aurretik itsasorantz begiratzen zuten bapore guztiek ur azalean osatutako ilara luzea ikusteko, eta Mikelek atunak eta txitxarroak eta sardinak harrapatzen zituen irudimenean, igeri zebilen ur azpian izurdeekin batera, eta bere bapore gorrian olatu erraldoiak zeharkatzen zituen eta balea zuriaren kontra jotzen zuten, danba!

Ordurako, apaizak konponduak zituen zeruak eta lurrak eta isiltasuna nagusitu zen kanposantuan. Kutxatzarraren azpitik pare bat soka pasa zituzten eta, horrela heldurik, zulo gaineraino eraman zuten. Aitonak beti esaten zuen ganbarako kutxa ederra zela beste mundura joateko, hura baino aproposagorik ez genuela inon aurkituko eta neurtuta zeukala, bera kabitzen zen ala ez ziurtatzeko, eta baietz, kabitzen zela ederki, eta faborez eta mesedez hantxe nahi zuela. Aitak, holakoak entzuterakoan, ezetz egiten zuen buruarekin, kezkatuta, baina amak lasaitu egiten zuen aitona, berak nahi bezala izango zela, azken borondatea sakratua zela eta ez arduratzeko gehiago kontu horrekin.

Sokak pixkanaka libratuz, kutxa zuloan behera jaitsi zuten, azpiko lurra jo eta itzaletan geratu zen arte. Ez zitzaien asko kostatu. Seguru asko kutxak berak aitonak baino pisu gehiago izango zuen. Une batez ez zen inor mugitu, guztiak zer egin jakin gabe geratu balira bezala. Mikelek lur apur bat hartu zuen eskuan eta zulora bota zuen, eta gauza bera egin zuten aitak eta amak bere atzetik. Aitonak zioen lurrean nahi zuela, kristaua behar den bezala lurperatzeko lurra behar zela, eta ditxosozko zulo berri horietan ez zela batere lurrik, eta gainera nitxoetan ez zirela txitxareak sartzen, eta berak nahi zuela txitxareek bere gorputza jatea, horrelaxe izan zelako beti eta hori zelako beste mundura pasatzeko modurik egokiena, txitxareak janda.

Apaiza izan zen aurrenekoa alde egiten, eta haren atzetik gainontzekoak ere buelta eman eta kanposantutik atera ziren.

Gero, palarekin hasi ziren lurra botatzen. Pixkanaka, lurrak kutxa estali zuen, jendea herrirantz jaisten zen bitartean. Azkenean, Mikel bakarrik gelditu zen zulo aurrean, gurasoak zain zituela atean. Beste palakada baten ondoren, lurrak kutxa osoa tapatu zuenean, buelta eman eta kanposantutik etxera abiatu ziren hirurak.

Aitonaren kutxa ganbaran egoten zen gordeta, izkina itzaltsu batean, hautsez beterik. Mikelek, behintzat, hantxe ezagutu zuen beti, herdoildutako bapore zahar baten antzera, kaia muturrean baztertuta. Harengatik galdetzen zuen bakoitzean gauza bera esaten zioten: gerratik ekarri zuela aitonak; gerran hiru urte igaro ondoren, kutxa handi harekin azaldu omen zela. Eta batzuek urrez beteta ekartzen omen zituztela euren kutxak, baina aitonak arropaz beteta ekarri zuela berea.

Gaztea zenean kutxa barruan sartzen zen Mikel, jolasean, nagusien mundutik ospa egin nahian. Hantxe geratzen zen geldi-geldirik, iluntasunean barrezka, ohol zahar haien lurrinez inguraturik, ama konturatu eta haserretu arte. Halako batean, amorrarazita, esan zion amak mundu guztiak kutxa bat behar zuela, bertan bizitza osoko sufrimenduak eta pozak gordetzeko, eta hori oso gauza serioa zela eta holakoekin ez jolasteko.

—Aitona —galdetu zuen Mikelek—, egiya al da amak esateuna? Kutxan ekarritako arropak zuk gerran hildako gizonenak ziala?

Ordura arte leihoan galduta zeuzkan begiak bilobarengana eraman zituen, dirdai. Begiak ziren zimurtu gabe zeuzkan ia gauza bakarrak. Piparen keak gero eta gehiago estali zuen aitona, bere gorputzaren forma pixkanaka desitxuratuz, handik oso urrun egongo balitz bezala. Eta Mikeli iruditu zitzaion, lanbro artean, azalak egur kolorea hartzen ziola, eta egur ustelak sortzen zuen usain umela ari zela hedatzen gela osoan.