Oriora.com

Bide galdua

Xabier Sukia

1

Ni erostera etorri ziren
lau dirudun nazkagarri,
Euskal Herrira ekarri
eta kalean jarri ninduten
behar nautenen pizgarri;
nire gorputza ezezagunek
berotu didate sarri,
bezeroak erakarri…
duintasuna kendu zidaten
eta prezioa jarri.

2

Sartu-atera, atera-sartu
ta nahi duzuen orduan,
denak ez dauzkat goguan;
lanak hasita, azkar bukatu,
hori duzue buruan,
ta garestia naizela esan
ordaindu behar den orduan;
galbidearen munduan
gizarte honek bilakatu nau
luxuzko bide galduan.

3

Nire kurbadun gorputz polita,
garai batean suabe,
gogo-beharren zutabe,
hankak Hendaian, burua Bilbon
Hego eta Iparralde;
zentzuak ez du harremantzeko
pausorik eman, halare.
Azkar ordainduta, alde;
denek helmuga jo nahi dezue
bidea gozatu gabe.

4

A, ze plazerra, gazte beroen
maitasunezko iltzea,
birjintasuna hiltzea,
bidea azkar hasten dutenen
abiadura zaintzea,
non heldu eta non sartu behar den
pausuz pausu argitzea;
gustuko dut agintzea,
erabilita bizi ondoren
besteak erabiltzea.

5

Gau eta egun oriotarrei
egin dizuet bisita,
izterrak erakutsita;
oso bezero onak zarete,
ondo pentsatzen hasita,
garesti ordaindu duzuelako
hoitamar urteko zita,
dena egiten utzita,
nire gorputza salduta dago
eta zuek erosita.

6

Nire bi puntak mugatzen ditu
hegoak eta iparrak,
galipotaren indarrak,
irentsi ditut ordekak eta
irentsi ditut malkarrak;
zuek zarete ni erabili
ezin nauzuen bakarrak:
agur baserri zaharrak,
mundu osoak ni izorratzen nau
eta nik oriotarrak.

7

Agintariek desegin dute
mendien makillajea,
zuhaitz berdedun trajea,
hankapean dut zafratutako
herriaren parajea,
orain ibaiak orkatiletan
ematen dit masajea,
orgasmo denen ajea;
askok larrutik ordaindu dute
A8-ko peajea.