Oroitzapenak
Maider Sukia
1
Bizitza hontan utzi zenuen
hainbat momentu ederrik,
zure poza ta alaitasuna
bixitasuna bizirik,
bihotz handiko gizon txikia
ez zeunden inoiz geldirik,
ea berriro ikusten geran
badaukat esperantzarik.
2
Urte gutxiak bizi dituzu
momentuari begira,
irribarreaz jantzi ahoa
ta goizean lantegira,
porlana hartu ta masa egin
bertso bat bota argira,
orain hutsuna bete ezina
isiltasuna agerira.
3
Aldamioan txorien pare
kantari paregabea,
bertsotarako afizioa
parrandarako hobea,
txalapartari abila eta
ahoko soinujolea,
Euskal Herria miretsi zuen
euskaldun abertzalea.
4
Abeslaria zinen izatez
hori zenuen gustoko,
bertso zaharrak, kantu zaharrak,
buruz jakin denak ondo
hartu tratore ta etxaferoak
prest oilasko biltzerako,
animatzaile galanta zinen
San Martin jaietarako.
5
Argi berriak argitzen zuen
dena itzaldu bitartean,
umorea zen zure dohaina
guk barre egin artean,
baina hutsune handi bat dago
gure bihotzen atean,
ez zara inoiz ahaztua izango
oriotarren artean.
