Melodiaren konpasean dantzan genbiltzan
Eli Urdangarin
Urrunak dira minutu haiek
nire sustraiez,
bere enborra uztaitu nuenean,
nireganatzeko asmotan,
haren garraztasunak, talka eginez,
nire soinean,
behatzak, hotzak,
urduritasunak kateatuak sorbaldan,
gorputz beroak,
parez pare.
Melodiaren konpasean
dantzan genbiltzan.
Sentimenduez mintzatuz,
zenbat egun,
bere begiraden esanahia aurkitu nahian,
egia esango didan zain,
laguntasuna,
maitasuna…
Zer da gure artekoa?
Bere izaera ulertezinetik
gogor tiraz,
azal latzegia agian,
ezinezkoa,
sentimenduak
oso-osorik ateratzea
hautsi gabe.
Melodiaren konpasean
dantzan genbiltzan.
Bere ezpainetako
hitz eztietan itsatsita nengoen.
Begiak itxiz
esperantzaren lilurak lanbroturik,
istorio itxaropentsuan,
korrika abiatu nintzen noraezean
haizeak eramanez mundu zabalean.
Odola borborka,
desioaren su gorriko lamia,
dantza zoroan nahastuta
infernua.
BEGIAK IREKIZ,
bertan aurkituko nuenaren beldur nintzen,
EZETZA izan zen,
arnasa larrituz,
izerdi hotzaren jarioa,
estutasuna,
tristuraren arrastoak nituen gorputz guztian.
Hainbat aldiz
itxi nahi izan nizkion ateak
bereganako nituen sentimenduei,
baina, hain ziren bortitzak,
ihes egiten zutela zirrikitu guztietatik.
Ezetzaren aurka,
aterpea bilatuz,
bihotzean hil kanpaiak,
ondoeza nuen barruan;
begien dirdira
itzali zidaten malkoek.
Aldenduz bere besoetatik,
zur eta lur geldituz,
isiltasunezko une lehorrak,
ETERNITATEA.
Eromena, mina,
borrokan
amore eman beharra.
Urrunak dira minutu haiek;
baina, hala ere,
paradisuan igarotako egunak,
oroimenean gordeta izango ditut
nire altxor gorrian.
Orain gauero
abesti gogaikarri hura oroituz,
ahitzen naiz
malko tanten putzu zuloetan itoz.
