Maitasun karta
Zigor Etxaniz
Kaixo, maitea,
Zer moduz zabiltza? Nola tratatu zaitu bizitzak urte guzti hauetan? Izan ere, zenbat urte dira ez dugula hitz egiten, hemezortzi, hogei? Auskalo. Ez dakit zehatz zenbat pasa diren, hori zuk jakingo duzu hobeto. Baina bai, urte asko ez diogula elkarri hitz egiten. Lehen eten gabe hitz egiten genuen, gogoratzen? Egunez eta gauez, eguzkia irten orduko, jario bukaezina nuen ahoan nire aurrean zinen bakoitzean. Egia esateko, maitea, gehienetan neu nintzen hitz egiten zuena, zuk begiratzen ninduzun bitartean, zure aurpegiera berezi horrekin, erdi barrezka erdi harrituta, baina zer dio honek? pentsatuko bazenu bezala, ez duk berehala isiltzen. Bai, gogoratzen naiz ondo, nola begiratzen ninduzun. Zer egingo zenuen ba, zeure begi eder haiekin. Batzuetan berdeak iruditzen zitzaizkidan, besteetan grisak. Garai hartan, zure begiek txoko ilunena ere argitu egiten zutela esaten nizun, gogoratzen? Baina, ez, seguru asko ez zara horretaz gogoratuko, urte asko dira.
Asko kostatu zait karta hau idaztea. Badakizu zer esaten duten, maitasun kartak direla idazten zailenak. Eta hau, Xabier, maitasun karta bat da. Bai, zuri harrigarria irudituko zaizu, baina hala da. Eta, ez dezazula pentsa, ez zait aurrenekoan atera. Hainbat saio egin behar izan ditut itxurazko zerbait lortu arte. Batzuetan, bide batetik hasi eta gero, atzera egin behar izan dut, konturatuta denbora ez dela alferrik pasa. Besteetan, oroitzapenek ez didate jarraitzen utzi, mina gertuegi sentitzen nuelako. Agian, ordutik hona zeuk ere egingo zenuen mota honetako saiotxoren bat, eta jakinaren gainean egongo zara zein aldrebesa den barruak dioena hitzetan zirriborratu behar hori. Eta "behar" diot, niretzat benetako beharra izan delako karta hau idaztea, hil ala bizikoa eta, gainera, beste erremediorik ez nuelako.
Zu neure bizitzan sartzeko erabakia hartu aurretik ere banekien arazoak izango nituela. Beti daude arazoak batera edo bestera hartu behar denean, beti dago zer irabazi eta zer galdu. Banekien neure ingurukoek ez zutela ulertuko, ez zitzaiela inolaz ere buruan horrelakorik sartuko. Ez zenuke horregatik haserretu behar, Xabier, beste mundu batekoak baitziren, agortzen ari zen mundu zahar batekoak. Baina hartutako bidetik jarraitu nuen, seguru nengoelako, batetik, eta, bestetik, zure benetako beharra nuelako, zu gabe bizitzan ere hilik egongo nintzelako, zu gabe ondorengo pausoak emateko adorerik izango ez nuelako. Beraz, nahi baduzue zeuekin eta bestela zeuek gabe, esan nuen arratsalde trumoitsu hartan, mundu guztiaren eragozpen, oztopo eta trabekin erabat nazkatuta, eta etxetik atera nintzen atea itxi gabe. Beharbada, zuri harrigarria egingo zaizu hau dena orain jakitea, hainbeste denbora pasa eta gero. Baina, berriro diotsut, ez zaitez amorrarazi horregatik. Badakizu zer gertatzen den, batzuetan zaila izaten dela bide onak eta txarrak bereiztea, ez delako batere argi egoten, pelikuletan bezala, eta, gehienetan, aldaketek beldurtu egiten gaituztelako, eta nahiago izaten dugulako betiko egoeran jarraitu, geure inguruan eraiki dugun mundu txikian, eroso eta goxo bizi garen horretan. Gizakiok horrelakoak gara.
Ez dakizu nola maite zintudan. Ez dakizu nola pasatzen nituen egun guztietako minutu guztiak zutaz pentsatzen. Ez dakizu zein motzak egiten zitzaizkidan egunak aldarte onean zinenean eta leku guztietara irribarrez elkarrekin joaten ginenean. Ez dakizu zein luzeak ziren egunak zure begietako argia ahulduta ikusten nuenean, inola ere zure arreta lortzen ez nuenean. Ez dakizu nola puzten zitzaidan bihotza jendeak gu biokin gurutzatzean botatzen zituen begiradez ohartzen nintzenean. Ez dakizu nola urtzen zitzaidan barrena eskua nire aurpegitik pasatzen zenuen bakoitzean. Ez dakizu nolako zorabioan erortzen nintzen zeure begirada nigan ordu luzeetan sentitzen nuenean. Ez dakizu nolako erreguak egiten nituen gaua azkar igaro zedin, berriro zu ikusteko. Ez dakizu nola eskatzen nion zeruari denbora gehiago, denbora gehiago, arren jauna, emadazu denbora gehiago oraindik gehiago behar dut ez nazazula horrela utzi ez al dut akaso merezi. Ez dakizu nola saiatu nintzen zurekin igarotako momentu oro neure barnean gordetzen, betirako gordetzen, sekula ez ahazteko. Ez dakizu zer den munduan gehien maite duzuna galdu egingo duzula jakitea.
Ez dakizu hori guztia, Xabier. Horregatik nuen hau idatzi beharra, horrelakorik ezin delako barruan gorde, min gehiago egiten duelako barruan gordetzeak kanpora botatzeak baino. Agian, haserre zaude nirekin; agian, haserre pasa dituzu urte guzti hauek eta alferrik ari naiz neure barruak husten. Baina, maitea, haserreak ez du bizitzen laguntzen. Azkenean, nahiz eta denbora gehiegi behar, denok konturatzen gara horretaz. Neure ingurukoak ere konturatu ziren beren beharra nuela eta aurrerantzean are gehiago izango nuela laguntza horren beharra. Horregatik onartu zuten guztia. Eta, ez dezazula uste, berentzat ez zen batere erraza izan horrelakorik onartzea. Pentsa, alaba hiltzear duzula, urtebete eskas geratzen zaiola onartzea zaila baldin bada, zer esanik ez hiltzear dagoen alaba horrek haur bat izan nahi duela erabakitzen badu, eta gainera berak bakarrik izan, aita nor izan litekeen jakin gabe. Kolpe latz bat jaso ondoren, nik, neure egoskorrean, beste bat eskaini nien. Esan dizut lehen, Xabier, ez dituzula gogorregi juzgatu behar, beste mundu batekoak zirela eta nahikoa egin zutela, azkenean, nik hartutako bidean nirekin batera sartzean. Neure medikuak ere halaxe eskatu zien, beren laguntzaz errazago jasango nuela tratamendua, bake giroa eta lasaitasuna erabat beharrezkoak zirela minbiziak jota zegoen gorputz batean haurdunaldia aurrera eramateko, medikuek ahalegin guztiak egingo zituztela ahultzen zihoan neure gorputzaren kemen eta indar guztiak neure sabelera bideratzeko, nahiz eta horrek neure beherakada bizkortu eta handitu; etorriko zen haurrak merezi zuela esfortzua, joaten ari zen bizitzaren trukean beste bat ailegatuko zela. Eta, haserreak aparte utzita, medikuari kasu egin eta lagundu egin zidaten.
Mesedez, Xabier, barka nazazu aitarik gabe erdi zintudalako.
Egun berriaren lehenengo argi printzak sartu dira pertsianaren zirrikituetatik. Dagoeneko hasi zara sehaskan mugitzen, Xabier, laster esnatuko zaren seinale. Barkatu, baina bukatu egin beharko dut etorkizunari idatzitako maitasun karta hau. Esna zauden bitartean zurekin jolasean pasa nahi dut geratzen zaidan denbora apurra. Neure aurpegiarekin gogoratuko bazina sikiera...
Besterik gabe,
maite zaitut.
