Oriora.com

Ipuin collage

Iņigo Fernandez

Ipuinak zituzten hizpide, liburu argitaratu berri bat zela tarteko. "Niri beti gustatu izan zaizkit ipuin herrikoiak. Egin ezazu barre nahi baduzu, baina oraindik ere asko gozatzen dut ahozko tradiziotik jasotako ipuin zaharrekin." Liburua eta telefono mugikorra mahai gainean utzi, eta euritakoa kentzen hasi zen. Bitartean Xabik hartu zuen hitza: "Zergatik egingo dut barre, ba? Osaba, nik esan dizudan gauza bakarra da euskaldunak, zorionez, ondo ari garela ipuingintza modernoan, gainditu dugula ahozko literaturaren fasea eta adibide on bat dela liburu hori." Eten labur bat egin ostean, tonua aldatu zuen: "Orduan, ez zaizu liburua gustatu?". Bazekiten biek inor ez zela etxera etorriko ordu pare batez gutxienez. Horrexegatik, hain justu, joaten zitzaion bisitan osaba beti larunbat arratsaldetan, halako kontuei buruz lasai, astiro, hitz egiteko. "Ez, bueno, bai, bai. Gustura irakurri ditut horko ipuinik gehienak. Oso landuta daude, hori ezin ukatu. Badakizu zer gertatzen zaidan, ordea?" Keinua egin zion Xabierrek, besaulkian eser zedin seinalatuz, eta eskutan hartu zuen liburua gero, berak estimatzen zuela erakusteko bezala, osabak hitz egiten jarraitzen zuen bitartean. "Hiztegi aberatsa, egitura konplexua, estilo oso zaindua, nahi duzuna izan dezakete ipuin horiek —hausnarketa interesgarriak ere proposatzen dituzte askotan, egia esan—, baina..." Hitzak falta zitzaizkion osabari, itxuraz, esan nahi zuena adierazteko. "Zer edo zer falta zaie."

Xabierrentzat bitxia zen, nolabait, diskurtso hura osabaren ahotan, berrizale porrokatua baitzen betidanik osaba, hirurogei urte beteak zituen arren, beti gazteak bezala jantzi eta sarritan haiek bezala pentsatzen zuena. "Beira, hainbeste urte liburu artean pasa eta gero, uste dut atzera berriz jatorrira ari naizela bueltatzen, amak, zure amonak, oherakoan kontatzen zizkidan ipuin haietara." Gustura zegoen Xabier, bere minimal estiloko egongela modernoan, Roche Bobois sofa zurian eserita, aldameneko besaulkian osaba eta haren jardun atsegina lagun zituela. "Lehenago hamaika aldiz idatzi izan diren istorio berdinak behin eta berriz errepikatu besterik ez dira egiten gaur egun..." Hitza lapurtu zion Xabierrek: "Bai, dena esanda dago, egia da hori. Funtsean, istorio guztiak daude idatzita; baina haiek kontatzeko modu berriak ari dira agertzen etengabe." Topiko hark ez zuen, ordea, osaba asebete. "Beira, Xabier, oraintxe honantz autoz nentorrela, amak kontatutako ipuin batekin gogoratu naiz bat-batean, eta liburu horretako narrazio guztiek baino grazia gehiago egin dit", esan zuen osabak liburua begiratuz. Irribarrea marraztu zion Xabierrek hitz egin aurretik: "Chekov, Maupassant, Italo Calvino eta Cortazar odo-leraino sartu zenizkidan eta orain..." Harridura aurpegia jarri zuen irribarrea galdu gabe, eta buruarekin keinu egin zion osabari, "aurrera, konta iezadazu ipuin hori" esanez bezala.

Elkarrizketa atseginak astebururo izaten bazituzten ere, denbora dezente zen etxe ezin dotore eta garbiago hartan osabak ipuinik kontatzen ez zuela. "Aia eta Orio arteko mugari buruzkoa da ipuina. Kontua da, aspaldi, oraindik oriotarrek eta aiarrek beren artean muga geografikorik ez zutenean, lurren zatiketa egiteko garaia iritsi zitzaiela bi herriei. Ez zekiten nola egin. Nola arraio jar daitezke ados bi herri beren arteko muga non jarri erabakitzeko garaian?" Osabari berari ere kontu hura zinez harrigarria iruditzen zitzaiola ematen zuen, bera ez baita alferrik antzeztu edo kontuak hanpatu zale. "Modu kuriosoa bururatu zitzaien azkenean. Badakizu garai haietan nola egiten ziren gauzak: bromarik gabe, di-da. Esan eta egin. Bururatu zitzaien etxafuegoa botako zutela tarteko baserriren batekoek, eta haren eztandarekin batera, aiarrak Oriorantz eta oriotarrak Aiarantz abiatuko zirela ahalik eta azkarren. Topo egindako lekuan jarriko zuten bi herrien arteko muga." Planteamendua gustatzen zitzaiola adierazten zuen Xabik buruarekin baietz eta baietz eginez, osabaren jardun guztian irri-barrea galdu gabe. "Zer edo zergatik esaten diete, ordea, ijituak Oriokoei —ironia pixka bat jarri nahi izan zion beretik osabak ipuinari—, eta oriotarrek argudiatu zuten —arrazoi osoz, bide batez esanda— aldapa beren kontra zeukatela. Orduan, aldapa aiarren mesederako eta oriotarren kalterako izan ez zedin, zera adostu zuten azkenean: oriotarrak zaldiz igoko zirela eta aiarrak astoz jaitsi." Barre egiten zuen Xabierrek. "Ona, ona", esaten zuen beti barrez.

"Horrela, bada, aiarrek herriko astorik azkarrena aukeratu zuten, eta gogor prestatu zuten hurrengo egunetan, aldapa behera asto batek har dezakeen abiada handiena hartzeko gauza izan zedin. Eta Oriokoek, berriz, trosta arinena zeukan zaldia hartu, eta pentsua eman omen zioten pila bat, pentsua eman eta pentsua eman." Jantzita zeraman ordulari garestia eskumuturretik kendu, eta hura eskutan jolasean zera-bilela, mugimendu txiki batzuk egin zituen Xabierrek ipurdiarekin, sofan hobeto lekututa ipuinaren inguruko xehetasun guztiak hobeto entzun ahalko balitu bezala.

"Iritsi ziren jarritako egun eta ordua, eta fiitxuuu-fiitxuuuu, poum-poummm, etxafuegoen eztanda entzun zen bi herrietan." Osaba ere adi jarri zen instintiboki, ipuin amaierek behar izaten duten tentsio pitin hori gehitzeko edo. "Aiarren astoa berehala abiatu zen aldapa behera, hanken partez gurpilak balitu bezala, sekulako martxa hartuta. Han omen zihoan, zeuzkanak eta ez zeuzkanak, denak emanda aiarren astoa. Eta Orion, berriz, oraindik azkarrago atera omen zen zaldia herriko plazatik, tximista baino azkarrago. Hara non, ordea, ibaiertzean geratu omen zen zaldia ura edatera... Hainbeste pentsu eman zioten jaten zaldi gizajoari, non egarria ezin asez geratu omen zen ur-izkinan edaten... Aiarren astoa ibairaino jaitsi zen arte..." Pare bat txalo txiki egin zituen Xabierrek ipuinaren bukaera ontzat ematen zuela adierazteko. Eta gehitu zuen osabak: "Hortik atera zergatik den hain txikia Orio eta zergatik Aiak dituen hainbeste terreno."

"Moraleja izan daiteke orduan —gaineratu zuen Xabierrek— entrenatu egin behar dela; gehiago balio duela konstantziak berezko prestutasunak baino." Asko hitz egin zuelako edo, bestela, zaldia eta astoa elkarrekin batera ibaian ura edaten imajinatu zituelako edo, ura edaten ari zen osaba danga-danga, trago potolotan "Untxiaren eta dortokaren ipuina ere gogorazten dit, esate baterako, zure ipuin horrek." "Ez, ez, —erantzun zion osabak elkarrizketak hartu zuen bidearekin gustura— ipuin hori ez da nirea. Ipuin herrikoia da. Eta gainera, agian ez da ipuina, nork daki!" "Bai zera, osaba!" "Aditu, aditu. Ipuinondo bat bururatzen zait niri ipuin horrentzat. Adibidez, ipuina eta gero esan nezakeen: Aia eta Orio arteko mugak horrela erabaki zirenez geroztik, oriotarrek ez omen diote aiarrei sekula pentsurik erosi, ezta astoz Orioko zubia zeharkatzen utzi ere." Eta bere ekarpena gehitu nahi izan zion ilobak ipuinondoari: "Bai, eta aiarrek, edozein eztabaidatan "pentsua jan ezak gehiago" botata isiltzen omen dituzte ordudanik oriotarrak..." Biek batera egin zuten barre.

"Konturatzen zara orduan, ez?" Elkarrizketaren hasierara itzuli nahi zuen osabak. "Ipuin edo kontakizun hori herrikoia da. Norbaitek sortuko zuen noizbait, ahoz aho zabaltzen joan zen gero, eta gaur, oraintxe, nik zer edo zer gehitu diot." Bat zetorren osabarekin Xabier: "Bai, bai, ipuinondo hori zeuk asmatutakoa zela esan izan ez bazenit, ipuinarena berarena zela sinistuko nuen, seguru." Bere saltsan, ezin gusturago zegoen ordurako osaba, bata bestearen atzetik, ideia ugari baitzetozkion gogora, guztiak tren beraren bagoiak izango balira bezala: "Ipuin hori, beste asko eta asko bezala, herrikoia da ez zelako, seguru asko, liburu batean sortu, herriari gustatu egin zaiolako eta jendeak bere eginez, ahoz aho zabaldu duelako xehetasun batzuk ahaztu, beste batzuk aldatu edota berriak gaineratuta. Jendeari benetan gustatzen baldin bazaio bakarrik iraungo du nik gaineratu diodan ipuinondo horrek. Zuri gustatu baldin bazaizu, ipuinondoarekin kontatuko diozu hurrengoari. Ulertzen didazu? Barrea eta buruarekin baietz egitea baino ez zitzaion geratzen Xabierri. "Konturatu zaitez xehetasun gehiegirik gabekoak izaten direla ipuin herrikoiak; baina ez jendeari gorabehera txikiak ahaztu egiten zaizkiolako. Ez. Kritiko zorrotza da, oso, herria, eta benetan onak direnean baino ez ditu maite xehetasunak. Hori uste dut nik behintzat."

Ia etenik egin gabe pasatu zen osaba hurrengo bagoira. "Eta badakizu zein den, nire ustez, kontakizunek, ipuin herrikoi izatera heltzeko, bete beharreko beste baldintza garrantzitsu bat?" "Zer? —galdetu zuen Xabierrek— Sinpletasuna?" Eta berehala jaso zuen erantzuna: "Bai, sinpleak izan behar dute egituraz, baina ez naiz hortaz ari. Esan nahi nuen errealitatearekiko gertutasuna behar dutela eduki. Zer da egia eta zer gezurra ipuin herrikoi batean?" Eta une batez airean zintzilik utzi zuen galdera, gero berak erantzuteko: "Ondo asko gogoratzen naiz ni amak edo, are hobeto, amonak, ipuinen bat kontatzen ziguten bakoitzean, nahiz eta ni ordurako ez nintzen hain ume, gero nola egoten nintzen ohean, neure kautan pentsatuz "Hau igual egia izango duk, baina beste hura ezin duk egia izan..." Bere ekarpentxoa egin nahi izan zion Xabierrek osabaren jardunari: "Betikoa da auzia literaturan: zer da gertatua eta zer asmatua? Non dago bizitzan benetan gerta daitezkeen eta idatzi soilik egin daitezkeen kontuen arteko muga?" Solasaldi bukaerarako bat zetozen biak: errealitatearen eta literaturaren arteko duda-muga dantza horretan hobeto jolasten da, seguru asko, ahozko literatura.

"Dena dela, osaba, fase primarioago bateko ipuinak dira ahozko tradiziotik jaso ditugunak. Borgesen ipuinek duten konplexutasuna, edo Italo Calvinorekin gogoratzen naiz... Beste maila bateko literatur fruituak dira horiek herri literaturatik jaso ditugunekin alderatuta!" Bazirudien berotzen ari zela elkarrizketa. "Nik hor ez nituzke maila arruntago bat eta beste maila jasoago bat bereiziko. Beira, zein da edozein idazle edo sortzailek izan dezakeen loriarik handiena? Liburu asko saltzea? Bere izen-abizenak literaturaren historiako liburuetan luze iraun dezaten lortzea? Ez, ez, ez. Idazle handiek, bene-benetako idazleek, nahiago dute beren izena gogoratua izango ez bada ere, berek sortutako ipuin edo esamolderen batek luze irautea, jendearen ahotan irautea, modu anonimoan izan behar badu ere."

Irribarrearekin jarraitzen zuen Xabierrek, ordurako ez baitzekien zer pentsatu: nahita ari zen osaba bere iritziak muturrera eramaten, bera probokatzeko, ala benetan ari zen osaba ordu arte hainbeste maite zituen idazleei uko eginez? Zalantza argitze aldera, galdera egin zion: "Gaur arte hainbeste maite zenuen Maupassant non geratzen da orduan? Eta Kiplingen zein narrazio hobetsiko zenituzke orain? Eta hemengo idazleetatik noren ipuinek iraun behar lukete zerbait, zure ustez? Liburu gutxi zituen Xabierrek egongelan, baina edizio garestiak guztiak, txukun antolatu eta lerratuak. Haiei begira hitz egin zion osabak: "Literatur erreferentzia ugari erabiltzen ditu Atxagak Obabakoetan. Metaliteratura; oh, metaliteratura! Zergatik uste duzu, ordea, gogoratuko dutela? Edo har ezazu Lertxundi. Idazle berritzaileenek erabiltzen dituzten teknikak primeran baliatzen eta berera moldatzen asmatu du, baina horiek al dira bere literaturaren balio handienak?" Ironiko jarri zen iloba: "Ah, orain guztiok herri poetak edo idazle herrikoiak izan behar dugu orduan." "Ez da hori kontua. Baina zahartzen noala, hilkutxara hurbiltzen noan heinean, geroz eta gertuago sentitzen naiz baita ere sehaskatik." "Zer esaldi polita, osaba", esan zion Xabierrek, lasaitasunera itzuliz. "Bai, zahartzen ari naiz, baina une berean baita umetzen ere; eta kontakizunen oinarri-oinarrian dagoen magia horretara nahi dut itzuli, literatur liburu moderno eta konplikatuetan pasarte xarmagarriren bat bilatzen ibili baino. Amaren ahotik entzundako ipuin haiek, amonak kontatzen zizkigun gertuko baserriren bateko kondaira edo esamesak..."

Bat-batean, karranpa batek eman izan balio bezala, piztu egin zen Xabier, tupustean zer edo zer gogoratu izan balitzaio bezala. "Suertean zara orduan, osaba, halakoak gustatzen baldin bazaizkizu, aho zabalik utziko baitzaitut oraintxe bertan", esan zion altxa eta pasilloan barrena galtzen zen bitartean. Kaxoi batzuen ireki-itxi soinua aditzen zuen urrutian osabak egongelatik, berriz ere gerturatzen hasi zen ahotsak Xabier bazetorrela aditzera eman zion arte: "Hementxe daukat ba, CD formatura pasata, gainera." Osabari CD disko arrunt bat zirudiena erakutsi, eta hura musika aparatuan jartzera joan zen hizketan jarraitzen zuen bitartean: "Herri aldizkarian nenbilenean, orain hogeita bost bat urte, artean gazte eta berde nintzela, baserri askotan ibiltzea tokatu zitzaidan haien gaineko erreportajeak egiteko, eta haietako batzuetan ipuinak kontatu zizkidaten. Seguru nago gustatuko zaizkizula, pasarte onenekin prestatu bainuen CD hau." Zeharo harrituta begiratzen zion osabak, Xabier isildu gabe bere kristal eta zilarrezko musika aparatuan botoiak sakatzen zebilen bitartean. "Pasadizoak, anekdotak, txutxu-mutxuak... Askoekin ez naiz gogoratu ere egiten. CDko aurreneko puskarekin, ordea, ondo gogoratzen naiz, sarritan entzun dut eta. Txabola baserrian kontatu zizkidaten ipuin batzuk dira, hango sorgin bati buruzkoak. Ea zer iruditzen zaizun egia eta zer herri imajinazioak sortua!" Osaba zur eta lur uzten ari zela ikusita, barre egin zuen beste behin Xabierrek. "Zuk entzun, ez du asko irauten eta. Bost minutu-edo asko jota." "Benga, benga, aurrera", esan zion osabak, eta sabaira begira jarri zen diseinuzko bozgorailu futurista haietatik lehen ahotsa entzun zen unean.

Bi emakumezko ziren, haietako batek hitz egiten zuen batik bat, eta Xabiren galdera edo esaldi laburren bat ere entzuten zen tarteka. "Guk dakigu aitutako gauzak, ta guri gertatutakok re bai batzuk", zioen emakumeetako batek, eta Xabierren ahots gazteak galdetu: "Ipuinak al dia?" Beste emakumeak erantzun zion: "Ipuinak? Bai, zea. Esan hori gure izebai, beai gertatutakok dia ta geienak. Beak bizitakok dia hoyek, e!" Pare bat gorabehera azaletik kontatu ostean, Txabolako "atso sorgiņ" bati buruz hasi ziren berriketan. "Hau, hau da jarri nahi nizuna", esan zion Xabierrek osabari, eta bere larruzko sofa zurira bueltatu zen esertzera, eskuan musika aparatuaren telemandoa hartuta. Emakume haiek berriketan segitzen zuten bozgorailu zuri haietan:

—San Martiņeko hortan agertu zitzayen bi mutillei gauez etxea zijuaztela.

—Bai, eta hemengo sorgiņ hoi, burun xextua hartuta ikusi zuen baten esan omen zun gaztetako batek: "to, hori?ek guri gauen ateatako sorgiņa!".

—Goiz zebiltzala ala gauen, parrandatik bueltan?

—Goiz? "Beandu da netzako" esan omen ziyen, eta ziztu biziyan alde, haren itzalak txakur edo otso forma hartuta...

—...

—Eta gero elizakua gertatu zan.

—Bai, hori pasatakua da, seguru. Barkuan botadura zan egun hartan, egun haundiya. Hayek ikusi, etxea bueltatu ta umia falta. Falta zala gure Maria Luisa, falta zala ta falta zala ta iņun agertzen ez. "Nun do gure nexka? Ikusi al dezue gure nexka?" Galdezka gu. Kuxkumekoka ibili ziala, eta halako baten exkutatu ta ez omen zan berriz azaldu. Herri guztiya atea zan azkenen ume billa. Hara nun, illuntzen, "umea falta ezuela?", sorgiņak, "ikullu atzen inguru hortan ikusiet nik lenuo". Jun giņan ta han zeon nexka, kayola barrunen. Kayolak etzun ez ateik sartzeko ez zuloik... Ezerre! Geo umiak esatezun beiratu txar bat intziyola sorgiņak, ta bapatian kayolan harrapatuta zeola bea kontuatzeako.

—Ona. Hoyetakok gustatzen zaizkit nei. Asko, ikaragarri gustatzen zaizkit nei halako ipuiņak.

—Eztia ipuņak e! Egitan pasatakok dia hoyek. Galdetu bestela hor goyan. Hango amak parte eman nahi zun elizan, baņa apaizak esan omen ziyon delitu bakar batekin etzeola kargu hartzeik.

—Baņo ze delitu in tzun ba?

—Aber... Umia han sartzia ez al da ba delituba?

—Handik hillabete pare batea gertatu zan gazte hayena. Gau erdin kamiyoa atea, eta bakoitzai estutu bat eman eo eztakit ze in omen ziyen.

—Ona, ona. Ja, ja, ja.

—Ixo, ixo. Nik eztakit ze in ziyon ta, arrautzak ikutu bazizkiyon e! Gure izeba juntzan hayena ea egiya zan, ta bayetz esan ziyon gaztetako batek, egiya zala.

—Baņa ez al tzan pasa eskopetakin zijuaztela tiro in ziyola batek ta...

—Hori Txankako hortan pasa huan; beste kontu bat dek hori.

Emakumeak isilarazi zituen Xabierrek, pause botoia sakatuta. "Pena da, Orion dagoeneko ez da halako euskara jatorra egiten", esan zuen Xabierrek poliki hitz eginez, horrela kontu hark eragiten zion tristura hobeto azpimarratuko balu bezala. "Ikaragarri gustatzen zait euskara hori, Orioko gipuzkera jato-rra." Baietz egin zion buruarekin osabak, eta gero gaineratu zuen: "Beira, neri beti iruitu zait hemen, etxe hontan, gure hizkuntza zaharrian egiten deunian, zapore pixkat, autentizidadea ematen diogula zure etxe garesti ta pijo honei." Pentsakor begiratu zion Xabierrek. Gero, burua biratu eta martxan jarri zuen berriz CDa, Txabola baserriko emakumeei hitz egiten jarraitzeko baimena emanez bezala.

—Monjek re "la bruja" deitze omen ziyoen...

—Eta zuek ezautzen al zenuen bea?

—Zein, atso sorgiņ hoi?

—Bai.

—Ezautuko ez genun ba! Hortxe bizi zan ta!

—Eta ze itxura zun, eitez?

—Oso emakume elegantia ta jatorra, elegantia zan hua bai... Beste baten babarrunak emango ote zizkiyon galdetu auzokoi...

—Ez. Ez zan hala gertatu. Urte baten babarrunak eman, bigarrengon berriz eman, eta atso honek beņere pagatzen ez. Hirugarrengon eskatu zizkiyonen, etzazkala esan ziyon bestiak, ta atso sorgiņ honek eantzun: ez daukaala! Eta hainbeste kilo zertako ditun ba?

—Etxea jun, pixatu, ta esakto!

—Esakto.

—Ja, ja, ja... Ooona.

—Sorgiņei hildakon mantxa ateatzen omen zaye. Eta honei atea zitzayon e! Gorputza hiltzean garayan, mantxa bat ateatzen omen da arpegin, ta atea zitzayon. Diximulatu nahi izantzuen, gorpua makillatuz ta, baņa han zekan harek mantxa.

—Eta baten bat ba al tzan harekin ondo konpontzen zana?

—Ez. Netzat, gaņea, gorroto ikaragarriya zian nei.

—...

—Laneako asko baliyo zuna zan e...

—Meza bukatzean garayan, eztakit kontuatu zeaten, beti liburua ixten du apaizak.

—Bai, muxu eman eta itxi iten du.

—Ba apaizak esan zun hura sorgiņa bazan, beak harrapatuko zula. Nola antzemango ziyon galdetu guk, eta eoteko lasai beak. Zer ote zan ta, harek esan zun bezela jun da gure atso sorgiņa mezeta, jaiero jute zan e!, eta ebanjeliyuan liburua irekita utzi zun bukaeran apaizak. Altxatzen omen zan sorgiņa, ta juteko abildadeik ez. Indarrik ez nunbait... Apaizak monagillua biali omen zun harengana, mesedez ateatzeko, eta harek erantzun ezetz, faborez esateko apaizai liburu hua ixteko. Hiru aldiz esan omen ziyon sorgiņai monagilluak ateatzeko, ta ezetz ta ezetz beak. Azkenen, apaiza atea zan aldarea, hartu omen zun liburua zabalik, sakristia eaman, han krixton oraziyo ta diziplinak in ta etxea danak!

—Jooodeer...

—Hoyek danak jakin ditut nik kanpotik e!

—Geo juten al zan mezeta berdin-berdin?

—Jendeak zeoze aitu eta esajeratu, aldatu eo, iteu. Baņa hua etzan ez txantxetakua e!

—Oain dala zenbat hil tzan?

—Eztakit baņa hor eukiko?et rekordatoyua. Gure aita hil zala 16 baldin badia, oain 25 urte eo, hor nunbait.

—Nungua zan berez?

—Batzuk esateue Ibarrakua zala, Tolosakua, baņa beste batzuk usteue Nafarroko herri txiki batekua zala. Nunbait, soltera zala izan omen zun alaba, iņude zan garayan. Geo hemengo Joxe alargun geatu zanen, tratante batek juntatu omen zitun biyak.

—Zer?

—Bakizu, garai hayetan handik honea, feritan ta ganaduakin ibiltzen zianak tratuan, haiek ite zuen holako honek ta holako beste harek elkar ezautzeko.

—Eta baten batek esaten al ziyon sorgiņa zala?

—Buenoooo, neronek e deitu niyon makiņa bat bier!

—Ta ze esate zun?

—Behin, kutxillua sartuko ziala. "Zu sorgiņa izango zea baņa nei eztiazu kutxilloik sartuko!", esan niyon.

—Ta?

—Muturra aurre-aurren jarrita jartze zan.

—Eta senarrakin ondo konpontze al zan?

—Ez, iņorekin ez hemen. Bueno, bazan bat, zeakua, nola da ba?...

—Berdin diyo, berdin diyo... Beste baten, ur bedeinkatuba bota ziyoen etxeko ezkatzian, eta gaixotu in omen zan gau hartan bertan...

—Jooder. Oseake sorgiņa zenduen zuek hemen... Eozeņek ezin esan hori... Gustoa eon naiz ipuiņak aitzen. Hoyek nunbaiteko liburun baten eo atera berko dia ba?

—Bai, Txabola izena atea zazu, ta gu sorgin bihurtu!