Astelehen bat
Iñaki Gurrutxaga
1
Pertsiana txirrikitu
txikienetatik, umil,
argi printzak sartzen dira
kuartoko paretetan hil.
Asteburu hau joan da,
algara eta katramil;
bai, denborak, pizti horrek
bere mendean narabil.
Kalerik ez dut ikusten
baina asmatzen du, abil:
frantziparrak ez zezakeen
gureraino kresala bil.
Hara zortzi kanpai kolpe
belarrietatik hurbil,
gaur tren hotsa entzuten da,
gaur hego haizea dabil.
2
Jeiki eta di-da irten,
hori da dagokiguna,
derrigorra baita lana,
inor ez da erruduna.
Portaletik atera ta
haize zakarra, zurruna,
bero-lamak izerdia
bilakatu dit lurruna.
Giro hontan oroitzen zait
gerra zibil hain urruna,
zergatik ez jakin arren,
hango buila ta urruma...
Atarian dago Pako
Barjakoba ezaguna,
nazionalak gorroto ta
patoak maite dituna.
3
Pasa beste espaloira,
atera esku gordeak;
Kepa non den agerian
uzten du mostradoreak.
Egunonak eman hari,
ta berak niri hobeak,
parre goxoz, hortik sobran
du bere obradoreak.
Sartu Eusko Gudarira,
jarri dituzte loreak,
agurtu nau Ramonita
emakume dotoreak,
han Anboto ttikia ta
Larraitzen ile moreak,
pixkanaka nahastuz doaz
oriotarren koloreak.
4
Xalbardingo Patxi ere
puntual, zortzi t?erditan,
Kultur etxe dena zainduz
Itzalako aulkitikan.
Galdetuko dit anaiaz,
galdetuko dit birritan,
horrelaxe egiten du,
beti ez, baina sarritan.
Bestaldetik da Martzelo,
haurrik ez du eskutikan,
plaialdera joango da,
ta buelta paseotikan;
goxokiak daramatza
papar azpiko patrikan,
nahiz ta duen goxoena
eraman bularpetikan.
5
Aurrera jo ta zabalik
daukate Loretxunea,
jubilatu, kartazale
ta abarren bilgunea;
Jexuxmari, trofeoak
ta museko arkumea...
Argazki zahar bat dirudi,
garai bateko filmea.
Asegarri zait barrua
ikusi dudan unea:
hor Manuel, hemen Limon,
Erriberatxo ernea,
txapelpean gordetzen da
Martin Aizperro xumea,
batek daki non daukaten
gizajo honen semea.
6
Argi gutxi Marijoren
txima eskaparateak...
gaurkoan den eguna da,
itxita daude ateak.
Xixarioneko kurba
hartzeko, a ze nekeak,
Udaleko brigadako
kamionetaren keak!
Hemen datoz brigadistak,
bukatu dira pakeak!
Ibai eta Mintxo parrez,
bi soldadu tunanteak,
gutxiago egingo du
Alberto komandanteak...
Batzutan poz ematen du
bertakoa izateak.
7
Aio esan ta plazara
komeni ez den abian
(espaloia estua da
Bordatxon ta Txurrerian).
Han Martxiel ta Julian
Itxaspe, eta erdian
zaindaritzat moilan dago
Rufino, bere haundian;
Benito ez da ageri,
baina arian-arian,
Iñaxio Herrero ta
Exkerrarekin, agian,
itzaletan egongo da
arrantzale kofradian;
itsasoa urrun dago
ta kaio zaharrak kabian.
8
Leoya ez dut ikusi
etxetik eta moilara.
Entzun dut, bai, baju xamar
pasa du azken bolada.
Obra batek estutzen du
Azurzaneko pasara,
geroz eta haruntzago
dago autobus parada.
Justu herri hontan sortu
nintzelako bizitzara,
justu hemen daukadanez
iluntzeroko izara
begiratu du zerura,
haur ttiki baten gisara.
Irripar bat atera zait:
berriz astelehen goiza da.
