Oroitzapenen kajoia
Xabier Sukia
1
Laurogeita bost bete berriak
ta gutxi gelditzen dira,
mende zaharrak agur egin du,
ta berria iritsi da,
betaurrekoen kristal gardenak
ximur gainean distira,
sasoiaren erretira
nekearen sokatira,
kajoi itxiak ireki ditut
jakin minaren harira,
oroitzapenak berritu nahian
argazki zaharrei begira.
2
Bostetan jaiki behiak biltzera
eguna argitu artean,
zazpietako Sabeko Joxe
izaten nuen atean;
maistrarengana asto gainean
ta ilusio betean,
eskolara jotakean,
oso garraio merkean,
gaur denak dabiltz ikastoletan
ta unibertsitatean,
nere karrera atera nuen
ikuilu txiki batean.
3
Hamabost urte bihotza gazte,
maitasunaren epela,
Benta gaineko erromeria
dantza berezia zela,
nere muxuak printze liraina
bihurtu zuen igela,
ganbara izan zen gela,
gure testigu fidela.
Malko hilezkor bat erori zait,
bizi nahi balu bezela,
berak gustuko zuen trajea
plantxatzen ari naizela.
4
Sanikolasen, don Migelekin,
ezkondu ginen bi ale,
baina denborak bihurtu zuen
beste zeozerren zale;
bere hutsuna ta bere falta,
bakardadezko seinale,
ez zebilen kalez kale,
baina etxean beti kale,
bizi premiak baserritarra
egin zuen arrantzale;
nere senarra izan zen baina
itsasoaren maitale.
5
Hoitamaseian gerra zibilak
Euskal Herriko semeen
fusilak deitu ta emazteak
ahaztu gintuen hemen;
tiro arteko frente aluan
zenbat hilotz, zenbat kemen,
begi nini lehertuen
malkoak ditut gertuen,
joan zen eta ez zen itzuli,
bila eduki ninduen,
agian bala galduren batek
aurkitu egingo zuen.
6
Kajoia itxi ta bi errezo
egin ditzadan elizan,
kale berriak, etxe altuak
garapenaren peskizan.
Karkara jaso eta irentsi
ez garai bateko gisan!
Franco gogor ibili zan,
erdarak desager gintzan,
gaur dena arrotz bilakatu zait
hutsune bat naiz bizitzan;
mundua ez da lehengoa eta
ezin naiz gaurkoa izan.
