Ametsen busa
Arantxa Txintxurreta
Leioara ikastera joan behar duten
Orio inguruko unibertsitario guztiei eskainia
Egin al duzue inoiz bi orduko bidaiarik autobusez? Eta ez al duzue inoiz bi ordu horietan ametsik egin? Bada, horixe da astero Lisboara doan 743 autobuseko bidaiariek egiten dutena.
Astelehena, goizeko seiak.
Hotz egiten du eta Martin Txikik manta ipini du belaunen gainean. Beno, Martin Txiki esan dut, baina hori ez du benetako izena. Bere herrian, herri txikian, horrelaxe ezagutzen dute bi urte zituela gari alez betetako mendixkan jauzi eta botetako gari aleak herri osoan zabaldu zituelako, kondairako Martin Txikik Basajaunaren gari sorotik irtetean egin zuen bezalaxe. Izan ere, Martin Txikiren ama okina da: gari aleak zehetu eta irin horrekin ogi goxoa egiten du. Martin Txikik lau urte zituenean, atzamarrak erabili gabe ogiak zenbatzen bazekiela ohartu zen ama, ea nahikoa diru bildu zuenean, Lisboako eskolara bidali zuen, semea azkarra zuelakoan. Lisboan gizon ilustratua izaten irakatsiko dizute esaten zion.
Buruak leiho hotza ukituta, kanpora begira jarri da. Eta benetako Martin Txiki dela amesten hasi. Eta bota handiak gari alez beteta hiru urrats erraldoi eman eta Txinan dagoela. Han garia zer den ez dakite, arroza bakarrik jaten dutelako, baina Martin Txikiren botetatik gari aleek ihes egin eta Txina osoan zabaldu dira. Arroz zuria alde batera eta gari ale hori mordoa landatzen hasi dira hangoak. Txinatarrak horregatik direla horiak ondorioztatu du Martin Txikik.
Hara! Burua Txinan zuela autobusa gelditu egin da. Iritsi da Lisboara, iritsi da hiriburura, iritsi da ilustratuko duen herrira. Eta bertan egingo du aste osoa, ostiralean etxera bueltatuko den arte.
Ostirala, arratsaldeko seiak.
Eskerrak ostirala berehala heldu den. Bost egun besterik ez dira igaro astelehenetik ostiralera.
Eta Martin Txikiri, gaurkoan, Bikariotxin eseri zaio alboan. Hura ere, eskolatik etxerako bidean da. Baina hori ere ez da bere benetako izena. Bikarioaren semea da Bikariotxin. Bai, herri txikiko apaizak ez dira Euskal Herrikoak bezalakoak eta ezkondu eta seme-alabak izaten dituzte. Baita izan ere! Hamaikatik gora gehienetan, Jainkoak jarraitzaile gehiago izan ditzan, seguruena. Jainkoarengandik hurbilago egoten irakatsiko dizute esaten zion bikarioak, Lisboako eskolara joan behar zuen bakoitzean. Eta gurutze handi bat bere alfonbra miresgarria dela amets egiten du Bikariotxinek; eta munduko bazterrak miatzen ditu bere gurutze hegalariaren gainean: Lisboatik atera, Eiffel dorreari bira eman, Txinan Martin Txiki agurtu, Mexikoko txapel zabalen gainetik igaro eta... herri txikira buelta. Autobusa gelditu den une berean, gainera.
Martin Txiki agurtu du eta aitarengana joan da, bere gurutze hegalariari esker Jainkoarengandik hurbilago sentitu dela adieraztera.
Astelehena, goizeko seiak
Martin Txikik, berriz ere belaunak estali ditu; gaurkoan ere hotz egiten du. Bere alboan, Bikariotxin, aitak emandako Biblia lurretik jasotzen. Erori egin zaio lehentxeago, eta konturatu gabe Puxkerren oinaren gainera jauzi da.
Asmatu duzue: Puxker ez da bere benetako izena. Aitarengandik datorkion ezizena da, puzker luuuuuze eta ugari botatzen zituelako. Ama jostuna du, jostun amorratua, guztia josi beharra duen horietakoa. Zulorik gabeko jantzi dotoredun jendearekin egoten irakatsiko dizute esaten zion amak astelehenero, Lisboarako autobusa hartu baino lehenago. Beno, esan bezala, Puxkerren aita puzkertia zen eta, diotenez, gau batean, lo zegoela, amak ipurtzuloa josi zion. Eta apurka-apurka puztuz joan zen gizona, puxika erraldoi baten itxura hartu zuen arte. Baina jostorratz batekin topo egin behin, eta, poliki-poliki, airea galduz joan zen, lurretik geroz eta gehiago aldentzen zen bitartean. Harrezkero, ez zuten Puxkerren aitaren berri inoiz izan herri txikian.
Min pixka bat egiten dio oinean Biblia potoloak, baina ez du txintik ere esan, bere burua, jada, itsasoan murgildurik duelako. Marinel izan nahi du Puxkerrek: pirata, hain zuzen ere. Jostorratzarekin trebea izaki, sare luzeak egingo lituzke eta sareekin beste itsasontziak harrapatuko. Puxikaz beteriko bapore frantses bat harrapatua zuen, hain zuzen ere, liburutzarra oin gainera erori zaionean. Oina lekuz aldatu eta beste itsasontzi baten bila joan da.
Lisboara heldu direnerako, beste lau ontzi harrapatu ditu munduan zehar.
Ostirala, arratsaldeko seiak
Martin Txiki ez da gaurkoan leiho ondoan eseri. Bikariotxin azkarragoa izan da eta lekua kendu dio. Aurrean Puxker du eta, Puxkerren alboan, leihotik begira, Apo.
Hegazti handi bat dela pentsatzea gustuko du Apok. Hegoak zabal-zabalik dituela, haizea muturrean sentitzea, eta han goitik, hodei artetik, mundu osoko herri ugariei arretaz so egitea. Noizean behin, Puxkerren itsasontziaren brankan pausatzen da, ola-tuen zipriztinek busti dezaten. Eta, bustita dagoela, eguzkirantz egiten du hegan, eguzki izpiek lumak lehor diezazkioten.
Prrrrrrrrrot, puzker txiki batek ihes egin dio Puxkerri. Baina txikia izan da eta ez du usainik; beraz, ez dio jaramonik egin Apok.
Dagoeneko igarriko zenioten: Apo ez da bere izena, apopiloren laburdura baizik. Jaiotzeke zegoela, aita hil egin zitzaion eta ama, tristuraz, gaixotu egin zen. Hura bakarrik ez zen semea hezteko gai, eta herri txikira eraman zuten, amona zaharrak zain zezan. Amonak apopilo hartu zuen orduan. Ama zutaz harro egon dadin, irakatsiko dizuten guztia arretaz ikasi esaten zion hark, Lisboara eramango zuen autobusean sartzear zegoela.
Afrikarako migrazioan harrapatu du Apo autobusaren geldiuneak. Iritsi dira herri txikira. Heldu dira etxera.
Apo hegaz joan da amonarengana. Ziztu bizian ipini ditu motoreak Puxker piratak, amaren besoetara lehenbailehen iristeko. Gurutze erraldoiak aitaren oinetan utzi du Bikariotxin, eta salto bakar batez iritsi da gure Martin Txiki amaren okindegira.
—Zer moduz Lisboan? —galdetu diete.
—Non? Lisboan?
