Erroen erraietatik
Garazi Urretabizkaia
1
Orri honetan idatzi behar
orain arte sentituak,
lau horma hotzen erdian nago,
ideiak ditut nahastuak;
orro egin nahi, baina mingaina
jan dit jadanik katuak.
Inoiz ezin kontatuak
momentuan pentsatuak,
janari gutxi, bisitarik ez,
ordu luze herdoilduak,
izutzen nau patuarekiko
dudan erronka galduak.
2
Hilabeteak badaramatzat
hementxe isolatuta,
arrazoi finko bat izan gabe,
giltzapean zigortuta,
justiziaren hiltze garratza
dut bihotzean sartuta,
ezin amai ezin buka
ordu isilen gomuta,
eskubideak, askatasuna,
guztia didate uka;
bakardadezko itsaso hontan
nabil iparra galduta.
3
Etsipenaren bide hertsian
pausuz pausu noalarik,
manifa hartako oihu garratzak
buruan dauzkat oraindik,
negarrak eta pelotazoak
entzun ditzaket gertutik,
jende artean galdurik
gustura nindoalarik,
"Euskal presoak Euskal Herrira"
ozen oihukatzen nun nik...
orain presotzat ni neu naukate
ta honek ez dauka bueltarik.
4
Izorratzeko tratatzen naute
animali zahar gisan,
halere, ez naiz egongo euren
agindu zaharren peskizan;
nire burua ikusi nahi dut
txori txikia bailitzan,
askatasunan gerizan,
nahi baina ezin ahal izan,
idazteari utziko diot,
puntu bat jarri bizitzan,
arnas aireak hitz gutxi hauek
airean hedatu ditzan.
