Karameluzko petrilak
Ane Etxabe
Hartu zuen eskura, disimuluz, etorri zitzaion billete hura. Eta, berriz ere, idatzi zuen bere hizkuntza arrotz hartan zerbait. Bere hizkuntza ez baitzen ezaguna, ez baitzen unibertsal edo interkontinentala. Nire aberrian trenak urdinagoak dira idatzi zuen. Barre egin zuen ondoren, disimulu handiz hau ere. Eta gizadiarentzat zerbait handia egin duenaren satisfazio efimeroz, dotore-dotore doblatuko zuen billete hura (20 franko, 10 libera edo auskalo zenbateko billetea, Burtsaren egoera ezegonkorra baita), ondoren poltsikoan sartzeko. Horrela egingo zuen egunero, egunean birritan, hirutan beharbada. Eta jarraituko zuen almendrak kontu handiz karamelutan bustitzen. Ez presaka, ez bizi. Patxada osoz baizik, almendrek ere beren mantu bero harekin disfrutatzeko zoriona izan zezaten. Denok behar dugu gure unea pentsatzen zuen. Almendrei errespetu handia baitzien. Lagun egiten zuen karamelutan bustitzen zuen almendra bakoitza. Batzuk, banaka. Beste batzuk binaka sartzen zituen. Noski, oso kontuz egin beharreko lana zen hura, ondo aukeratu beharra baitzegoen zein almendrek pasako zuten geratzen zitzaien eternitate apurra elkartuta maindire gozo hartan. Maitemindu itxura zutenak sartzen zituen, noski.
Horrela pasatzen zituen egunak, hilabeteak eta baita segundoak ere, ofizio itxuradun zeregin horretan. Geltoki handi, exageratu hartako txoko batean. Ez oso ezkutuan, ezta oso agerian ere. Leku estrategikoan. 45eko gerran ondo etorri izango zitzaiola pentsatzen zuen askotan. Baina han ez zegoen ziur. Izan ere, denek begiratzen zuten; baina ikusi, inork ez. Agian, beharbada, bizitza almendra artean pasatzen zuen inork ez zuelako atentzio gehiegi merezi. Horrela hausnartuko zuen egunean zehar almendrak erostera pasatzen zirenen portzentaje handi batek.
17:38etako trenean etortzen zen mutil hark, agian, egunen batean zerbait esango zion. Atsegina baitzirudien. Ikaslea zen, motxila bat zuen, behintzat. Egunero erosten zituen almendrak. Beno, astearte, ostegun eta jaiegunak kenduta, noski. Egun haietan ez zuen, zirudienez, almendra goserik izaten.
Baina han jarraituko zuen, almendrak bainatzen, eta, ondoren, taldetxotan biltzen, 20 edo 38ko taldetan. Ez museoetako bisita gidatuetan sartzen den jendearen gisan; askoz emotiboagoa zen prozesu hura. Izan ere, billeteetan nire aberrian trenak urdinagoak dira idazten zuen gizon hark, ez zuen, almendrak pilatzeaz gain, beste ezer egiten, horrela, inportantea. Eta horrexegatik jartzen zuen atentzio berezia bere lanean. Ez baitzuen beste ezer egiten inportantea.
Egun hartan, ordea, auskalo zenbatgarren aldiz bere lelo hura idaztean, egunero lez, geltokiko denda hartara joan zen. Berriz ere, egunero bezala, zerbait erosiko zuen, zerbait txikia, ia inbisiblea. Soilik dendako neska gazte hari (espresio politeko neska, bera) billetea emateko. Ez zion ezer esango. Nahiz eta askotan zer moduz eguna? edo antzeko esaldi soil baina egoki bat esateko gogoak izan. 20 urte inguru izango zituela pentsatu zuen agureak. Baina berdin dio. Ez zion ezer esan.
Billetea eman zion. Eta listo. Horrela, bere bizitzako zati nimiņo bat mundura jalgi izan balu bezala bueltatuko zen, eguneroko tankeran, bere postu hartara. Almendrak saltzen jarraituko zuen, noski. Eta erritualak amaigabea izaten jarraituko zuen.
Negozio hark bizitzeko lain ematen zion, antza. Aurpegi batzuk ezagun egiten zitzaizkion. Almendra jale finkoak zituen. 17:38etako mutil ikasleari almendra zorro txiki bat salduko zion (ia-ia egunero). Edota 12:40etako trenean iristen zen agure bikote hari hiru almendra zorro emango zizkion. Bat bilobarentzat omen zen. Edota emakume dotoreari. Irribarre konstante eta begi tristekoa. Bi saltzen zizkion. Baina egun batzuetan bakarrik. Bat bere bikotearentzat izango zela pentsatzen zuen almendra saltzaileak. Hain emakume ederrak ezin baitzuen inolaz bakarrik egon. Abesti askok argi uzten baitigute hau. Horrelako emakumeek beti izango dutela baten bat alboan, alegia.
*******
Gizon hark halako sentipen goxo bat eragiten zion. Ez zuen itxura sinpatikorik. Baina, hala ere, atsegin zuen. Egunero etortzen zen dendara. Eta zerbait oso espeziala erosten zuen. Batean, aurreko eguneko egunkaria; bestean, arrantzari buruzko aldizkari minoritario horietako bat. Baina bere aurpegi arkaiko hartako zimurrak forma berezia hartzen zuten ordaintzeko orduan. Beti emango zion billete bat. Eta bertan jarriko zuen zerbait, berarentzat ulertezina. Baina agurearentzat zerbait oso garrantzitsua izango zela pentsatzen zuen dendako neskak. Poema bat edo.
Beti zuen halako gogo berezi bat almendra saltzaileari bere esaldiari buruz galdetzeko. Baina ez zen ausartuko. Entzuna baitzuen gizon hark ez zuela lagunik, atzerritarra zela, eta ez zuela inorekin hitz egiten. Baita gerraren ondorioz zoratu zela ere. Egian esan, ez zirudien elkarrizketa bat izateko gogorik zuenik inoiz. Ezta neskak barre goxo bat eskaintzen zionean ere. Berriz ere, ez zion ezer esan.
Hala ere, bere egunik gustukoenak astelehen, asteazken eta ostiralak ziren. Egun horietan azaltzen zen gustuko zuen mutil hura, egunkaria erostera. Astearte eta ostegunetan, ordea, pasa bakarrik egiten zen kioskotik. Pertika jauzia egiten zuen. Eta entrenatzera etortzen zen egun haietan. Beno, edo hala uste zuen, behintzat, motxila bat zuen-eta. Ezin ziur jakin, ez baitzen inoiz atrebitu ezer galdetzera. Arratsaldeon, egunkaria mesedez. Eta orduan ezingo zuen neskak inondik gaitasunik atera, ezta arratsaldeon esateko ere. Eta ez arratsaldeon esateak gabon esateak baino esfortzu handiagoa eskatzen duelako. Baizik eta mutil hura aurrean zuenean ezingo zuelako Bi euro da esan baino askoz gehiago egin.
Eta urruntzen ikusiko zuen, bere amarekin elkartu ondoren. Eta hortxe bukatzen zen dena. Normalean, mutilak juxtu ematen baitzion. Eta tristea zen, eta egunero penatzen zen billeteak almendra saltzaileak ematen zizkiolako, ez pertika jauzilariak.
*****
Egunero joaten zen Bera ikustera. Egunero, asteburuak kenduta. Oraindik ez zion zentzu askorik bilatzen egiten ari zenari. Lanetik irtetean, motxila etxean uzteko astirik gabe, 17:38etako trena hartzen zuen. Bera ikusteko. Eta ez zuen lorik egingo, ze Berarekin pasatako arratsaldeak segituan pasatzen ziren. Hain segituan, non izugarria iruditzen zitzaion segundoek duten balio ezegonkorra. Eguneko lehen zortzi orduak amaigabeak egiten zitzaizkion obra haietan. Eta seietatik aurrerako arratsalde apur hori, motzegia.
Ez zitzaizkion almendrak gustatzen. Egia esateko, ezin zituen ikusi ere egin. Baina, hala ere, zenbait egunetan, erosi egiten zituen. Zorro bakarra erosten zuen, Berarentzat. Izugarri gustatzen baitzitzaizkion. Baina hori astearte eta ostegunetan; orduan Berari egunkaria erostea tokatzen baitzitzaion. Ez zion, hala ere, inoiz hau esanen. Izan ere, begi triste haietan halako poz berezi bat nabaritzen zitzaion almendrak ematean. Jan ere egiten zituen. Eta erabaki zuen karameluaren gozo gozoegi hura ere ez zela bere irribarre konstantea bezain karamelizatua.
Horrela hasten zen arratsalde bakoitza. Karameludun almendrak eta egunkariarekin. Geltokiko kafetegi txiki hartan esertzen ziren, eta hitz egin egiten zuten. Orduetan. Arratsaldea bukatu artean. Ordurako almendren gizonaren postua, kafetegia bera eta kioskoa itxita zeuden. Azkeneko trena har zezan, eta hantxe itzultzen zen, motxila bizkarrean, halako irribarre mingots batekin. Orduan bakarrik besarkatuko ziren, ez beste inoiz. Ezin denean ezin delako.
Horrelakoak ziren egun guztiak. Eta, etxera itzultzean, penatu egingo zen. Penatu egingo zen ez zuelako gaua Berarekin pasako, eta berriz gogoratuko zen jakin bazekiela gauzak ez zirela ondo aterako. Ezin denean ezin delako. Beno. Behintzat besarkatu zuen. Eta inon ez dago idatzita pertsona bakoitzari ze zoriontasun kantitate tokatzen zaion. Ez dago idatzita honi egunean sei ordu eta beste hari astean bost minutu. Beraz, ondorioztatu zuen bere astegun bakoitzeko bi orduko alaitasun horrek, dentsitate handia zuenez, beste batzuen egun osoko zoriontasun arin horrek bezainbeste balioko zuela.
Eta pozik lokartuko zen.
*******
Berriz ere ezingo zen lokartu. Pentsatuko zuen almendretaz, kafetegian igarotako arratsalde haietaz. Egunero errepikatuko zen egoera. Eta errutina klandestino bailitzan, egunero, Bera ez zenarekin oheratzean, Bera izango zuen buruan. Baina ez ondoan, eta hori izango zen, gehienbat, arazoaren muina. Izan ere, ez zion esan zein zen bere ofizioa. Soilik esan zion okina zela. Nahiko lan imaginario desegokia aukeratu zuen, behin baino gehiagotan pentsatu izan zuen bezala. Esan baitzezakeen supermerkatu bateko kutxan aritzen zela, edo arropa denda txiki batean lan egiten zuela. Baina otu zitzaion lehenengoa okindegiarena izan zen, pertsonalitate handidun lana berau. Baina, total, behin gezurra esaten hasita, ez du gehiegi axola %75eko gezurra esan edo %22koa. Inori ez baitzaio datu hori gehiegi inporta. Horregatik, %100eko gezurra bota zion, borobila, oso osoa.
Mutil hark halako galdutako gaztetasun bat ematen zion. Bere bizitzatik oso azaletik pasatako gaztetasuna. Gainetik. Horregatik zituen begi tristeak. Etxera bueltatzean konturatuko zelako normalegia zela bere begietako tristetasuna. Afaria prestatu ondoren, okerreko pertsonaren ohea berotzen zebilelako. Intentziorik gabe. Duela hogei bat urtetik edo. Eta ez zuen zifra honetan gehiegi sakondu nahi. Orduan konturatzen baitzen bere adinaz, eta honekin batera Bereaz.
Erokeria bat zen hura. Baina inoiz egin zuen erokeria zentzudunena. Jakin bazekien kioskoko neska polit harekin ibiltzea hobeto zegokiola Berari. Baina ezer ez da perfektua. Horregatik, ez zion esango neska hura atzetik zuela, nabaritzen zitzaiola. Agian Berak ere istorio perfektuagoak nahiago izango zituelako.
*****
—Atzo joan nintzen zure okindegira.
—A!
—Esan zidaten aspaldi honetan ez zarela azaldu.
—Badakizu, gripea.
—Noski, gripea.
*****
Pertika jauzilariak inoiz baino tristeago zirudien azken aste hartan. Egunkaria erostean, ez zirudien irakurtzeko intentziorik izango zuenik. Zergatik galdetu nahiko zion, noski. Baina ez zion galdetuko.
Billetea eman zion egun hartan. Ez zuen inolaz espero, eta hainbestekoa izan zen harridura, non ezin izan zuen ondo kalkulatu zenbat bueltatu behar zion. Orduan, izoztuta bezala gelditu zen. Hantxe, kioskoaren barruan, inoiz baino patetikoago. Eskema bat jarraituz gero, argi eta garbi edukiko genuke neskaren txanda zela elkarrizketa hartan. Baina mutilak, erabat anarkikoki, esan zion A!, eta arrantzari buruzko beste aldizkari hori. Neskak, orduan, eman egin zion, ziurtasun osoz. Eta pertika jauzilaria joan egin zen. Ondo kalkulatu zuen. Horrela ez zion bueltak emateko trago garratzik pasaraziko kioskoko neskari.
*****
Asteazken hura, ordea, ez zen beste guztiak bezala hasi. Hori pentsatu zuen almendra saltzaileak. Astearte hau ez da parte onekoa, pentsatu zuen, zehazki. Apirila izateko eguraldi gozoegia egiten zuela pentsatu zuen ondoren. Eta konturatu zen karamelua ere ohi baino gozoagoa atera zitzaiola.
Kioskora joan zen goizeko almendra erosleek emandako billetearekin zerbait erostera. Oso alai, noski. Eta ohartu zen kioskoko neska ohi baino politago zegoela. Ez zen, ordea, eguraldiaren efektua, askotan gertatzen den bezala. Izan ere, eguraldi epela zen. Ez bero, ez hotz. Epela, alegia. Batzuk oraindik neguko jertsearekin ibili zebiltzan. Beste batzuk, ordea, jantzi arinagoak jarrita uda lehenago iritsiko zelakoan egongo ziren. Eta jendeak alaiago zirudien. Baina kontua da kioskoko neska politago zegoela, besterik gabe.
—Hor goiko puru hori, mesedez.
—Hauxe.
*****
Almendra saltzailea ohi baino atseginago zegoen. Edo ez zuen hain itxura beldurgarririk. Auskalo. Kontua da berriz ere billetea eman ziola. Eta berriz ere inskripzio arraro hura zuen. Oraindik ez zuen deszifratzerik lortu, ordea.
—Poema batek merezi al du ematen dizkidazun billete guztietan azaltzerik? —galdetu zion.
Biak gelditu ziren harriturik. Ez zen normalena elkarrizketa batean galdera egiten duena galderaz harritzea. Horregatik aparteko egoera zen hura. Aparteko egoera, aparteko egun batean. Almendra saltzaileak, bere ero baten printzipio guztiak lurretik bota zituen, erantzun koherente bat eman baitzuen.
—Ez da poema bat. Narrazio motz bat besterik ez da.
"Besterik ez" esan zuen, literatura hierarkikoki antolatuta balego bezala, poemak gotzain eta narrazio motzak fraide balira bezala.
—Zeri buruzkoa da? —galdetu zion kioskoko neskak, jada lotsa zantzu guztiak galduta.
—Nire herrian bazen tren bat, benetan urdina, eta behin petril bat apurtu eta mendian behera amildu zen.
—Ba niri poema bat iruditzen zait.
—Baita niri ere.
Eta horrela amaitu zuten, zein baino zein gusturago. Neskak pentsatu zuen galdetzea ez zela hain zaila izan. Almendra saltzaileak berriz, erantzutea konplikatu xamarra izan zela. Izan ere ez zekien nola azaldu neska hari zer zen petril bat. Baina, zirudienez, ulertu zuen, beraz, arazo bat gutxiago. Eta bakoitzak bere lanean jarraitu zuen, petrila hautsi zuen tren ezin urdinagoan pentsatzen.
*****
Arrazoi osoa izan zuen almendra saltzaileak asteazken hari parte onekoa ez zela iritzi zionean. Gauzak linealki, ordenuan gertatu ordez, atzekoz aurrera eta aurrekoz atzera gertatzen hasi ziren.
17:38etako trenean etortzen zen ikasle motxiladuna ez zen, bere ezaugarri bat izan arren, 17:38etako trenean etorri. Eguerdiko hamabietarako han zen, geltoki exageratu hartan. Ez egunkaririk, ez almendrarik erosteko astirik gabe, begi triste eta irribarre konstantedun emakumearengana hurbildu zen. Emakumeak ohi baino begi tristeagoak izango zituen.
*****
Okindegian lanean ez zebilela konturatzean, barrua hustu zitzaion. Eta pentsatu zuen horretan gezurra esan bazion, beste ia denak ere egia erdia izateko eskubide osoa izango zuela. Horregatik, asteazken hartan goizean zitatu zuenean, egia esatera ausartuko zela uste zuen.
Baina ez zen guztiz horrela izan. Besarkatu egin zuen, lehenik. Eta, bigarrenik, esan zion ezkonduta zegoela. Eta, hirugarren, esan zion ez zela okina, eta lotsa handia eman zion hau aitortzean, baizik eta besaulkiak tapizatzen zituela. Hori zela bere lana. Barkatzeko.
Orduan mutila harrituta geratu zen. Ez zekien non zegoen primizia. Noski, ez zuen usaindu ere egin besaulkiak tapizatzearena. Bestea berriz bazekien. Baina ez zion garrantzi gehiegirik merezi.
—Eta?
—Eta zer?
—Ez al didazu ezer esan behar.
—Ez nuen usaindu ere egin besaulkiak tapizatzearena.
Mutilak ez zuen ulertu hura agur bat zela.
*****
Hura ez zen parte oneko ostirala. Egia esan, kioskoko neskarentzat aste berezia izaten ari zen. Ez ezer espeziala gertatu zitzaiolako, baizik eta beroa egiten zuelako.
Herenegun ikusi zuen azkenekoz pertika jauzilaria. Amarekin besarkatzen ikusi zuen; beraz, bazihoala suposatu zuen. Eta benetan triste jarri zen. Pentsatu zuelako amarekin normalean hotz agertzen den pertsona batek, egun batean besarkada bat emateak Thailandiara edo Madagaskarrera doala adierazten duela. Baina ez zen horrela izan, eta horregatik harritu zen hainbeste ostiral espezial hartan bera ikustean.
—Egunkaria, mesedez.
Baina berak ezingo zuen nabaritu neskaren zoriontasunaren zantzu txiki bat ere, ez zuen nabarituko prest zegoela billete bat ematen zionerako.
—Bi euro, faborez.
Eta pertika jauzilariak billete bat eman zion; neskaren erreflexuak frogatzeko, agian. Hura, ordea, azkar ibili zen, eta lasaitasun osoz eman zizkion bueltak. Eskerrik asko. Zuri. Baina neskak pentsatu zuen ostiral hura espeziala zela, eta pentsatu zuen petriletik erortzea askotan hobe zela trenaren urdintasunean galtzea baino.
—Atzo ez zinen azaldu.
Pertika jauzilaria ordurako buelta emanda zegoen, eta neskaren ahotsak ohartuta, jiratu egin zen, lasai.
—Ez nuen ezer berezirik egiteko.
—Eta gaur?
—Ezta ere. Baina etorri egin naiz.
Hori esanda, pertika jauzilariak irribarre bat eskaini zion, eta kioskoaren aurreko bankuan jarri zen, patxadaz, egunkaria irakurtzen. Bazekien neska begira ari zitzaiola. Istorio perfektuagoak nahiago zituela ohartu zen.
*****
Almendra saltzaileak pentsatu zuen ostiral hura ere oso berezia zela, asteazkena bezain berezia.
Eta konturatu zen ikasle motxiladunari ostiral hartan almendra gosea erabat joan zitzaiola.
