Oriora.com

Nire berri

Iņigo Gaiton

—Ez da behin ere pentsatu ez dudalako, lagun,
baina ez dakit zein egunak dituzun nahiago
udan famatu sentiarazten zaituztenak, edo
neguan ipar haizeaz orrazturik erdi lotan pasatzen dituzunak.
Udakoak alaiagoak izango dira, bai,
Baina neguko bakardadeak ematen dizun lasaitasunarekin ere,
ederki gozatzen duzula ezin didazu ukatu.
—Egia esan, nik ere ezingo dizut zalantza hori argitu,
uda edo negua izatea ez zait eta axola. Biak ditut gustuko.
Urtaroak ez dira ni pozik edo triste egotearen epaile,
aurrera doazen urteak baizik.
—Ah, bai, e?
—Bai bai, ez izan zalantza izpirik ere.
Begira lagun, zuk ez nauzu guztiz edo ia biluzik ezagutu.
Urte haiek bai on, eder, alai, gozo eta atseginak.
—Arrazoi duzu nik ez zaitut erabat biluzik ezagutu.
Gogoratzen dudan bakarra da umea nintzela hasi zirela,
orain duzun ezker beso luze hori eraikitzen.Baina,
herriko batzuek uste dute oraintxe zaudela bizi bizirik.
Zure urte onenak orain datozela, arrakastaz josiak.
—Badakit bai, baina oker daude.
Nire urterik onenak amaitu ziren.
Ederki gogoratzen naiz, harrizko ezker besoa
egin baino lehen,
ortzi-mugarantz nituen bistez. Besoa egitean,
ortzi-mugarekin harremana dezente hozteaz gain,
itsasoarekin bultzaka ? jolastuz pasatzen nituen orduak ere
majo gutxitu ziren, bai.
—Hori lagun batek kontatu zidan,
itsasoarekin jolas ikusgarriak egiten zenituela.
Biok bultzaka jarduten zinetela nor baino nor,
gehienetan berak irabazi arren.
—Horixe baietz!Irabaziko ez zidan ba, ...jolasean hasi aurretik,
banekien galduko nuela, eta
ziurrenik itsasoa baino ahulagoa nintzela ikusita
egingo zidaten harrizko besoa.
Orain borrokak berdinduagoak dira.
Batzuetan irabazten dut, baina egia esan faltan sumatzen ditut garai haietakoak.
Itsasoak serioegi hartzen zituen batzuetan jolasak,
eta aldika pasa egiten zen,
baino hurrengo egunean konturatu eta lasai-lasai agertzen zitzaidan.
Nik barkatzen nion, lagunik onena orduan bera baitzen.
Zuen artean ere asko izango dira itsasoa lagun ontzat dutenak.
—Bai, arrazoi duzu. Ezagutzen dut honelako jendea,
eta oraintxe arrantzale zaharrak datozkit burura.
Egunero joaten zaizkizu bisita egitera, beraien bizitza osoa
itsasoan pasa ostean.
—Igartzen ditut bai, nola etortzen diren
eta asko estimatzen ditut.
Herrian gertatzen diren gora beherak
beraiei esker jakiten ditut. Hala ere,
ez dira arrantzale zaharrak bakarrik urte osoan zehar bisitatzen nautenak.
Bikote askok arratsaldero egiten didate bisita,
lasaitasun bila bakarrik datozenak ere badira,
ohol batez itsasoaren kizkurdurekin jolasten duten neska-mutil batzuk ere bai,
korrika ibiltzen direnak, ...
ezin naiz kexatu, ez, neguko bakardadea beraiei esker arinagoa baita.
—Pentsatzen dut bai. Gainera negu honetan,
inoiz baino jende gehiago dabil zure inguruan.
—Zoritxarrez bai. Harrizko besoa egin zidaten moduan,
harrizko lepoa egiten ari zaizkit. Ondorioz,
lehengoan kontatu zenidan bezala ezin izan dut Ernio,
maindire zuriz jantzia ikusi, eta orain ezin dizkiot egunero
herriari egun onak eman eta zoritxarrez hemendik aurrera ere ez.
Hiltzen ari naiz lagun. Geroz eta gogorragoak dira egunak.
Apainago nago, itxuraz eder baina barrutik triste.
Kanpotik inoiz baino ederrago,
barrutik inoiz baino tristeago.
Nire itxurak ez du sentitzen dudana islatzen.
Askatasuna falta zait hainbeste harri eta zementu artean.
Orain, harrizko mugaz josita eta garai haiek oroituz
lasai bizi nahi dudanean, hasi dira ni apaintzen.
Ezin dut jasan ortzi- mugarekin dudan hoztasuna,
itsasoarekin ere ia ez dut jolasten,
Erniorekin behar bezala agurtzeko ez nuen astirik izan, ...
gehiegizkoa da. Ezin dut gehiago...
—Lasai. Igartzen nuen bai, aspaldian triste zeundela,
baina orain konturatu naiz bai, zein triste zauden.
Ez dakit, laguntzeko aukeraren bat izango banu,
esan lasai.
—Bai, begira, nire urterik onenak datozela uste dutenei,
nire partez zoazela esan,
eta konta iezaiezu aitortu dizudan dena,
konta iezaiezu sentitzen dudana,
kontatu...nire berri.
—Bai, hori izango da onena.
Banoa eta saiatuko naiz,
baina zu lasai eta ez etsi.
—Bale ba. Ondo segi eta zaindu zaitez.
—Gero arte.
—Agur, agur