Anarritik
Arantxa Txintxurreta
Mendizorrotzeko magalean dago Anarri. Kukuarriri ihes egindako arroka da, arrokarik ausartena. Itsasoari desafio egiten dio, olatuei tinko aurre eginez. Orioko hondartzatik eskuinetara hartuz ikus dezakezue, Itxaspeko bidetik behera. Uhartetxo bat ematen du, eta badu ipurdi estu bat pausatzeko moduko eserleku natural bat. Itsasoaren atari aparta da, behatoki aproposa. Istorioak idazteko leku paregabea.
Bi itsaso urdin
Bi itsaso urdin zituen begi gisa: handiak eta urdinak. Sudur fin eta zorrotza. Aho txiki eta zuhurra: hitzek ez zioten erraz alde egiten. Belarri borobil eta zabalak, bi perlatxok apainduta. Azal beltzaran gogorra, haizeak zizelkaturikoa. Eta ilea? Ilea marroia zuen, lurraren kolorekoa, luzea eta nahasia.
Sariako Olan hazitakoa zen, alpargata artean. Bai aitak eta bai amak alpargatategi zaharrean egiten zuten lan. Saikolan bertan zegoen eskolan hartzen zituen klaseak, beste umeekin batera. Itzaotik harantzago zer zegoen ez zekien. Usurbildik zetorren ura nora zihoan ez zekien. Gaztelutik beste aldera zer zegoen ezin asma zezakeen.
Eta ikusi zuen lehen aldia ahaztu ezina izan zen harentzat.
Mendia lantegiaren gainera erori zenean gertatu zen. Ehunka alpargata eta hamaika sendiren bizimodua geratu zen lurraren azpian. Batzuk Usurbilera joan ziren bizitzera. Gutxi batzuk, Zarautzera. Asko, Oriora. Eta ama? Ama, Parisera! Alargun ordurako, alaba ahizparekin utzi eta Parisera alde egin zuen bizimodu berria hastera, zerbitzari.
Ahizparen etxean zela, Orion, ezagutu zuen.
Eta ikusi zuen lehen aldia ahaztu ezina izan zen harentzat.
Arnasarik gabe geratu zen denbora puska batez, eta hasperen sakon eta luze bat egin zuen ondoren. Ez zuen inoiz horrelako gauzarik ikusi. Ikasi bai, ikasia zuen zer zen, baina ikusitakoak ikasitakoarekin zer ikusirik ez zuela konturatu zen berehala. Izan ere, gauza bera al dira negarra zer den hitzez azaltzea, eta malkoek masailak ferekatzea? Irri egitea ahoa luzatzea dela esatea eta, bihotzak nahi gabe, ahoa luzatzen sentitzea, gauza bera al dira? Bada, kasu honetan horixe zen: ez zen gauza bera liburuei ikasitakoa eta begi bistan ikusitakoa.
Itsasoak txundituta utzi zuen. Errekek itsasoraino heltzeko duten presa ulertu zuen orduan. Ur tantek hodeietatik ihes egitea ulertu zuen orduan. Eguzkiak ezkutaleku gisa erabiltzea ulertu zuen orduan. Arrainek airerik arnastu nahi ez izatea ulertu zuen orduan.
Itsasoa begietan itsatsi zitzaion egun hartan.
Bapore berdea
Izeba jostuna zen. Singer zaharrari eraginez, bakardadearen zuloa ixten saiatzen zen. Bapore berdea portuan zenean, aldiz, Singerra alde batera utzi eta sarea konpontzera jaisten zen Goiko kaletik.
Bapore berdeko patroia osaba zen; izebaren neba. Txikia eta sendoa zen gizona. Azal zimurrekoa: 36 urtetako bizipenek uzten dituzten markak zituen azalean. Begiak eroriak, bekain beltz eta potoloek babestuta.
Bakarrik bizi ziren Goiko kaleko pisu batean, eta iloba gogotsu hartu zuten etxean.
Bapore berdeak arrainak, dirua eta istorioak ekartzen zituen.
Istorioak lagun handiari
Gazte hasi zen neskatxa sareak konpontzen. Eta horretan ari zela, hamaika istorio entzuten zituen. Makina bat istorio harrigarri. Itsasoari loturiko istorioak. Eta Anarrin eserita, itsasoari aurrez aurre arretaz begiratuz, istorio guztiak errepikatzen zizkion, lagunik onena balitz bezala.
Harri horretatik bertatik ikusten zizkion beltzaranak lagunari umore aldaketak: beltza eta harro jartzen zen haizeak zirikatzen zuenean, eta urdin eta bare eguzkiak laztantzen zuenean. Harri horretatik bertatik jolasteko gogoak: orain hemen, orain han, orain olatu handiak, orain txikiak. Harri horretatik bertatik arnasten zion kresala eta harri horretatik bertatik lapurtzen zizkion ametsak, ile luze gazitua dastatzen zuen bitartean. Ipurdi estua pausatzeko moduko eserlekutik bertatik.
Orduak egiten zituen han eserita. Hasieran, astean behin joaten zen. Gero, egunero joaten hasi zen. Ondoren, egunean hiru aldiz, eta, azkenean, han egiten zituen eguneko ordurik gehienak.
Odola beharrean gatzura zerion zainetatik neska beltzaranari. Eta herrian gaixo zegoela zabaldu zen. Kresalak erotu egin zuela. Itsasoak arrazoia lapurtu ziola.
Ez zen berriz ere haren berri izan; handik gutxira desagertu egin zen. Eta istorio berri bat agertu zen, bi itsaso urdin zituen neskatxarena.
Eta hala bazan ala ez bazan, galde beza herriko plazan; bestela, sare-jostunei galde. Baina neguko egun gris batean, hondartza aldera pasean joaten bazara, eskuinetara begiratu, Anarri dagoen ingurura. Agian, norbait aurkituko duzu, bertan eserita.
