Euskara ikasteko diru laguntzak
Udalak laguntzak ematen dizkie herritik kanpo euskara ikasten dutenei.
Laguntza horiek irizpide hauen arabera ematen ditu Udalak:
Ohiko ikastaroak
- Laguntza jasotzeko honako baldintzak bete behar ditu ikasleak: Orion erroldatuta egotea, klaseen % 80ra joan dela frogatzea eta matrikula ordaindu duela frogatzea.
- Ikastaroa egiten zuen bitartean langabezian egon den ikasleari edo gizarte ongizateko txostena duenari, matrikularen % 100 itzuliko zaio.
- Beste guztiek % 75 jasoko dute.
Ikastaro trinkoetako eta barnetegiko ikasleak
Ikastaro trinkoetan eta barnetegian ikasten dutenentzat, berriz, hauek dira aplikatzen diren irizpideak:
- Laguntza jasotzeko honako baldintzak bete behar ditu ikasleak: Orion erroldatuta egotea, klaseen %80ra joan dela frogatzea eta matrikula ordaindu duela frogatzea.
- Udalak ez ditu diruz lagunduko ostatuari eta mantenuari dagozkion gastuak, baizik eta, bakar-bakarrik, eskola orduei dagozkienak.
- Eskola orduei dagozkien gastuen % 75 itzuliko zaie ikastaroa egiten ari ziren bitartean langabezian zeuden ikasleei edota gizarte ongizateko txostena dutenei (gehienez, 600 euro).
- Eskola orduei dagozkien gastuen % 50 itzuliko zaie beste guztiei (gehienez, 450 euro).
- Ikastaro trinko izaera izango dute egunean 3 ordutik gorako ikastaroek (3 ordukoek barne).
Autoikaskuntza
- Laguntza jasotzeko honako baldintzak bete behar ditu ikasleak: Orion erroldatuta egotea, klaseen %80ra joan dela frogatzea eta matrikula ordaindu duela frogatzea.
- Gastuen % 100 itzuliko zaie ikastaroa egiten ari ziren bitartean langabezian zeuden ikasleei edota gizarte ongizateko txostena dutenei (gehienez, 600 euro).
- Gastuen % 75 itzuliko zaie beste guztiei (gehienez, 450 euro).
Oharra
Ikaslea langabea edo Gizarte Zerbitzuen erabiltzailea izanez gero, baldintza berezi horiei dagokien ehunekoa aplikatuko zaio egoera horretan egindako denbora tarteari. Bi egoera horiek behar bezala egiaztatuko dira, langabezia-txartelarekin eta Gizarte Zerbitzuen ziurtagiri edo txostenarekin.
Eskaera nola egin
Behin ikastaroa bukatutakoan egin behar da eskaria Udaleko Euskara Zerbitzuan.
Aurkeztu behar diren agiriak hauek dira:
- Euskaltegiak egindako ziurtagiria. Ziurtagiriak jaso beharko du: ikaslea zein mailatan ikasi duen, zenbat ordutako ikastaroa izan den, zein prezio izan duen, ikaslearen asistentzia zenbatekoa izan den...
- Ordainketa eginda dagoela justifikatzen duen kutxako edo bankuko agiria.
- Nortasun agiriaren kopia.
- Egoera bereziak egiaztatzeko agiriak: langabezia txartela edo gizarte zerbitzuen txostena.
- Instantzia, behar bezala beteta, eredu honen arabera.
